Zuzendaria:Mikko Franck. Biolontxeloa:Sol Gabetta.Egitaraua: C. Debussyren 'Fauno baten siestarako preludioa', E. Laloren 'Biolontxelo eta orkestrarako' kontzertua, M. Ravelen 'Shéhérezade, Ouverture de féerie' eta I. Stravinskyren 'Suzko txoria' suitea.RADIO FRANCE ORKESTRA FILARMONIKOa
Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma.
Eguna: Abuztuaren 30a.
Ostiralean izan zen Musika Hamabostaldiaren 85. edizioaren azken kontzertua. Aurkezten zen egitarauak elementu guztiak biltzen zituen misterio apur bat, dotorezia eta pasio gehigarria azalduko zituen itxiera osatzeko.
Hasieran, Debussy enblematikoaren irekitzeak ametsezko eta sentsualitatezko giroa sortu zuen berehala. Mundu oniriko honi hasiera emateaz arduratzen zen txirula bakarlariak berotasunez eta malgutasunez egin zuen melodia, faunoaren esentzia ilaundua aurkeztuz. Gabettak bere instrumentuaren soinu borobil eta homogeneoa zein kontrol bikaina erakutsi zituen Laloren kontzertuan, nahiz tarteka proiekzioa zertxobait motz geratzen zela zirudien. Ravelen Féérie oberturak ere orkestraren koloreak eta xehetasunak atzemateko aukera ugari eman zituen, baita harien bat-egite harrigarriaz gozatzeko ere. Amaitzeko, Franckek energia erritmikoa eta aberastasun melodikoa orekatu zituen Stravinskyren Suzko txoria liluragarrian. Eta, hala ere… zer edo zer faltan zegoelako sentsazioak hartuta atera nintzen. Gabezia horren iturriaren bila, lorategi frantsesak etorri zaizkit burura.
Parterreek, broderiek, zuhaiztiek, pasealekuek eta topiariek osatzen dute lorategi frantses klasikoaren paisaia, ordena naturaren gainetik jartzeko printzipioaren emaitza. XVII. mendeko teorikoek inposatu zuten estiloa, simetria, formen perfekzioa, erregulartasuna eta ornamentuen erabilera neurtua baliatzen dituena; Versailles jauregiko, Chantilly gazteluko eta Tuileriak jauregiko lorategiak dira, besteak beste, estilo horren eredu ezagunak. Bada, Radio France Orkestra Filarmonikoak eskainitako kontzertua ere zerrendan sartuko nuke. Ezin dut esan ezer tokiz kanpo zegoenik: orkestra beti orekan, Franck gidari neurritsu eta sen onekoa, sekzioen koloreak garbi, dinamika argiak. Hau da, lehen mailako interpretazio bati eska dakiokeen guztia egon zen taula gainean. Eta, hala ere, nonbait zurruntasun edo hoztasun puntu bat ere sumatzen zen, «belarra ez zapaldu» dioen seinale batek baldintzatuta mugitzen garenean bezala.