Londres, Banksyk zoologiko bilakatu duen hiria

Artista britainiarrak zortzi egun daramatza animaliak margotzen hiriburuko hainbat txokotan. Artistak berak sare sozialen bidez baieztatu du berak eginak direla.

Banksyren grafitia, gorila bat beste animalia batzuk askatzen ari dela. ANDY RAIN / EFE
Banksyren grafitia: gorila bat beste animalia batzuk askatzen. ANDY RAIN / EFE
2024ko abuztuaren 13a
13:00
Entzun

Zortzi egun, zortzi artelan. Ikusmina ugaritu da joan den astetik hona Londresko hiritarren artean. Izan ere, espezie ezberdinetako animalien grafitiak agertu dira egunez egun hiriko kaleetan. Katu beltz bat, uluka ari den otso bat, bi elefante eta tximu bat dira bildumaren ereduetako batzuk; Londresko zoologikoa izena jarri diote. Egunak argitu du gaur, eta, horrekin batera, beste obra bat ere agertu da: gorila bat oihal bat altxatzen, barruan ezkutatutako txoriak eta itsas txakur bat aske uzteko. Horrela, jarraipena eman dio artez eta iguripenez betetako bigarren asteari.

Obraren egilea Banksy da, Bristolen (Erresuma Batua) jaiotako grafitigile ospetsua. Kaleko artistak berak baieztatu du bildumaren egiletza, Instagram bidez; hamahiru milioi jarraitzaile ditu han. Esanguratsua da kopuru hori, haren anonimotasunak oraindik ere sor dezakeen oihartzunaren erakusle. «Banksy aktibo egon da hiru egunez jarraian; zerbait masiboa ikusteko prestatu behar dugu geure burua», zen artistak asteazkenean argitaratutako argazki bateko iruzkinetako bat. Esan eta egin, bete da askok egindako iragarpena: bristoldarrak irudi deigarriak utzi ditu hiri osoan. Badirudi, gainera, erritmoari eusteko asmotan dela.

Lehenengo artelanean —joan den asteko astelehenean agertutakoan— ahuntz bat agertzen da, Kew Green auzoan. Animalia erlaitz batean igota dago, eta haren mugimenduak zenbait harri lurrera erortzea eragiten du. Hori dena, horma horretan bertan dagoen egiazko segurtasun kamera bat lekuko dela. Hurrengo obrak, berriz, bi elefante irudikatzen ditu bi leihoren gainean, bata besteari begira. Badaude gehiago ere: katu beltz batek, antena paraboliko baten gainean ulu egiten duen otsoak, zubi batetik zintzilikatutako hiru tximinok, kotxe baten gainean igotzen ari den errinozeroak, fish and chips lokal baten gainean dagoen pelikano pare batek, pirañen arrainontzi bilakatutako polizia kabina batek eta, azkena, animaliak askatu nahi dituen gorilak.

Bildumaren esanahia

Hasieran, klima larrialdiaren inguruko salaketarekin lotu zuten askok Londresko zoologikoa. Izan ere, ikuspegi gero eta politikoagoa hartzen hasi da Banksy. Migrazioak eta gerrak oinarri dituzten hainbat lan egin ditu; horren erakusle dira Zisjordanian egindako grafitiak eta Ukraina eta Errusiaren arteko gerra salatzeko beste bat.

Kaleko artistaren ingurukoek, baina, azkar ezeztatu dituzte publikoak bilduma berriari emandako esanahiaren inguruko teoriak. The Observer egunkariak aipatutako iturrien arabera, artelan horien helburua litzateke herritarren gogoa indartzea, «albiste negatiboz betetako mundu batean, berdintasunik ezaz betetako testuinguru sozial batean». Horiek horrela, kaleko artistak zera nahiko luke, entretenimendua bermatzea Londresen bizi direnentzat, baita «gizakiak duen ahalmena» nabarmentzea ere, «jokoaren bidez, sormena zabaltzeko».

Hala eta guztiz ere, aurreko astetik hona hainbat izan dira artelan horien kontrako bandalismo saiakerak.

Azken bi asteetan egindako margolanen artean, hainbat arrazoi tarteko, gutxi batzuk dira bere lekuan eta ukitu gabe jarraitzen dutenak: bi elefanteetako bat gainetik margotu dute, errinozeroarena gizon batek hondatu du aerosolarekin; Peckham auzoan margotutako otsoa lapurtu egin dute; eta katu beltza, segurtasuna dela eta, erretiratu egin dute. Arte galeria bati emango diote azken hori.

Banksyren ibilbidea

Banksy ezizena besterik ez da. Egiazko izena misterio bat da oraindik ere, bere nortasuna isilean mantentzeko ahalegina egiten baitu artistak. Baina kaleko artistarik ospetsuenetakoa da, grafitian espezializatutakoa duela hainbat hamarkadatik hona. Pixkanaka, mezu politikoak txertatuz joan da bere artelanetan. Horien artean ezagunenetakoa Love is in the Air (2003) lana da, Betleemen (Palestina) egindako grafiti erraldoia, Zisjordaniako harresia eraiki ostean hura eraistea eskatzeko asmoz egina.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.