Loraldia jaialdia

Loraldia festibal «indarberritua» antolatuko dute martxoaren 9tik 28ra bitarte

Askotariko diziplinak taularatuko dituzte jaialdiko parte hartzaileek, eta, berrikuntza bezala, rol jokoak eta kabareta ere jorratuko dira. Ikuskizun gehienak aurrez aurrekoak izango dira, eta hiru ekitaldi emango dituzte ‘online’.

Loraldia jaialdiko antolatzaileak, pademiaren eraginez moldatu behar izan zuten edizioaren aurkezpenean. FOKU
amaia igartua aristondo
2021eko otsailaren 24a
12:14
Entzun

Loraldia festibalaren seigarrena zatika antolatu behar izatea eragin zuen pandemiak iaz, baina ez du zazpigarrena bertan behera uztea lortu. Martxoaren 9tik 28ra bitarte egingo dute, eta, neurriak neurri, nagusiki aurrez aurrekoa izango den programazioa ondu dute jaialdiko antolatzaileek. Bilboko hamahiru areto eta gunetako oholtzetan askotariko diziplinak agertuko ditu aurten ere Loraldia festibalak: literatura, bertsolaritza, musika, dantza eta bestelako moldeak batu eta nahastuko dituzte hamaika sortzailek, eta, aurten, kabareta eta rol jokoak gehituko dizkiote eskaintzari. Hala, euskal kulturaren «adierazpenik berritzaileenak» ikusi ahalko dira aurten ere, antolatzaileek diotenez. Gainera, aurten jaialdi «indarberritua» ondu dutela nabarmendu dute.

Antolatzaileek adierazi dutenez, hiru helburu izan du aurten jaialdiko programazioak: «euskal sortzaile gazteak nabarmentzea, emakumeak oholtzara ekartzea, publiko berrietara heltzea eta memorian sakontzea». Horiek horrela, Olatz Salvador, Antxiñe Mendizabal, Haizea Martiartu edota Ainhoa Urgoitia ikusi ahal izango dira, Zetak taldeak ere ikuskizuna eskainiko du, eta euskal kulturako zenbait «erreferente» ere gogoan izango dira, hala nola Xabier Lete, Joseba Sarrionandia eta Agustin Xaho. Mikel Ayllon idazleak emango dio hasiera jaialdiari Zoriontsuak izatea aukeratu genuen azken liburuaren antzezlan eta solasaldiarekin, eta Opeileko erlea ikuskizunarekin bukatuko da festibala. Literatura, bertsolaritza eta musika uztartuko ditu horrek, Unai Elorriaga, Fernando Velazquez, Oihana Iguaran, Jone Uria eta Joseba Santxoren elkarlanari esker.

Internet bidezko eskaintza

Iazko edizioari berriro ekin ziotenean bezala, oraingo honetan ere esperientzia digitala eskainiko du jaialdiak. Zehazki, lau ekitaldi emango dituzte online: martxoaren 7an, Haatik dantza konpainiak Sustrai Colina, Xalbador edota Uxue Alberdiren bertsoak dantzatuko ditu, eta, martxoaren 20an, emakumeak eszenan duen tokiaren inguruan hitz egingo dute Olatz Salvador eta Idoia Azurmendi musikariek, Maddalen Arzallusen gidaritzapean, eta, solasaldia bukatu ondoren, biek batera abestuko dute. Bi horiek aurrez aurre ikusteko aukera ere egongo da. Beste bi emanaldiak, aldiz, Internet bidez baino ezin izango dira ikusi: martxoaren 13an, tradizioaz eta dantzaz diharduen mahai ingurua emango dute Oier Araolazak, Pantxika Telleriak eta Patxi Labordak, Iosu Garate moderatzaile dutela, eta, jaialdiak irauten duen bitartean, paseo dramatizatu bat ere eskainiko dute Arriaga antzokitik Isozaki dorreetara. Ikuskizunak Loraldiaren eta EITB-ren webguneen bitartez emango dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.