Donibane Garazin jokatu zen atzo Bertsolari Txapelketa Nagusiko bigarren finalaurrekoa. Oihana Iguaran izan zen denetan nagusi, 688,5 punturekin. Saioa irabazita, beraz, zuzenean sailkatu da finalaurrekoen bigarren itzulirako. Hala, Amurrioko (Araba) finalaurrekoan kantatuko du azaroaren 19an Alaia Martinekin.
Puntu erdiko aldea izan zuen bigarrenarekiko. Izan ere, 688 puntu pilatuta, Amets Arzallus izan zuen atzetik. Koska handiagoa izan zen, ordea, hirugarrenarentzat, 628 punturekin egin baitzuen hirugarren Nerea Elustondok. Hamabi punturen aldea atera zion hurrengoari, Asier Azpirozi (616). Haritz Mujika izan zen azken-aurrena, 615 punturekin, eta Aitor Etxebarriazarragak egin zuen azken, 612 puntu eskuratuta. Hurrengo saioen zain egon beharko dute finalaurrekoetarako sailkatu diren edo ez jakiteko. Iragan larunbatean Elizondon (Nafarroa) jokatu zen saioarekin alderatuta, apalagoa izan zen atzokoa. Hain zuzen, Elizondoko saioko seigarren sailkatuaren pare (Iñaki Apalategi) aritu zen, gutxi gorabehera, atzoko hirugarrena (Nerea Elustondo).
Ikusi gehiago:Balorazioa: Donibane Garazi
Tenple onean aritu ziren orokorrean bertsolariak, baina ez zuten goia jotzen asmatu; saioak izan baitzuen erabat borobiltzeko kolpe beharrik.
Zortziko handian hasi zuten saio puntuagarria. Iguaranen eta Elustondoren arteko bertsoaldia izan zen, ziurrenean, txalotuena. Zihara Enbeita gai emaileak jarritako gaiaren arabera, adinean gora doazen herriko loradenda bateko langileak ziren, eta gero eta zailago zitzaien hildakoentzako lore-sortak prestatzea. Honela abiatu zuen bertsoaldia Iguaranek: «Herri osoan zabaldu dira / lehen arrotzak ziren behintzat / ta azken urteetan prestatu ditut / kuadrillako hirurentzat». Hau erantzun Elustondok: «Ta beste kezka batek betetzen / ditu nere garun ertzak / nik prestatuko ditut zuretzat / edo eta zuk neretzat».
Zortziko txikian ez ziren askorik nabarmendu, baina utzi zituzten ale politak. Hurrengo ariketan hasi ziren bertsolariak, ziurrenean, eurena eman eta kolperik onenak jotzen: sei puntuko motzean. Nolanahi ere, Elustondok eta Arzallusek, ideietan asmatu bazuten ere, poto egin zuten. Arzallusek, Etxebarriazarragarekin osatu zuen ariketan, zaitudan hitza birritan erabili zuen bi oinetan. Elustondok, berriz, lasai hitzarekin egin zuen poto Azpirozekin batera egindako ariketan.
Nabarmentzekoa izan zen Iguaranen eta Mujikaren lana ariketa horretan. Gaiaren arabera, Iguaranen 12 urteko semea da Mujika; pilotan ibiltzen da, eta Iguaran da semearen botileroa. Partida hogeita bana doala, aurkaria negarrez hasi, eta Mujika hurbildu zaio Iguarani zer egin behar duen galdezka. Hika zuzendu zitzaion Iguaran semeari, eta hala azaldu zion zer egitea zegokion: «Joan hadi horra hala / galdegin hurbildu ahala / arerio ta kide haizela / ikusi dezala». Ez zen amaren argibideekin berehalakoan konformatu, ordea, Mujika: «Baina eztenez ni aina / hartu nahi nioke gaina / kiroltasunak ere dexente / balio du baina». Apal zedila eskatu zion orduan Iguaranek bertsoz: «Hi bahengo hutsunean / minaren bihurgunean / kidea bertan nahiko huke hik / lagunduz unean / jarri jarrera xumean / gertura ez urrunean / nere semeak ezin dik galdu / kiroltasunean». Gurasoaren argudioek konbentzituta, epaileari enpatea eskatuko ziola azaldu zuen, azkenik, Mujikak.
Ganbara izan zuten egin beharreko hurrengo ariketa. Ondorengo gaiaren gainean kantatu behar izan zituzten hiru bertso: «Azkenean probatu duzu, eta jabetu zara ez zela espero zenuena». Bakoitzak bere bidetik jo zuen, baina Iguaranek lortu zituen puntu gehien ariketa horretan. Xorieri mintzo zen kantuaren doinuan, 14 urteko bi gazteren sexu harreman bat irudikatu zuen, eta bikain ondu zituen hiru bertsoak mutil baten larrutik. Horrela josi zuen bigarren bertsoa:
Mutiko batek berez du
hontan aritzeko sena
mila aldiz begiratu
det pantailatan eszena
eta eraikia neukan
gozamenaren eskema (bis)
nere zilborretik dena
eztet sumatu mugitzen
Alaitzek dun sentipena
ta orain dudatan nago
bietan zein den problema
edo den gertatu dena
edo espero nuena (bis)
bietan zein den problema.
Honela eman zion amaiera atzoko bertsoaldiari: «Barkamena eskatu diot / etzaitez joan aparte / zurekin saiatu nahi dut / nola egin asmatu arte (bis) / etzaitez joan aparte».
Ikusi gehiago:Irribarre erdia
Bertsolari Txapelketa Nagusia. Finalaurrekoak
Lorratza utzita, aurrera
Oihana Iguaranek irabazi du bigarren finalaurrekoa, 688,5 punturekin. Amets Arzallus izan du atzetik puntu erdiko aldearekin. Irungo Ficoba erakustazokan jokatuko da hurrengo finalaurrekoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu