Literaturia eta Ikusi Mikusi azokak bertan behera geratu dira

Ane Eslava.
2020ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Osasun krisiaren ondorioz, udaberrian egitekoak ziren literatur azokak bertan behera utzi behar izan dituzte. Literaturiaren kasuan, maiatzaren 29tik 31ra egitekoak ziren, Zarautzen (Gipuzkoa),baina antolatzaileek geroratzea erabaki dute. «Artistak jakinaren gainean jartzen ari gara, eta udalaren zain gaude, jakiteko noiz egingo dugun eta ea formatuari eustea izango dugun», azaldu du Yoseba Peña antolatzaileak. Aurten zazpigarrenez ospatu behar zuten azoka.

Bestelakoa da Ikusi Mikusiren egoera, aurten estreinatu behar baitzuten proiektua. Galtzagorri elkarteak, Kiribil konpainiak eta Pamiela argitaletxeak sustatua da, euskara hutsean egindako haur eta gazte literaturari espresuki eskainitako lehen azoka izan behar zuen. Gaur eta bihar ospatu behar zuten, Saran (Lapurdi). Erabakia hartzea mingarria izan dela aitortu du Paxkal Indo Kiribil konpainiako kideak: «Tripako minarekin hartu genuen, baina ikusten genuen gerta zitekeela».

Datorren urterako utzi dute

Alarma egoera ezarri baino lehenago erabaki zuten azoka ez ospatzea; izan ere, 1.000 haur inguru biltzea aurreikusten zuten, eta arriskutsuegia iruditzen zitzaien. Edonola ere, azokak harrera ona izan du, eta horrek erakutsi du, Indoren hitzetan,proiektua «hutsune bat betetzera» zetorrela.

Erabaki dute egitasmoa datorren urteko udaberrirako uztea, eta eguna zehaztua dute jada: martxoko azken asteburuan izango da. «Euskal liburuaren asteburu oso bat egin nahi dugu: lehen hiru egunetan Ikusi Mikusi izango da; igandean, Sarako Biltzarra, eta astelehenean, Sarako Biltzarraren egun profesionala», azaldu du Indok. «Gauza polita izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.