Oscar sarietan lehiatzeko aukera izan dezake Loreak euskarazko filmak, ingelesez besteko film onenaren atalean. Carlos Vermuten Magic Girl eta Gracia Querejetaren Felices 140 filmekin batera hautatu du Espainiako Zinema Akademiak Jose Mari Goenagak eta Jon Garañok zuzendutako zinta, Oscar sarietan Espainia ordezkatzeko. Hilaren 29an jakinaraziko du akademiak hiruretako zein pelikula aurkeztuko duen sarietara. Hautatua izanez gero, AEBetako zinema akademiaren galbahea pasatu beharko luke filmak, atal horretan zer film lehiatuko diren erabakitzeko. 2016ko otsailaren 28an banatuko dituzte Oscar sariak. Atzo aurkeztu zituzten hautagaiak, Madrilen.
Moriarti ekoiztetxeko bulegoan lanean ari zela jaso zuen albistea filmaren zuzendarietako batek, Jon Garañok, atzo eguerdi artean. «Banekien gaur [atzo] jakingo zela zein film hautatu dituzten, eta Periscope aplikazioaren bidez jakin ahal izango nuela zeintzuk diren», azaldu zion Garañok, albistea jaso berritan, Euskadi Irratiari. «Aplikazioa jarri dudanean, une horretantxe aipatu dute Loreak».
Ez zuen halakorik espero, eta «ilusio handiz» jaso zuen albistea. «Guretzat garrantzitsua da Loreak-en moduko pelikula bat hautatuen artean egotea, iruditzen baitzaigu horrek bizitza luzatuko diola eta oraindik jende gehiagok izango duela filma ikusteko interesa. Azken batean, gure asmo nagusia hori da: jendeak pelikula ikustea». Filmarentzat ez ezik, «euskarazko zinemagintzarentzat» ere albiste ona da atzo jasotakoa, Garañoren ustez.
Aurrera egiteko aukerei dagokienez, zuhur agertu zen Garaño: «Zaila da esatea. Beste bi filmak ere oso ondo daude. Gure alde duguna da AEBetako hainbat jaialditan izan dela filma, eta sariak jaso dituela; eta, nahiz eta mugatua izan, estreinaldi komertziala ere izan duela, eta kritika nahiko onak jaso. Beste bi filmek ere izango dituzte beren aldeko faktoreak, baina gu gureak mahai gainean jartzen saiatuko gara».
Iazko irailean Donostiako Zinemaldian aurkeztu zenetik, kritika on eta sari ugari jaso ditu Goenaga eta Garañoren filmak. Besteak beste, Palms Springseko Nazioarteko Zinemaldiko (AEB) zinema latinoaren saria irabazi zuen iaz, eta Zuricheko zinema jaialdian hautagaien artean egon zen, pelikula atzerritar onenaren atalean.
Euskal bidegilea
Euskarazko zinemarentzat bidea egin du Loreak filmak. Donostiako Zinemaldiko Urrezko Maskorragatik eta film onenaren Goya sariagatik lehiatu den euskarazko lehen filma izan zen iaz, eta Oscarretarako hautagai izanez gero, AEBetako sarietan lehiatzen den lehen euskarazko filma izango da. Inkomunikazioari buruz eta ilusio faltari buruz hitz egiten du pelikulak, eta gertuko zuten norbait galdu duten hiru emakumeren bizitzak azaltzen ditu.
2014ko urriaren 1etik 2015eko irailaren 30era estreinatutako 54 pelikulen artean hautatu dituzte hiru zintak. Querejeta izan ezik, beste zuzendariak ez ziren Madrilen izan atzo; izan ere, beren pelikula berriak grabatzen ari dira Goenaga eta Garaño, alde batetik, eta Vermut bestetik. Querejetaren filmaren ekoizle Gerardo Herreroren ustez, «hiru pelikulak oso pertsonalak dira, eta horiek hautatu izanak erakusten du jendeak barrukotasunez bozkatu duela; ez dituzte talde handiak atzetik; independenteak dira».
Zinemaldiaren iazko ekitaldiko sari nagusia irabazi zuen Vermuten Magic Girl -ek. Langabezian dagoen aita baten istorioa kontatzen du pelikulak; gaixorik du alaba, eta, haren amets bat betetzeko, xantaia sare batean sartuko da.
'Loreak', Oscar sarietan izateko bidean
Ingelesez besteko filmen atalean Espainia ordezkatzeko hiru hautagaien artean dago Garaño eta Goenagaren lana.'Magic Girl' eta 'Felices 140' filmekin lehiatuko da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu