XX. mendeko euskal eskultore figuratibo esanguratsuenetako bat da Lorenzo Askasibar (Elgeta, Gipuzkoa, 1930 – Gasteiz, 2022). Ia 700 piezako ondarea utzi du, nola AEBetan hala Euskal Herrian ere. Haren pieza erlijiosoak dira sonatuenak, baina badu bestelakorik ere; esate baterako, instituzio eta enpresarien enkarguz egindako erretratuak. Donostiako Elizbarrutiko Museoak, Edorta Kortadi buru duela, erakusketa bat zabaldu du Koruko Andre Maria basilikan, hura omentzeko eta haren ekarpen «erlijioso eta zibila» gogora ekartzeko.
Askasibarren estiloa «naturalista klasikoa» dela dio Kortadik, eta «euskal eskultore klasiko handien eskolako azken kidetzat» jo du. Hain zuzen, Eduardo Txillida, Jorge Oteiza eta Nestor Basterretxearen aurreko belaunaldiak osatu zuen eskola hori. Lorratz berari jarraitu zioten, besteak beste, Higinio Basterrak, Ricardo Iñurriak, Joaquin Lucarinik eta Nemesio Mogrobejok.
AEBetan, ospetsu
1958an, Jose Borlaf eskultore bilbotarraren deiari segika, AEBetara jo zuen Askasibarrek, eta, han, fintasunera jo zuen, bereziki elizetarako eta hilerrietarako egindako piezetan. Kortadi: «Hango lanetan, haren estiloa zainduagoa da; minimalerako joera du, eta oso linea xumeak erakusten ditu, batez ere figuren begiak, eskuak eta oinak lantzerakoan». Haren azken obrak «kubismo estilizatu» gisa definitu ditu. Horren erakusgarri dira, esate baterako, New Yorkeko Saint Raymond hilerriko sarrera nagusiko eta John Fitzerald Kennedy-ren monumentuko San Joan Bataiatzailea. Pieza horiei eta beste batzuei esker, sona handia lortu zuen AEBetan.
Baina ozeanoa zeharkatu behar izan gabe, Gipuzkoan ere obra ugari du Askasibarrek, horietarik asko neurri handikoak: esate baterako, Aste Santuko prozesioetarako figurak, Bergaran eta Legazpin —azken hori DMuseoan dago—; Donostiako Artzain Onaren katedraleko atarietako santuak, tartean Loiolako San Ignazio eta Ama Kandida; Donostiako Bidebieta-La Paz auzoko Jesu Kristo berpiztua, egurrean taillatua; eta Garate anaiaren figura Azpeitiko parrokian. Alta, bazuen pieza txikiagorik ere, batik bat enpresari eta bildumazale pribatuen enkarguz egindakoak.
Materiari begirunea
Askasibarren eskulturak ez dira ideologikoak edo pentsamenduzkoak; errealitateari lotzen zaizkio, Kortadiren aburuz: «Lehen kolpean ikusten eta sentitzen dena agertu nahi du Askasibarrek». Alabaina, artelan oro da abstrakzioa; «beti bada kenketa, batuketa baino gehiago», esan du DMuseoko arduradunak, Michelangelo Buonarroti eskultorearen hitzak bere eginez: «Materiari sobran duena kendu behar zaiola zioen Buonarrotik, baina, materiak sobran zer duen jakiteko, Michelangeloren eskua behar da».
Figuratibismoa gutxiesteko joerarik ere izan dela nabarmendu du: «Jendeak uste du errazagoa dela figuratiboa egitea, abstrakzioa baino. Oro har, kanon nagusitik at gelditutakoari ez zaio nahikoa garrantzi eman izan; baina gaur egun lasaitasun handiagoa dago alde horretatik».
Modak moda, Askasibarrek ez zuen polikromaturik erabili: «Materia berez zen ederra harentzat, transzendentziaren isla zen bere horretan, eta alde horretatik errespetatu egin zuen egurraren, brontzearen eta buztinaren kolorea».