«Gaztetasunaren aldarri bat». Loraldia jaialdiko antolatzaileen hitzetan, hori izango da festibalaren gaurko eskaintza. Harrobi izateko asmoa ere badu jaialdiak, eta, horregatik, hiru proposamen eskainiko ditu Zorrotzaurreko irlan, guztiak sortzaile gazteenak. Bertsolaritzaren eta antzerkiaren artean dabilen Itzal(iko) bagina ikuskizuna aurkeztuko du Lokatz Loreak kolektiboak lehenik. Eñaut Zubizarreta Trigger txelo jotzaile eta konpositoreak Doodem lana aurkeztuko du ondoren, Amaiur Luluaga eta Iñigo Xalbadorrekin batera. Eta Ibarrekolandako Batxilergo artistikoko ikasleek sortutako Sarri min ematen du akordatzeak emanaldi hibridoak itxiko du gaua.
2012an eman zuen argitara bere lehen lana Zubizarretak: Poliedro Vol. I disko-liburua. Kanta propioak ez ezik, haiek jotzen ikasi ahal izateko partiturak eta musikari buruzko saiakera bat ere bazekartzan hark, eta maiatzean kaleratuko duen hurrengo lanaren aurrestreinaldi bat izango da Loraldikoa. Musika, narrazioa eta dantza uztartuko ditu oholtzan, oraingoan.
Paul Gilroy musika historialari iparramerikarrak sortutako Atlantiko beltzaren kontzeptua izango du ardatz Zubizarretaren diskoak, bai eta gaurko emanaldiak ere. «Bidaia musikal bat da, Euskal Herrian hasi, eta Afrika hegoalderaino doana. Afrikako polierritmoak eta instrumentuak hartu ditut oinarri. Kora, enpira eta bestelako tresnez gain polierritmo horiek ere imitatzen ditut txeloarekin».
«Afrikako polierritmoak eta instrumentuak hartu ditut oinarri. Kora, enpira eta bestelako tresnez gain polierritmo horiek ere imitatzen ditut txeloarekin».
EÑAUT ZUBIZARRETA 'TRIGGER'Musikaria
Zubizarretak egingo ditu narratzaile lanak, eta berak joko du txeloa ere, baina Iñigo Xalbadorrek ere lagunduko du saxofoi baritonoarekin. Eta horrez gainera, Amaiur Luluaga dantzari eta antzezleak osatuko du taldea. «Hasieran dantza eta musika ikuskizun bat izan behar zen», onartu du musikariak. «Baina zati narratibo hori ere gehitu diogu, azkenean, eta dantzak antzerki formatua ere hartu du».
Sarrionandia eta itzalak
Joseba Sarrionandia idazlearen unibertsoan du oinarri Ibarrekolandako ikasleen emanaldiak, eta teatroa, dantza, poesia zein musika baliatuko ditu hura taularatzeko. Eñaut Elorrietaren, Berri Txarraken, Mikel Laboaren, Xendarineko Ahizpen, Hiru Leikeren, Iñigo Muguruzaren, zein Andoni Basterretxearen kantak tartekatuko dituzte saioan, eta Sarrionandia bera ere egotekoa da emanaldian.
Bertsoa eta antzerkia uztartuko ditu Itzal(iko) bagina emanaldiak. Araitz Katarain, Janire Arrizabalaga eta Izaro Bilbao bertsolariek eskolarteko bertso txapelketa bateko finalean dauden hiru pertsonaia jokatuko dituzte emanaldian, eta helduarorako trantsizioa kontatuko dute.
Gorputza, lotsa eta lehia landuko dituzte saioan. Iraitz Lizarraga aritu da zuzendari lanetan, eta, tituluak iradokitzen duen bezala, itzalak izango dira jolas eszenikoaren muinetako bat. «Maindire bat egongo da oholtzaren erdian, horrekin jolastuko gara, barne eta kanpo mundua islatuko ditugu», azaldu du Katarainek.
Lokatz Loreak kolektiboaren parte dira Katarain, Bilbao eta Arrizabalaga, eta aurrez, Friki saioak izeneko emanaldia izan zen euren lehen proposamena. Gaurkoa dute bigarren ikuskizuna, eta Loraldikoa aurrestreinaldia izango dela ere zehaztu dute. Aprilaren 13an egin asmo dute estreinaldia, Berrizen (Bizkaia), eta saio gehiago ere egingo dituzte ondoren.
BIHAR AMAITUKO DA LORALDIA
Kasualitatea, baina kapikua geratu zaie aurtengoa. Gorka Hermosa soinu jotzaileak abiatu zuen Loraldia jaialdia martxoaren 5ean, Garikoitz Mendizabal txistulariarekin eta Leire Bilbao, Toti Martinez de Lezea eta Nerea Arrien idazleekin, eta Gorka Hermosak itxiko du Loraldia jaialdia bihar. Oraingo honetan, Pello Ramirez, Nacho Soto eta Nerea Quincoces musikarekin izango da oholtzan, Jon Maia bertsolariaren Kantu berri bat gara emanaldian. Euskalduna jauregian izango da saio hori, 19:00etan, eta gonbidatuak ere izango dira.
Harrobi dantza bertikal taldeak emango dio azken itxiera, halere, Euskalduna jauregiko horman. Geure(R)a deitu dute ikuskizuna, eta bitan emango dute. 21:30ean egingo dute lehen emanaldia, eta 22:15ean bigarrena. Zintzilikatutako dantzariak ez ezik, Juantxo Zeberioren musika ere entzungo da saioan, eta Paco Gramajeren proiekzio animatuak ikusi. Eta, Loraldiko aurtengo programako lehen saioan bezala, Toti Martinez de Lezeak ere hartuko du parte azken honetan.