Nafarroan pil-pilean dauden politika, kirol nahiz kultur albisteak jarri izan ditu LKN artistak bere irudien ardatzean, eta kalea izan du orain arte bere lanen erakustoki ohikoena. Egunotan, baina, haren hogei marrazki ikusgai daude Galar zendeako (Nafarroa) Morea saltokian ere. Apirilaren 7ra arte hantxe izango zirela hitzartu zuten artistak eta saltokiak, baina ez dela hala izango salatu du orain sortzaileak: adostutakoa baino lehen erretiratuko dituzte; hilaren 22an, hain justu ere. Arrazoia ere eman du: «Erakusketarekin bat ez zetorren talde batengatik egin dute hori, esku hartzea eta kexak aurkeztea erabaki baitzuen arrazoi erlijiosoak zirela medio».
Sare sozialetan argitaratutako ohar baten bidez salatu du artistak gertatutakoa, eta EFE albiste agentziarekin ere mintzatu da. Azaldu dionez, saltokitik harekin harremanetan jarri ziren, azaltzeko hainbat pertsonaren mezu elektronikoak eta deiak jasotzen ari zirela, kexaka, marrazkietan irudi erlijiosoak profanatzen zirelakoan. Osasunako jokalari bat Jesu Kristo gisa karakterizatzeagatik, edota sexu bereko beste pertsona batzuk elkar musukatzen agertzeagatik ei ziren kexa horiek, artistari azaldu ziotenez. Hala, jakinarazi zioten erakusketa aurreikusitakoa baino bi aste lehenago erretiratzea erabaki zutela.
«Obren helburua ez da inor iraintzea, inondik ere, baizik eta nire ikuspegi artistikoa eta hainbat arlotako jendeari diodan miresmena adieraztea, azken bost urteotan egin dudan bezala. Askotariko iritziak eta sinesmenak egoteak aberasgarria izan beharko luke 2024an, eta ez zatitzeko arrazoia, oraingo honetan gertatu den bezala», adierazi du artistak, sare sozialetan zabaldutako oharrean.
Era berean, sortzaileak eskertu egin du bere lanak erakusteko saltokiak emandako aukera, eta erakusketak egunotan izan duen harrera. Gertatutakoak sortzen jarraitzeko gogoa areagotu baino ez diola egiten gaineratu du. Eta aldarri batekin amaitu du oharra: «Artea baloratua eta errespetatua izan dadila munduan. Adierazpen askatasuna egia izan dadila, eta ez utopia bat».