Egilea: Arrate Egaña.
Ilustratzailea: Mari Mar Agirre. Argitaletxea: Erein.
Nikok sekulako ezustekoa hartu du bere urtebetetzeko oparia jasotzean: etxeko giltza! Harritu da, ezin uka. Eta, behin pentsatzen jarrita, oso opari ona da, zeren orain etxera nahi duenean sar liteke, beste inor ez dagoela eta etxejaun bihurtu... Ondo pentsatzen jarrita, bai opari ona!
Nikok ez dakiena da giltza xume horrek ahaztuko ez dituen bizipenen atea zabalduko diola. Beno, giltzak berak bakarrik ez preziso, baina bere lagun min Bittor eta Lilik duten endredatzeko gogoarekin elkarturik... ufa! Niko gizajoa, ez daki zer datorkion!
Abentura domestikoaren kutsua duen 8 urtetik gorako irakurleentzako narrazio honekin 29. Lizardi saria jaso du aurten Egañak, meritu osoz. Lehendik ere ohituta ginduzkan ezusteetarako gaitasuna erakusten du, irakurlearen jakin-mina bilatzen du eta lortzen.
Darabilen hizkerak eragozpenak sortu dizkit. Kultismoen edota orain mendebaldekoak, orain ekialdekoak diren hitzen ausazko erabilerak (txit, paratu, lez, ohoin, imintzio...) irakurketaren haritik aldentzen ninduen. Baina ez jarri zalantzan lanaren balioa horregatik.
Elkarrizketen eta narratzailearen arteko txanda etengabean, testuak erritmoa bizia du. Irakurketa atsegina eskaintzeaz gainera, Egañaren beste konstante bat den umorez betea.
Ezin ahaztu Agirreren ilustrazioak. Koloretsuak, lehen planoen bidez erretratuak diruditen eszenak erakusten, testuarekin noizbait ere kontraesanean dagoen kontrapuntua ematen digute. •
Literatura. Haur eta gazte literatura'GILTZA'
Lizardi saria 2011, meritu osoz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu