Musika

Lokaleko zulotik infernura

'Deabruaren doinuak' diskoa argitaratu du Oiartzungo Zilibito Records kolektiboak, orain arteko bigarrena. Donostiako Dabadaba aretoan ariko dira bihar, 20:30ean, Mr. Lukenekin batera.

Zilibito Records kolektiboko kideak. PATAPAL0
Zilibito Records kolektiboko kideak. PATAPAL0
Beñat Mujika Telleria.
2025eko urtarrilaren 16a
04:00
Entzun

«Zu gabe hobeto noz/ Jainkuan onduan beti deabrua do». Deabruari eta aingeruei ate joka aritu dira Zilibito Records taldeko kideak oraintsu kaleratu duten Deabruen doinuak disko berrian. Iazko otsailean, izen bereko EP bat plazaratu zuten, bost kantu bilduta, eta, urtebetez lanean aritu ondotik, EPa disko bilakatu dute. Aurrez sortutako bost kantuei beste zazpi gehitu dizkiete, eta, hala, hamabi kantu jaso lanean: Deabruaren doinuak, Iluntasuninfarolabat, 999 (Aingeruak), Paupau, F**k , Akhelare, Mamuak, N0H00K_ZR48, ParaZmol, DeNa JanNn, MalWare eta Txikitan. Diskoa sortzeko garaian, hainbat artista izan dituzte lagun, hala nola Malakias, Mr. Luken, Rally48, Xsakara, Etxepe eta Mutiko. Bihar Donostiako Dabadaban izango dira, Mr. Lukenekin batera.

Oiartzungo (Gipuzkoa) sei gaztek osatzen dute Zilibito Records taldea: Aner Orbegozo Toutz, Ander Goenaga Txuso, Jurgi Arbelaitz Arbe, Eñaut Arbelaitz Uto, Xabi Bergaretxe Xabi eta Ekain Telletxea Kaene. Gaztea irratiaren Maketa Lehiaketa irabazi zuten 2023an, eta Hastapenak diskoa argitaratu zuten orduan.

Telletxeak esan du «inolako ordenarik gabekoa» izan zela Hastapenak lehen lana. Oraingo honetan, baina, disko berriari «forma eman» nahi izan diote. «Lehendabizi EPa atera genuen. Buruan geneukan EPak luzapena izango zuela, baina ez genekien zer izango zen. Deabruen doinuak abestia sortu genuen lehenengo, hutsetik. Eta behin hori geneukanean, erabaki genuen deabruaren ildoari heltzea».

Patxi errementaria ipuinaren pasarte baten moldaketarekin abiatu dute diskoa —Malen Etxebestek idatzi du moldaketa—. Diskoan bildu dituzten kantu guztien antzera, kutsu mitologikoa du sarrerak ere, eta Mikel Mendizabal bikoiztaileak jarri dio ahotsa. Pieza horretan bertan aipatzen dute lehen aldiz diskoaren ildo den hori: deabrua. Gainerako kantuetan, behin eta berriro egiten diete erreferentzia antzeko pertsonaiei, hala nola aingeruari, Luziferri, Akerbeltzi... Gainera, oiartzuarrak izaki, sustraiak han dituztela erakutsi dute diskoko bigarren kantuan, Akhelare-n. Jaia eta festa irudikatzen dituzte hartan, baina herriari egindako keinuak ez dira falta. Izan ere, akelarrearekin batera intxixuak aipatzen dira, herri horretako festekin lotura estua duten pertsonaia mitologiko batzuak, alegia. «Guk argi daukagu nondik gatozen», esan du Telletxeak: «Gure herriko hainbat erreferentzia daude diskoan, oiartzuarrak baikara, azken finean. Zer etorriko zaigu burura, bestela? Gure inguruko gauzak. Eta horixe dira intxixuak».

Sustrai horiei tinko eutsi diete album osoan. Izan ere, herriari keinu egiteaz gain, euskalkian osatu dute albuma. Honela dio, adibidez, 999 (Aingeruak) kantuak: «Aingeru batek deitu du ta nik ez dut erantzun/ Zure izena izan balu biño jatorra ematentzun/ Zenbat denbo galdu dut lagunei enien entzun/ Oso berandu ikasi nun deabru bat zinela zu».

Lanketa handiagoa

Lehen diskoan erakutsi zuten trapa eta hiperpopa gustuko dituztela, eta, oraingo honetan, bestelako musika oinarriak baliatu dituzte. Besteak beste, popa, reggaetona, elektrolatinoa eta brasildar funka. Hainbat estilotan aritu dira, eta, beraz, askotariko kolaboratzaileengana jo dute diskoa biribiltze aldera. «Ez diogu mugarik jarri nahi izan geure buruari. Ez genero aldetik, eta ez kolaboratzaile aldetik ere». Hala ere, hainbeste kolaborazio egiteak bere denbora behar du, eta hori eragozpen izaten da askotan. «Ez da erraza izan, denboraz larri ibili gara. Data bat edo epe bat daukazu diskoa ateratzeko, eta, hainbeste kolaboratzaile izanda, hori betetzea ez dago bakarrik zure esku. Baina esango nuke ondo moldatu garela. Euskal Herria txikia da, eta gure gustuko artistekin kolaboratzeko aukera izan dugu».

Denbora gutxian, taldekideek asko aldatu dute musika sortzeko modua. Maketa Lehiaketa irabazteak musika ekipo sendoago bat erosteko aukera eman zien, eta horri lotuta daude bi diskoen arteko alde nagusiak. «Ekoizpen aldetik, desberdintasun handiak daude. Disko berrian guk ekoitzi dugu dena, oinarri guztiak guk produzitu ditugu, eta baliabideak ere oso desberdinak izan dira. Abestiak askoz gehiago landu ditugu soinu aldetik, eta gure produktoreak egin du nahasketa».

«Disko berrian guk ekoitzi dugu dena. Baliabideak ere oso desberdinak izan dira, eta abestiak askoz gehiago landu ditugu soinu aldetik»

EKAIN TELLETXEAZilibito Recordseko kidea

Irudiari dagokionez ere, lanketa berezia egin dute. Kaleratutako lanaren gaiarekin zerikusia daukaten irudiz beteta dago diskoa, eta Eñaut Arbelaitz kolektiboko kidea arduratu da horretaz. «Irudia oso garrantzitsua da gaur egun, eta Eñautek egin du diseinua goitik behera».

Dabadaba, aukerakoa

Disko berria atera dutenetik denbora gutxi pasatu da, eta kontzertu gutxi eman ditu taldeak lana aurkezteko. Bihar izango dute horretarako aukera, Donostiako Dabadaban. Leku berezia dela adierazi du Telletxeak: «Askotan egon gara agertokiari behetik gora begira, eta, orain, aukera izango dugu oholtza gainean egoteko».

Gainera, Telletxeak uste du biharko emanaldia mugarri izango dela taldearentzat: «Kontzertu berezia da, entzuleak ordaindu beharreko lehenengoetakoa baita. Gurea bezalako taldeentzat ez da erraza halako kontzertu bat ematea, ordaindu beharra dagoelako, eta sarrerak saldu egin behar direlako. Baina hori ere pizgarria da. Etortzen direnak etortzen direla, garrantzitsua da zu ikusteko ordaindu duenarentzat bete-betean aritzea». 20:30ean igoko dira oholtzara, eta sarrerak salgai daude Dabadabaren web orrian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.