Hitz eta doinuetan, kantuetan, loratzen da gutasuna herri honetan. Bertsoetan ere bai. Musikagintzak eta bertsolaritzak tenkatzen dute bihotz kolektiboa, lotzen eta askatzen. Udaberriaren loraldiarekin pizten eta biziberritzen da dena, eta neguko ilunak isiltzen.
Inauteri garaia dugu. Musika alai eta biziek lagundu ohi dituzte inauteriak. Bizkortzen dira bazter guztiak, inauteriaren maskarada eta zalaparta alaiarekin. Barrikada guztiak txikitu, eta irrintzi ozenek ematen diote segida gaztediaren ereta builosoari. Ereta batean, liskar eta anabasa ederrean, berriztatzen dira indarrak, uxatzen zomorroak, mozorroak agertuta.
Subjektu-objektu ardatzean, inauterietan zomorroak uxatzen ditugu, mozorroz jantzita. Jose Antonio Urbeltzek dio nekazari gizartearen erritoak direla; ezpata, euli eta eltxoen kontra garai batean egiten ziren garbiketak. Ura egoten zen tokietan belar txarrak eta kanaberak moztu beharra zegoen, hurrengo urterako intsektuak jaio ez zitezen. Hortik letorke ere mairuaren ideia, kanpotarrarena.
Horrek guztiak badu bere musika. Musika tradizionalaren alor polit eta oparoa da inauteriekin harremana duena. Txarangak dira agian bertsio modernoena, baina, harago joanez gero, baditugu inauteri eta herri festen kalejiren kantu ederrak, Fanfarre Xut-ek bere garaian horren ederki grabatu zituenak. Jauziak eta kontradantzak ere, Iparraldean, musika iturri oparoa dira, doinu tradizionalei dagokienez.
Tradizioa eta gaurkotasunarena eztabaida zaharra da bertsolaritzan. Musikan gauzak intuizioz joan ohi dira. Izan ere, musikariok egun dauzkagun influentziak zabal-zabalak dira, mundu osotik iristen direnak. Oreka bilatzea gure tradizioaren eta mundu osoko eraginen artean ez da erraza, baina hortik sortu beharko dugu etorkizuneko euskal musika.
Udaberria loratzen, lurra esnatzen, kimu berriak jaiotzen. Eta horrek bere soinu dimentsioa duenez, joaldunek joareak astintzen dituzte, fanfarre eta txarangek gure gorputz txotxolduak mugiarazten, eta espero dezagun euskal musikariok ere aurten disko eta kantu ugari eta bizigarriak eskaintzea. Zurako lagunak behintzat hasi gara disko berria prestatzen, rock eta dantza- musikaren arteko lurralde askeetan sortuko duguna.
Musika. MUSIKA. A cappella
Loratu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu