Literatura

Loratzear diren letrak

Udaberriak Pello Lizarralderen eta Unai Elorriagaren nobela berriak, eta Itxaro Bordaren eta Luis Garderen poema liburuak ekarriko ditu, besteren artean. Ia genero guztietan, nazioarteko idazleen obra ugari euskaraz irakurtzeko aukera ere izango da.

(ID_17108578504535) (/EZEZAGUNA)
Yolanda Arrieta, Goiatz Labandibar, Iñigo Astiz, Luis Garde eta Pello Lizarralderen lan berriak ekarriko ditu udaberriak, beste askoren artean. JUAN CARLOS RUIZ / ANDONI CANELLADA / LUIS JAUREGIALTZO / JAGOBA MANTEROLA / JON URBE / FOKU
Ainhoa Sarasola.
2024ko martxoaren 21a
05:30
Entzun

Nobelak eta poema liburuak. Horiek ekarriko ditu ugarien aurtengo udaberriak. Hamasei eleberri argitaratuko dituzte, gutxienez, euskal argitaletxeek datozen hilabeteotan; tartean dira, besteren artean, Pello Lizarralderen, Unai Elorriagaren eta Asel Luzarragaren lan berriak, baita Annie Ernaux, Fiodor Dostoievski, Zadie Smith eta Adania Shibli idazleen liburu banaren itzulpenak ere. Poesian, berriz, Aintzane Galardiren, Oihane Jakaren, Luis Garderen, Gotzon Barandiaranen eta Itxaro Bordaren alerik berrienak irakurtzeko aukera izango da, baita nazioarteko hainbat poetaren euskaratutako olerkiak ere. Narrazioan, antzerkian, saiakeran, komikian, haur eta gazte literaturan... genero guztietan loratuko dira letrak.

Orain dela bost urte argitaratu zuen Unai Elorriagak azken nobela, Iturria (Susa), eta Francesco Pasqualeren bosgarren arima izenburuko eleberria plazaratuko du aurten, Susarekin hori ere. XIX. mendean, Italiako kostaldetik euskal kostaldera, Bermeora, emigratu zuen Francesco Gervasi Pasqualeren historia kontatu du. Pello Lizarraldek, berriz, Argiantza eman zuen 2020an Ereinekin, eta argitaletxe berak plazaratuko du haren nobela berria ere: Lanbroa. Saltoki batean topo egingo dute bi protagonistek, gizon batek eta emakume batek, eta tarte labur hori nahikoa izango da iraganeko gertaerak gogora etorri eta haien barruak inarrosteko.

Txalapartak dagoeneko plazaratu du Bea Salaberriren nobela berria, Mesfida zaitez, eta, iragarri duenez, udaberrian emango du Asel Luzarragarena ere; iaz argitaratutako Esan gabe doa lanaren ondotik, idazlearen hamabigarren eleberria izango da Zortzigarren hiria. Elkar argitaletxeak ere dagoeneko aurkeztu ditu sasoi honetako hainbat nobela, hala nola Joxean Agirreren Gizon barregarriak, Ernesto Prat Urzainkiren Mendeku eskubidea eta Lizar Begoñaren Mundu zitalaren kontra, baina beste bat emango du aurki: Iñaki Petxarromanek idatzitako Lehendakariaren alaba. Argitaletxeak aurreratu du thriller distopiko bat dela, Euskal Herrian 2026. urtetik 2040ra bitarteko garaian kokatutakoa. Maiatzek, berriz, Pantzo Hirigarairen Etxauz argitaratuko du.

Euskaratutako nobela ugari ere iritsiko dira. Ereinek asteon kaleratu du Mariana Travacioaren Barkamena existituko balitz bezala, Fernando Reyren itzulpenean; eta Boris Pahorren Nekropola lan autobiografikoa ere emango du, Santi Leonek itzulita. Igelaren eskutik, lau lan esanguratsuk ikusiko dute argia: Fiodor Dostoievskiren Lurpeko oharrak, Adania Shibliren Detaile xume bat, Zadie Smithen Kanbodiako enbaxada eta Annie Ernauxen Neskato baten memoria —Josu Zabaletak, Aitor Blancok, Garazi Ugaldek eta Aiora Jakak itzulita, hurrenez hurren—. Eta Consonniren eskutik, berriz, Montserrat Roigen Gerezi-denbora, Amaia Apalauzak itzulita. 

Genero guztietako fruituak

Poesia izango da beste genero emankorrenetako bat. Alor horretan, Gorka Salcesen Airemortuak-en ondotik, Aintzane Galardiren Leiho bat bihotzean argitaratuko du Balea Zuriak, baita gaur bertan jakinaraziko duten Donostia Kultura Poesia Sariaren zazpigarren aldiko lan irabazlea ere, ekainean. Halaber, Ilya Kaminsky poeta ukrainarraren Odesan dantzan olerki bilduma euskaraz plazaratuko du argitaletxeak. Beste hainbat egileren poema liburuak ere euskaratu dituzte, eta, hala, Katakraken eskutik helduko dira Juana Dolores eta Mohammed El-Kurdenak, baita Giorgos Seferis eta Anne Heberten antologia bana ere, Susaren Munduko Poesia Kaieretan.

Gotzon Barandiaran eta Itxaro Borda idazleen poesia lan berriak ere ekarriko ditu Susak; Mikel Etxaburu, Edu Zelaieta eta Luis Garderenak Pamielak; eta Oihane Jakarena Elkarrek. Igelak eta Ereinek, halaber, Anne Carson idazle kanadarraren Autobiografia gorrian plazaratuko dute, Literatura Unibertsala bildumaren barruan eta Joxe Mari Berasategiren itzulpenean; poesiaren eta nobelaren artean dagoen lana da.

Ipuingintzan ere izango da zer irakurria. Iñigo Astizek Susarekin plazaratuko du bere lehen ipuin bilduma, Monogamoak; Iñaki Iturainek, Oroimenaren zubia izenburupean, 1936ko gerran kokatutako narrazioak Ereinekin; eta Goiatz Labandibarrek Zoo, Elkarrekin, besteak beste.

Halaber, saiakera ugarik ikusiko dute argia aurki. Itzultzaileen lanari esker hainbatek; kalean dira dagoeneko Katakrakek argitaratutako Perry Andersonen Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz eta Nadezhda Krupskaiaren Herriaren hezkuntza eta demokrazia. Eta elkarren artean oso desberdinak diren auziak hizpide dituzten beste hainbat lan plazaratuko dira datozen aste eta hilabeteotan, hala nola Yolanda Arrietak (Etxe bat norberarena, Alberdania), Pruden Gartziak (Euskaldun fededun, Elkar) eta June Fernandezek (Aingeruak eta neskameak. Haurdunaldi subrogatuei buruzko analisi feministak, Susa / Lisipe) idatzitakoak.

Komikizaleek ere izango dute ale berririk eskura. Bi lan ekarriko ditu udaberriak, biak ere itzulpenari esker. Astiberrik ekainerako du aurreikusita Paco Roca eta Rodrigo Terrasak elkarrekin ondutako obraren argitalpena: Bego Montoriok euskaratuta helduko da Ahanztunaren leizea, zeinak frankismo garaiko errepresioa eta memoria historikoa dituen ardatz. Txalapartak, berriz, Raquel Varelaren Herriak du gehien agintzen komikia argitaratuko du Eskarne Mujikaren itzulpenean, hain justu ere, Portugalgo Krabelinen Iraultzak mende erdia beteko duen honetan.

Genero bakar baten pean sailkatu ezin diren hainbat liburu ere izango dira, baita biografia batzuk ere. Antzerkiari lotutako hiru lanek ere ikusiko dute argia. Eta argitaletxe gehienen eskutik, haur eta gazte literaturako lanen sorta zabal batek ere bai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.