Literatura

Lizar Begoñak 'Mundu zitalaren kontra' nobela plazaratu du

Idazlearen lehen eleberria da. Benidormeko kiosko baten bueltan kokatu du istorioa, eta bi belaunaldiren arteko kontrasteak arakatu ditu. Igartza bekaren 25. aldiaren irabazlea izan zen.

Lizar Begoña, aurkezpenaren egunean, Donostian. JON URBE / FOKU
Lizar Begoña, aurkezpenaren egunean, Donostian. JON URBE / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2024ko apirilaren 6a
05:30
Entzun

Hondartza, eguzkia eta turistak oldeka; bai gau eta bai egun. Halakoa izaten da giroa askorentzat soil-soilik oporretarako den herri batean: Benidormen (Herrialde Katalanak). Etxe orratzei eta goraino betetako hondartzei lotuta dago hura iruditegi kolektiboan, baina han ere badira bestelako egunerokotasunari lotutako espazioak; adibidez, prentsa saltzen duen kiosko bat. Haren bueltan eraiki nahi izan du Lizar Begoñak bere lehen eleberriko istorioa. Mundu zitalaren kontra izenburua jarri dio, eta Igartza bekaren 25. aldiko lan saritua izan zen.

Udan girotu du Begoñak eleberria, eta hiru opor hilabeteen arabera egituratu du: Ekaina, Uztaila eta Abuztua dira liburuko hiru atalak. Pilar Colom Levanteko hondartzako pasealekuan dagoen kiosko baten jabea da, eta Bizkaiko neska bat joaten da lanera bertara, diru pixka bat lortzeko asmoz. Ez da kasualitatea egileak kioskoa aukeratzea nobelaren elementu nagusietako bat izateko. Izan ere, paperezko edukiak irakurtzeko dagoen geroz eta joera urriagoa erakutsi nahi izan du. Colomek bertatik bertara bizi izan du paperaren beherakada, eta langile gaztea, ordea, digitalizazio bete-betean hazi eta bizi da. «Egoera hori azaleratzeko metafora polita iruditzen zitzaidan kioskoa», adierazi du idazleak.

Bi protagonisten ahotsak tartekatu egiten dira nobelan; bakoitzak errealitate desberdinak bizi baititu. Colomek, bere negozioaren gaineko kezkak alde batera utzita, gaixo dagoen ahizpa zaindu behar du. Arazo sentimentalak dira, batez ere, neska gaztearen kezka iturri nagusiak. Bakoitzaren bizipenak bereizita badoaz ere, elkarren arteko interakzioa ere badago, eta, hain justu, Xabier Mendiguren Elkarreko editorearen ustez, bizipenen kontraste horrek «indarra» ematen dio kontakizunari.

«Antiliterarioa» den herria

Urte gutxian eraldaketa handia izan du Benidormek, egileak nabarmendu duenez. 1950eko hamarkadara arte, herri arrantzalea izan zen, eta sektore hark eragiten zituen irabazi ekonomiko gehien inguruan. Garai hartan alkate izan zen Pedro Zaragozak, ordea, turismoa erakartzeko politikak abiarazi zituen, eta orduan bihurtu zen Benidorm «turistaz betetako herri masifikatua», Begoñaren hitzetan. Eraldaketa horrek erakarri zuen, hain justu, idazlea: «Nahiko toki antiliterarioa da, eta horrek gordintasuna ematen dio kontakizunari».

Dena den, gaur egunean kokatu du eleberria Begoñak, eta, nahiz eta ez duen aldaketa prozesu hori zuzenean azaldu, pertsonaien arteko elkarrizketetan eta bizipenetan erakutsi du aldaketa hark herrian izan zuen eragina. Egun, jatorri ugaritako pertsonek egiten dute bat herriaren egunerokoan, eta hori bai esplizituki erakutsi du egileak. Ingelesez, gaztelaniaz eta katalanez idatzitako pasarteak ere txertatu ditu horregatik euskarazko testuan. Hautu horrek istorioa «lurreratzen» duela iruditzen zaio.

Ingelesez, gaztelaniaz eta katalanez idatzitako pasarteak txertatu ditu euskarazko testuan. Hautu horrek istorioa «lurreratzen» duela iruditzen zaio Begoñari.

Martin Parr argazkilariak 1970eko hamarkadan Benidormen egindako argazki sorta batek lagundu zion idazleari eleberriaren kokalekua aukeratzen. Ironiaz egin zituen erretratuak Parrek, han sortzen zen giroa «parodiatuz». Argazki horietako bat izan zen liburuaren azala sortzeko abiapuntua; Ainara Alkortak egin du.

Prozesu desberdin bat

Nobela bat idatzi duen lehen aldia izan da Begoñarentzat, baina ez da argitaratzen duen lehen lana. Bi poema liburu ditu plazaratuak aurrez: Aro beilegia (Balea Zuria, 2020) —Donostia Kultura poesia saria jaso zuen—, eta Gepardo japoniarrak (Susa, 2022). Azaldu duenez, eroso sentitzen da poesiaren munduan, eta, haren aldean, eleberriak «deskriptiboagoa» izateko aukera eman dio orain. Oso ezberdin bizi izan du idazketa prozesua: «Hein batean zirraragarria izan da, baina, momentu batzuetan, bertigoa sentitu dut».

Kontatu du, halaber, bere lan prozesuetan erabaki garrantzitsuak azken ordurako uztearen zale dela, eta hori berori gertatu zaio nobelarekin ere. Proiektuari izenburua aldatzea erabaki zuen azken orduan, eta, batez ere, azken aurreko kapituluari egiten dio erreferentzia orain Mundu zitalaren kontra izenburuak. Begoña: «Protagonistek problematika desberdinak izan arren, biek dute mundu zitalaren aurkako jarrera».

25. Igartza deialdia irabazi zuen Begoñak nobelaren proiektuarekin, eta hamabi hilabete izan ditu proiektua liburu bihurtzeko. Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak (Gipuzkoa) eta CAF enpresak antolatzen dute Igartza sariketa, eta 26. deialdiaren irabazlea iragarria dute jada: Irati Irizar. Urtebete barru argitaratuko da haren lana, eta ekainaren amaieran amaituko da, berriz, 27. aldiko lanak aurkezteko epea. Gainera, antolatzaileek sariaren zenbatekoa igoko dute aurten: aurrerantzean, 10.000 euro banatuko dituzte —6.000 euro ziren lehen—. Xabier Mendiguren Elkarreko editorearen hitzetan, bide «oparoa» du bekak: «Zorionekoak gara, euskal kulturari asko eman baitio».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.