Loraldia Kobetamendin. Hasi da Bilboko BBK Live jaialdia, eta esnatu dira zaleak urtebeteko lozorrotik. Lorategi eta baso bihurtu dute mendia, eta doinuek zein janzkerek udaberria ekarri dute jaialdira; metaforikoki zein materialki. Urtero egoten da zaleek saldoka janzten duten osagarriren bat, eta, herenegun, loreak izan ziren apaingarri nagusi, Florence and The Machine kartelburu izateak erakarrita edo. Baina lore horiek ez ziren oholtza azpira mugatu: taula gainean ere izan zen halakorik, izan baitzen ikusleei paperezko eta benetako arrosak jaurti zizkienik. Loreen iraultza kolektiboa izan zen BBK Live jaialdiko lehenengo jardunaldia.
Florence Welch izan zen eguneko lorerik ederrena. Izar nagusia, eta begirada gehienak bereganatu zituena. Bost urte igaro dira Florence and The Machine lehen aldiz BBK Live jaialdiko kartelburu izan zenetik. Orduko hartan, High as Hope diskoa argitaratu berritan zelairatu zen Welch; zetazko soineko bat jantzita, oinutsik. «Ninfa baten itxura zuen oholtzan». Hala idatzi nuen. Hitzok erabil daitezke orain ere. Are gehiago, gainontzeko kontzeptu gehienak ere erreskata daitezke artikulu hartatik: naturaltasuna, gertutasuna —zaleekin hartu-eman handia izan zuen, eta haien artean abestu zituen hiru kantu—, jai giroko aldarrien eta pop barrokoaren uztartzea...
Kantu zerrendan izan zen aldaketa nagusia, iaz argitaratutako Dance Fever disko bikainak presentzia handia izan baitzuen. King eta Heaven is here doinuek harrera ona izan zuten, baina ez You got the love, Kiss with a fist eta Dogs days are over doinuek bezainbeste. Kobetamendin eskaini dituen bi kontzertuen arteko alderaketa eginez gero, helduago agertu zen Florence, urterik urtera onduz doan seinale. Ardo beltza bezala.
Izan zen, baina, Florence and The Machine ikusi ez zuenik ere, eta, beraz, alternatiba bila, Desireren kontzertura joan zenik. Garezur bat, pattarra, BDSM janzkera, larrua, dantza, synth-pop iluna, loreak, New Order taldearen Bizarre love triangle eta Kylie Minogueren Can't get you out of my head kantuen bertsioak... Zer gehiago behar du ikuskizun batek? Desire ikustea erabaki zutenak ez ziren erabakiaz damutu. «Zein da obsesioaren eta desiraren arteko desberdintasuna?», galdetu zuen abeslariak. Batek daki, baina akaso dantzan iritsiko da erantzuna.
Erantzunen bila baino gehiago, galderetan eta etengabeko bilaketan dabilenik egotekotan, Karin Dreijer da hori. The Knife proiektuan lehenik, eta Fever Ray oraingo azal gisa. Kontzertua hitz bakarrean definitzekotan, akelarrea litzateke aukeratutako hitza. Aletzeko asko duen akelarrea. Batetik, musika: elektronika iluna, aztoratzailea, hiru ahotsetan, baina hiru ahots horiek bakarra balira bezala gehienetan, pista ugari ahotsetan, tonu aldaketak... Bisualki eta mezuari dagokionez, performance iluna, jantziak, makillajea, gizartearen periferian dagoenaren jarrera... Eguneko kontzerturik berezienetakoa.
Oso bestelakoa izan zen The Chemical Brothersen zuzenekoa. Fever Ray taldearen periferiatik, elektronikaren alde mainstream-enera egin zuen jauzi bikoteak. Hasieratik hautatu zuten zaleak abesti ezagunenekin dantzan jartzea: Go; Hey boy, hey girl... Nabarmenena ikus-entzunezko ekoizpena izan zen. Musika elektronikoak behar izaten du hurrengo mailara eramango duen pizgarri baten beharra batzuetan, eta The Chemical Brothersek argien eta irudien bitartez lortzen du hori. Halako ikuskizun bisual baten aurrean, bi aukera daude: dantza eroan hasi, edo pantailari begira itsatsita geratu. Asko izan ziren bigarren erabakia hartu zutenak.
Suge doinuaniztuna?Elektronikak Kobetamendi hartu aurretik, baina, asko eskaini zuen jaialdiak. Frantziako Tourraren antzeko irudiak izan ziren kontzertuen gunera ailegatzeko maldetan. Jendetza, tropeltxoetan aldapa gora sufritzen. Suge koloreaniztuna deitzen zaio Frantziako Tourreko tropelari, eta BBK Live jaialdikoa ere bada askotarikoa, bai koloreetan, bai doinuetan, eta baita sexu askatasunean ere. LGTBI ikurrak dira Arca, Fever Ray eta Villano Antillano, eta kolektiboak ere bere egin ditu Amaia eta Florence Welch, besteak beste. Isla izan zuen zaleen artean.
Desatsegina da musika jaialdi bat irekitzen duen taldea izatea, baina Txopet taldeak erakutsitako jarrerari esker, zale berri bat baino gehiago patrikaratu zuten. Molde berriko power trio-a: ahotsean efektuak, punk jarrera, bizkarrezur metaleroa... Irekiera interesgarria. Friolentoren proposamena bestelakoa izan zen. Reggaeton abestiak The Cureren moduko postpunkaren doinuetan iragazita. Kuriosoa zinez, baina errepikakorregia. Hori bai, oholtza aurrean ziren guzti-guztiek dantzatu zituzten Bichota (Karol G), La Santa (Bad Bunny eta Daddy Yankee) eta Me porto bonito (Bad Bunny eta Chencho Corleone).
Amaiarena izan zen eguneko lehen kontzertu jendetsua. Iruindarrak aspaldi erakutsi du Operacion Triunfo saiotik atera den produktu bat baino askoz gehiago dela. Dagoeneko kendu du estigma hori gainetik, eta distira egiten du oholtzara igotzen den bakoitzean Dilo sin hablar, El relámpago, Yamaguchi eta La canciónque no quiero cantarte bezalakoekin.
Besteak beste, Arctic Monkeys, Idles eta Love of Lesbian taldeek itxiko dute gaur Bilboko BBK Live jaialdia.
Loreen iraultza Kobetamendin
Musikazalez bete da Kobetamendi beste behin, Bilboko BBK Live jaialdiari hasiera emateko. Florence and The Machine izan da eguneko izar nagusia; eta gauarekin, musika elektronikoz bete dira oholtzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu