Literaturaz gaindiko itzulia

XV. Gutun Zuria jaialdiak itzulpengintza izango du ardatz, martxoaren 28tik apirilaren 2ra. Kirmen Uribe, Cristina Morales, Sara Mesa eta Jhumpa Lahiri ariko dira hizlari, besteak beste

Gutun Zuria Bilbao jaialdiaren aurkezpena, atzo, Bilboko Azkuna zentroan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2022ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
«Ilusioz gainezka gaude, behingoz jaialdia normaltasunez egin ahal izango dugulako». Pozik azaldu da Gonzalo Olabarria Azkuna Zentroko administrazio kontseiluko lehendakaria Gutun Zuria Bilboko Letren Nazioarteko jaialdiaren aurkezpenean. Aurtengo aldiak itzulpengintza izango du ardatz, eta, Anjel Lertxundi idazlearen Itzuliz usu begiak saiakeran oinarrituta, Itzuliz usu mundua leloa hautatu dute festibalaren hamabosgarren aldirako. «50 gonbidatu baino gehiago izango ditugu, hainbat euskarritan», zehaztu du Fernando Perez Azkuna zentroko zuzendariak. Martxoaren 28tik apirilaren 2ra bitarte egingo dute, eta egitarau «zabala, askotarikoa eta kalitatezkoa» prestatu dutela aurreratu dute: «Berezia izango da».

Jaialdiaren antolatzaileek azaldu dutenez, etengabe lekualdatzen ari den munduari egiten dio erreferentzia aurtengoak. «Ez dio itzulpenari fenomeno literario gisa begiratzen, munduan egoteko eta hura aldatzeko modu gisa baizik», azaldu du Rakel Esparza programazio arduradunak. Eta horixe bera islatzen du aurtengo kartelak ere: mihi zuri bat ageri da, eta esperimentatzeko eta harresiak eraisteko deia egin nahi zaio ikusleari.

Kulturartekotasuna, identitatea, ama hizkuntzak, itzulpengintza eta literatura generoen mugak izango dira, besteak beste, jaialdian jorratuko diren gaietako batzuk. Orotara, 30 ekitalditik gora antolatu dituzte: tartean, ikuskizunak, solasaldiak, topaketak eta aurkezpenak. Gonbidatuen artean, berriz, Kirmen Uribe, Miren Agur Meabe, Cristina Morales, Santiago Auseron, Theodor Kallifatides eta Jhumpa Lahiri idazle entzutetsuak izango dira.

Programazioari dagokionez, egunero eskema bera izango dute. Goizetan topaketak eta liburu aurkezpenak egingo dituzte; arratsaldetan, elkarrizketa saioak, eta, gauetan, berriz, poesia errezitalak.

Hala ere, publiko aurrean egindako solasaldiak izango dira ekitaldi gehienak, eguneko bi: 17:00etan eta 19:30ean. Santiago Auseron musikari eta idazlearen eta Iñaki Esteban kazetariaren arteko solasaldiarekin emango diote hasiera. Eta, ondotik, besteak beste, Miren Agur Meabek eta Eduardo Mogak itzulpenaren eta idazketaren arteko bidegurutzeaz hitz egingo dute; Cristina Moralesek, Uxue Alberdik eta Elaine Vilar Madrugak, aitaz, aberriaz eta patriarkatuaz; Gabriela Wiener eta Bibiana Candia «kolonialismo mutanteez» ariko dira Beñat Sarasoalrekin, eta Unai Elorriagak, Xuan Bellok eta Yolanda Castañok, berriz, autoitzulpena izango dute hizpide Autoitzulpena: bi eskuz idaztea mahai inguruan.

Kulturaren Atrioa gunea, bestalde, poemagintzaren gune bihurtuko da jaialdiak iraun bitartean. Diziplina ugarik egingo dute bat poesia errezitaldi bakarrean, eta formatu tradizionaletik urrunduko den ikuskizuna eskainiko dute.

Horrez gainera, jaialdian liburu aurkezpen bi ere izango dira: Oscar Gomezen Catálogo de derivas katalogoa eta Kirmen Uriberen Izurdeen aurreko bizitza eleberria.

Hain zuzen, Uriberen eta Sara Mesa idazle eta kazetariaren arteko topaketarekin emango diete amaiera elkarrizketa saioei, eta Afrika Bibang abeslariaren kontzertuak itxiko du jaialdia ondoren.

Iaz bezala, aurrez aurrekora joan ezin duten horiek aukera izango dute ekitaldiak streaming bidez ikusteko. Baina, horrez gainera, solasaldiei buruzko hausnarketak eta eztabaidak ikusteko aukera ere izango da jaialdiaren webgunean. Horietan parte hartuko dute, besteak beste, Aitor Etxebarriak, Angel Errok, Manel Ollek, Vivian Abenshushanek eta Yasnana Elena Aguilarrek. Gutun Zuria Irratiaren bitartez, podcastak ere entzun ahal izango dira.

Alicia Martin artistak sortu du Gutun Zuria Bilbao jaialdiko ikus-entzunezko pieza: Transferencias. BBK Mediatekako garbiketako materiala baliatuz osatu du pieza, eta hiriko hainbat gunetan egongo da ikusgai. Gainera, auditoriumean, artistaren Contemporaneos lana ere ikusi ahal izango da, jaialdiaren bueltako liburu, pentsamendu, gogoeta eta ezagutzak partekatuz.

Berritasun ugari

Jaialdiaren izenetik abiatuta, Bilbao hitza gehitu zaio orain arteko Gutun Zuria jaialdiari. «Hiriaren garrantzia eta balioa nabarmentzea izan da aldaketa horren arrazoi nagusia», azaldu du Olabarriak. Era berean, «nazioarteko kutsua» azpimarratu du Perezek, gonbidatu zerrenda luzea izateaz gainera, jaialdiak mundu osoko gaiak jorratzen dituelakoan.

Jaialdia «hiri osora» hedatuko dela ere nabarmendu dute antolatzaileek. Izan ere, Poz Pop izeneko liburutegi mugikorra Bilboko plaza batetik bestera joango da egunero-egunero, eta herritarrek liburuak arakatzeko aukera izango dute.

Proiektua eskoletara zabaltzeko helburuarekin, berriz, goizero topaketak antolatuko dituzte ikasleekin. Gazteak narrazio forma berrietara, literaturara eta komikigintzara hurbiltzea izango da asmoa, eta Uxue Alberdi eta Aiora Jaka izango dira gonbidatu, besteak beste.

Amaitzeko, jaialdiak plaza publiko bat ere izango du: Z Espazioa. Gune «bizia eta dinamikoa» izango dela aurreratu dute antolatzaileek, eta itzulpengintzarekin zerikusia duten proiektuak, ikerketak eta argitalpenak erakutsiko dituzte bertan.

Azken bi urteetan nabaria izan da pandemiaren eragina Gutun Zuria jaialdian. Gogoan izan dute pandemiaren lehen urtean, 2020an, liburu bat kaleratu zutela jaialdian parte hartzekoak ziren hamazazpi egileren testuekin. Joan den urtean, berriz, indarrean zeuden segurtasun neurrietara egokituta egin zuten jaialdia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.