Lorca eta Akhmatovaren antologia bana Munduko Poesia Kaieretan

Juan Luis Zabalak ekarri ditu euskarara Federico Garcia Lorcaren olerkiak, eta Josu Landak Anna Akhmatovarenak. Lan horiek Susa argitaletxearen bildumako 43. eta 44. zenbakiak dira, hurren hurren

Juan Luis Zabala eta Josu Landa itzultzaileak, atzo, Donostian, Federico Garcia Lorcaren eta Anna Akhmatovaren kaierak eskuetan hartuta. JON URBE / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
Donostia
2022ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Kalean dira Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaierak bildumako udazkeneko bi liburuxkak, 43. eta 44. zenbakiak. Federico Garcia Lorcaren poemak itzuli ditu Juan Luis Zabalak, eta Anna Akhmatovaren olerkiak, berriz, Josu Landak. Bi poetak «funtsezkoak» direla azaldu du Isabel Etxeberria bildumaren zuzendariak, eta gogorarazi nazioartean aitortza zabala dutela. Halaber, haien ibilbidean testuinguru historikoak utzitako arrastoa nabarmendu du.

Itzultzaileek aurretik ere bazuten hartu-emana poeta horien obrekin. Hain zuzen ere, Zabalak Federico Garcia Lorcaren (Fuente Vaqueros, Espainia, 1898-Viznar, Espainia, 1936) Poeta New Yorken (Erein) liburua itzuli zuen 2003an. Oraingoan, orduko zenbait poema berreskuratu, berrikusi eta berrargitaratu ditu, eta horiekin batera, baita Lorcaren aurreko eta ondorengo liburuetako poema batzuk ere; haren obra poetiko osoko alerik esanguratsuenak bildu ditu, beraz.

Zabalak bitan bereizi du Lorcaren poesia: Poeta New Yorken obra eta gainerako lan guztiak. «Badaude poema batzuk, Poeta New Yorken-etik kanpokoak ere, joera horretakoak, edo molde horrekin lotu daitezkeenak. Baina banaketa hori egingo nuke. Niretzat, Poeta New Yorken da erreferente nagusia». Zergatik ere azaldu du: landa eremuko girotik datorren gazte bat agertzen da liburuan, eta «mundu oso bat» biltzen duen hiri batekin topo egiten du. «Talka hori dago, eta nik ere bizi izan dut talka hori».

Hain justu, arrasto handia utzi zuen New Yorken eginiko egonaldiak Lorcaren poesian. «Globalizazioen ondorioak ja ikusten dira: arrazismoa, aporofobia, diruaren nagusitasuna, gizatiartasunaren galera, anonimotasuna... Gauza horiek guztiak daude duela mende bat egindako bidaian». Zabalaren arabera, ez da ulertzeko eta interpretatzeko liburu erraza; besteak beste, surrealismo asko dagoelako.

Lorcaren antologia osatzeko, itzulpen nahiko «literala» egin duela azaldu du: «Ez dut poemaren esanahi literariotik kanpo hegan asko egiten, ez naiz ausartzen. Hori da nire joera, eta ziur asko nahiko hertsia izan da». Hala ere, editorearen aholkuei jarraikiz, saiatu da zurruntasun hori gainditzen. Zabalaren esanetan, horretan ere badago aldea Poeta New Yorken eta gainerako lanen artean: «Poeta New Yorken itzultzean, nire mekanika gertuago dago itzultzaile automatikoaren mekanikatik Romancero gitano edo bestelakoak itzultzean baino; jolasteko edo filigranak egiteko aukera gutxiago dago».

Etxeberriak hitzaurrean jasotzen duenez, ariketa «interesagarria» egin du Zabalak: «Poeta New Yorken-eko eztanda surrealista itzuliz hasi zen duela hogei urte inguru eta Lorcaren hasierako eta amaierako poesia estilizatuaren eta barne paralelismoz betearen neurritasunera egokitu da orain».

Poeta entzutetsua

Sona handiko poeta izan zen Anna Akhmatova ere (Odesa, Ukraina, 1889-Mosku, Errusia, 1966), eta Landak «mito bikoitz» gisa definitu du. Batetik, egindako poesiaren kalitateagatik, eta, bestetik, poemak «pertsonalki sufritutako pairamenarekin lotuta» egoteagatik.

Zenbait adituk akmeismo izeneko mugimendu literarioan sailkatu izan dute, beste «izen handi» batzuekin batera: «Zenbaiten ustez, Puxkinen oinordekorik argiena litzateke, eta hori, poesia errusiarraren baitan, asko esatea da». Eta nola lortu zuen hain entzutetsua izatea? Argi du erantzuna Landak, eta begiradan jarri du gakoa: «Fokua non jarri; Akhmatovaren poesia guztietan hori azpimarratu izan da. Idazteko modu guztiz pertsonala zuen».

Bestalde, lanketa metriko handiko poeta zela azaldu du itzultzaileak: «Metrika zorrotza, errima zehatza... silaba azentudunen eta azenturik gabekoen oreka ezinezko horren bila etengabeko sorkuntza eta moldaketa lana egin zuen». Perfekzioaren bila aritzen zela gaineratu du.

Maialen Berasategi bildumaren zuzendariak editatu du liburuxka, eta, hitzaurrean jaso duenez, Akhmatovak amodio-desamodioez eta intimotzat jo ohi diren beste gai batzuez idatziz urratu zuen bidea, baina, ondoren, Urriko Iraultzaren ostean, heriotza, pairamendua, memoria eta dolua gailendu zitzaizkion. Halaber, itxuraz ni -tik idatzi zuen arren, gu-a «nabarmena» da haren ikuspegian. Hori azpimarratu du Landak ere: «Nahiz eta askotan lehen pertsonan mintzo den, lehen pertsona hori ez da bera; ingurukoen pairamena ere islatzen du». Bizi izan zuen testuinguruak eta jasandako jazarpenak eragina izan zuen haren olerkigintzaren bilakaeran. Ezer publikatzea ere debekatu zion Errusiako aginteak 1920ko hamarkadaren erdialdetik aurrera.

Horiek horrela, kaierak hiru zati ditu: aurrenekoan, 28 poema solte daude; ondoren, Requiema izeneko olerkia dago; eta, bukatzeko, Heroirik gabeko poema-ren zati bat. Azken horiek haren bi obra «ospetsuenak» dira. «Requiema da, beharbada, Akhmatovaren poemarik ikonikoena. Asko zirkulatu zuen ahoz aho». Espetxe baten aurrean semearen berri jakiteko ilaran zain egoteak inspiratu zuen. Heroirik gabeko poema luzea, berriz, «zuzentzen eta hobetzen» saiatu zen hil artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.