Fermin Aio eta Garazi Velasco. Zinemagileak

«Lortu dugu Keparen ibilbidea ondo kontatzea»

Kepa Junkeraren iragana, oraina eta etorkizuna jorratu dituzte Aiok eta Velascok estreinatu berri duten dokumentalean. Trikitilariaren inguruko jendearekin osatu dute filma: familiakoekin eta musikariekin.

GORKA RUBIO / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
Donostia
2022ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Kepa Junkera euskal musikari, konpositore eta ekoizlearen ibilbide artistikoa errepasatu eta haren errehabilitazio prozesua jasotzen duen dokumental bat ondu dute Fermin Aio zuzendariak eta Garazi Velasco zuzendariordeak: Kepa Junkera Berpiztu. «Gustura» daude emaitzarekin. Zinemaldian estreinatu dute, baina, horrez gain, emanaldi berezia prestatu dute urriaren 20rako, Bilboko BBK aretoan. «Seguruenik» han izango da Junkera bera ere.

Kepa Junkeraren inguruko dokumentala estreinatu berri duzue. Nola zaudete?

GARAZI VELASCO: Ba... oso urduri oraindik; baina, bestalde, nahiko lasai, familiak ikusi duelako eta gustatu zaielako, eta hori oso garrantzitsua zelako guretzat.

FERMIN AIO: Bai, pozik. Lortu dugu Keparen ibilbidea ondo kontatzea, eta hori ondo nahastuta dago haren oraingo egoerarekin. Dokumentalak hitz egiten du iraganari buruz, orainari buruz, eta baita etorkizunari buruz ere. Oreka hori lortu dugu, eta ikusteko oso dibertigarria da, baita hunkigarria ere; jendeak barre egiten du, negar egiten du... Haren musika asko entzuten da. Aurrekoan egon ginen kontuak ateratzen, eta 120 abesti-edo daude dokumentalean. Gainera, musika perfektua aurkitu dugu momentu bakoitzean.

VELASCO: Keparen musika aproposa da soinu banda bat egiteko, eta Ferminek soinu banda izugarria eraiki du. Abesti asko daude, baina ez du nekatzen. Bidaia bat da.

Nolakoa izan da sortze prozesua?

AIO: Dokumentaletan beti gertatzen da gauza bera. Jakiten duzu nola hasiko zaren, baina ez nola bukatuko duzun. Ez dakizu jendeak zer kontatuko dizun, norekin hitz egingo duzun... Bestalde, Keparen artxiboa dago: oso handia da. Zer zeukan jakiteko, lankide bat bi hilabete egon zen artxiboa katalogatzen. Milaka argazki, bideo... Keparen bizitza osoa zegoen hor. Halako ardura bat sentitu genuen. Ondo islatu behar genuen zenbat gauza egin dituen, baina, aldi berean, hori ez genuen kontatu behar kronologikoki edo ordenatuta. Horrek ez du laguntzen istorio bat kontatzen. Askoz hobea da emozioetatik jotzea. Oreka hori lortu dugula ikustea gozamena da.

Haren bizitza artistikoa eta errekuperazioa jaso dituzue, iragana eta oraina uztartuz.

AIO: Garbi genuen iktusarena atera egin behar zela, baina ez genekien ondo nola. Garrantzitsua da dokumentalarentzat, baita familiarentzat ere, eta jendeak ikustea horrelako egoera bat normalki tratatu daitekeela. Gauza kurioso bat gertatu zaigu: jende askorekin egon gara elkarrizketak egitean, eta batzuk ez dira Keparekin egon iktusa izan zuenetik. Kontaktua eskatu digute. Askok ez dakite nola hurbildu horrelako egoera batean dagoen familia edo pertsona batengana. Dokumentalean ikusten da oso ondo hori nola egin daitekeen, ze erraza den, eta Kepak ze ondo pasatzen duen jendearekin berriro egoten denean.

VELASCO: Garrantzitsua da Keparentzat bizipenak partekatu dituen jendearekin berriro batzea, aurrera egiteko. Eta hori bizi izan dugu dokumentalari esker. Oso polita izan da.

Junkeraren ondarea bildu duzue dokumentalean. Proiektua haren ibilbide musikalari egindako omenaldi gisa hartu daiteke?

VELASCO: Uste dut hori ere badela.

AIO: Dokumentala ikustean, beste perspektiba bat ematen dizu. Ordu bat eta berrogei minutuan, 35 urteko ibilbide bat ikusten duzu, eta agian ezagutzen ez duzun Kepa bat deskrubitzen duzu.

VELASCO: Nire belaunaldiko jendeak beti ezagutu du Kepa Junkera, beti egon da hor, diskoak ateratzen, 30 urte baino gehiago, kolaborazioak egiten... Baina nik ez nekizkien dokumentalean agertzen diren hainbat gauza. Alde horretatik ere, disfrutatzen duzu. Marijaiaren kantarena, adibidez.

Nola erabaki zenuten proiektua martxan jartzea?

AIO: Gauza kurioso bat gertatu zitzaidan. Kepak iktusa eduki baino bi aste lehenago, proiektu batean sartu ginen biok. Bueno, bilera bakarra egin genuen. Ez nuen aurrez aurre ezagutzen. Baina iktusa izan ondoren, proiektua bertan behera geratu zen. Batzarra ekaitz baten modukoa izan zen, ideia jasa izugarria. Pena hori geratu zitzaidan barruan. Mirenek [Goikuria, Junkeraren emazte ohia] deitu zidanean dokumentala egiteko prest ote nengoen galdetzeko, baietz esan nuen.

Gainera, hiru urte pasatu ziren Kepak iktusa eduki zuenetik, eta ez genekien ezer hari buruz. Hori ez zegoen ondo, horrelako artista bat horrela bat-batean desagertzea... Jakin behar genuen zer gertatu zitzaion, nola dagoen... Aukera perfektua zen.

Zer nabarmenduko zenukete dokumentaletik?

VELASCO: Niretzat badaude pare bat kontu. Batetik, musika tradizionala zaintzearen garrantzia. Hasieran, puristak beti kontra daude, baina hasieran musika guztiak izan dira modernoak, eta gero tradizionalak. Eta, bestetik, zein ederra den herrialde desberdinen eta, beraz, musika ezberdinen arteko zubiak eraikitzea. Uste dut oso gauza unibertsalak, maitagarriak eta garrantzitsuak direla. Edonork konektatu dezake horrekin. Eta, noski, iktusarena ere bai.

AIO: Bai, hori ondo islatzen da. Ikusten duzu zelako lana egin duen Kepak.

Dokumentala osatzeko, liburu bat era badago bidean, ezta?

AIO: Bai. Joseba Martin kazetaria ari da idazten; asko ezagutzen du Kepa, aproposena da. Lortu du jende pila batekin hitz egitea bizipen pertsonalak kontatzeko. Eta 30 pasa artistak parte hartu dute koadroekin, irudiekin, argazkiekin... arte grafikoekin. Kepari hori ere asko gustatzen zaio. Durangoko Azokan aterako da. Liburu polita izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.