«Idatzi duzun olerkia editoreari/ beharrean pasatu badiozu letratuari/ hori ez da poesia/ eta ez zara poeta./ Baina guztiz sinetsita nago/ gezur sumarioetatik harago/ egin genuena kontatu behar dudala/ egin zigutena kontatu behar dudala». Lehen orrietatik igar daiteke lekukotza eman beharraren urgentzia Mikel Sotok (Iruñea, 1978) argitaratutako lehen poema bilduman. Neurri batean, bertso lerrotan emandako autobiografia politiko bat da Suak pizten direnean (Elkar), eta lehen eskutik eskaintzen du 1990eko hamarkadako kale protesten eta poliziaren errepresioaren kronika. Apaindurarik gabeko kontaera hautatu du horretarako, eta, dioenez, «zintzotasunez» aritzea izan da bere buruari ezarri dizkion aginduetako bat torturak, atxiloketak, kale borroka deitutakoa eta beste hamaika kontatu ahal izateko. «Hau nire historia da, baina ez dut kontatu bakarrik nirea delako, baizik eta hori baino gehiago izateko asmoarekin, eta garai hura nirekin bizi izan zutenek ontzat eman dute». Hamahiru urtez aritu da editore lanetan Txalaparta argitaletxean, eta hau da idazle modura egin duen lehen argitalpena.
Esan ohi da poesia dela literaturan esan ezin denaren mugatik gertuen dabilen generoa, eta liburu hau ez ote doan, tarteka, baita politikoki esan ezin denaren mugaraino ere.
Ez. Saiatu naiz ertzeraino ez heltzen, baizik eta esaten eta kito. Pentsatu nuen ziklo politikoaren aldaketak zintzotasun berri bat ahalbidetzen zuela. Aurreko zikloan bazen oraindik existitzen den legezko kortse bat, baina baziren bestelako kortse batzuk ere, eta zintzotasun berezi batez hitz egiten saiatu nintzen. Uste dut liburuaren emaitzan jendeak igartzen duela tratatzen diren gaiez gain, badela, Oier Guillan parafraseatuz, zintzotasun basati bat.
Liburu hasierako poemetako batean esaten duzu poemak abokatuari bidali zenizkiola editoreari baino lehen. Lizentzia poetiko bat da edo benetan bidali zenizkion?
Bizi garen estatuan bizi gara, eta jendeak zigorrak dauzka kartel bat jartzeagatik, rap hitzak egiteagatik, edo esaldi logikoak egiteagatik esanez erregea torturatzaileen buruzagia dela. Orduan, gauza bat da erabateko askatasun artistikoz jokatzea, eta beste gauza bat da idatzitako hori erakustea abokatuari, azalduz ariketa poetiko bat egin dudala, eta iritzia eskatuz. Zoritxarrez, gurean halakoak egin behar dira oraindik.
Beldurra eta mina dira liburuaren lehengai nagusietako bi.
Oso presente dago beldurra, eta horri nola aurre egiten diogun gizakiok, eta, zehazki, nola egin diodan aurre nik. Gaztetan poesia idatzitakoa nintzen, baina denbora neraman idatzi gabe. Baina Asier Serranok eta Mikel Gorosabelek hitz batzuk eskatu zizkidaten, eta beldurrari buruz aritzea jarri zidaten baldintza bakartzat. Onartu ez onartu egon nintzen, baina, egia da nire bizitzan beldur handia pasatutakoa naizela, eta naizen pertsona ere osatzen duela horrek. Egin nituen hitzak, eta hortik tiraka hasi nintzen. Gainera, pena nuen nik kontatzen dudana apenas dagoelako kontatuta.
90eko hamarkadako mugimendu politikoa da kontatzen duzun hori; ez dakit mugimendu iraultzaile esan ahal zaion...
Labur eta zabar esanda, batez ere 90eko hamarkadako bigarren erdialdean izan zen kale borrokaren eta gazte adierazpide horren kontakizuna da liburua, baina, aurrera egin ahala, adarkatzen hasten da. Liburuaren aurkezpenetan esaten dut liburuak kontatzen duela norbait altxatu den unea, ze ez dakit esatea badagoen altxamendu bat burutu genuela, baina egia da altxatu egin ginela.
«Bake armatua» adierazpidea darabilzu liburuan sasoi hura deskribatzeko, baita «intentsitate txikiko gerra» ere.
Intentsitate txikiko gerra aipatzen dut gogoratzen dudalako Ipar Irlanda ezagutu nuen lehen aldia. Beti egiten ziren paralelismoak Euskal Herriko eta hango gatazken artean, baina hara heltzean ohartu nintzen hango biolentzia eta militarizazio maila beste bat zela. Baina egia da bake armatuarena ere, Iruñean, 90eko hamarkadan gertatzen ziren gauzak sekulakoak zirelako. Urte gutxiren buruan bi gazte koman eduki genituen, bata ke pote batek kolpatuta, eta bestea pilotakada bat zela eta, begi mordo bat galdu ziren, nik neuk etxera nindoan batean hortz bat galdu nuen... Formalkibake eta demokrazia bat zegoen, baina gertatzen ziren gauzetako batzuek ez zeukaten diktadura garaian gertatutakoekin hainbesteko alderik. Nire kuadrillako lagun bat, 17 urterekin, Chinchilla kaleko komisariako laugarren solairuko leihotik kanpora zintzilikatu zuten poliziek.
Ez da literaturan asko landutako sasoi bat, diozunez. Diktadura sasoiko antifaxismoa kontatu izan da, eta ETAren azken urteak ere kontatu dira; agian zailtasunak daude erdiko gune gris hori kontatzeko?
Printzak badaude han-hemenka, baina badago kontatu gabe gelditu zen parte bat. Nik, hasieran irakurle gisa eta gero editore nintzela, espero nuen aterako zela norbait kontatuko zuena, baina ez dago apenas ezer. Ez dut uste gertatu zen horretan bilatu behar denik horren motiboa. Gure aurrekoek, adibidez, [Jose Luis Alvarez Enparantza] Txillardegirekin hasi eta Mikel Albisurekin amaituta, oso gauza zailak kontatu dituzte. Nik uste dut gure belaunaldiaren kontu bat dela, baina ez dakit zergatik ez garen animatu kontatzera. Oso belaunaldi agrafoa atera gara. Nik baino hobeto kontatuko zuen norbaiten esperoan egon naiz, baina inor agertu ez, eta, azkenean, saiatzea erabakitzen duzu.
Polizia pilo bat dago liburuan, eta itxaropen izpi batzuk.
Europako lurralderik militarizatuena izatera heldu izan ginen.
Eta itxaropen izpiena?
Gatazka horretan parte hartu zuen eta parte hartze hori onartzen duen pertsona bat naiz, baina uste dut Iruñeko gazte guztiek bizi izan zutela errealitate hori. Polizia horiek hor zeuden, eta zuk bazenekien, nahiz eta zu inongo mobidatan ez egon, kolperen bat jasotzeko aukera zegoela. Baina liburuan badaude esperantza izpi horiek ere, egia da. Garai ilunetan argi asko ere egoten da. Esan ohi da bizitzeko gogorra dena, gero, oroitzeko goxoagoa izaten dela, eta, alde batetik, badago horretatik zerbait; eta, gero, badago izaera kontu bat ere, ze nik badaukat baikortasunerako eta alaitasunerako joera. Bestalde, politikoki engaiatzen zarenean, une batetik aurrera, konturatzen zara era natural batean, ez dagoela D Egun bat edo garaipen egun bat; izatekotan ere, garaipen txiki pilo bat daudela, baina garaipen horiek ere berriro eramaten zaituztela dena birplanteatzera. Alde horretatik, nik, ezkerreko militante gehienek bezala, ulertzen dut militantzia bizitzeko jarrera bat bezala: altxatu, erori, erori berriro, altxatu, irabazi, erori berriro... Hori gogorra bada ere,niretzat bizitzaren parte oso-oso eder bat da, eta hortik datoz baikortasun printza horiek.
Profesionalizazioa poemak fase aldaketa bat deskribatzen du. Mugimendua militarizatzen joan zen heinean, desagertu egin ziren asanblea kaotikoak, eta haien laudorio moduko bat egiten duzu testuan.
90eko hamarkadaren bigarren partean, hainbat borroka intentsitatean irabazten doazen heinean, intsumisioarena edo euskal presoak Euskal Herriratzearen aldekoa, kasu, estatuak ere gogortu egiten du jarrera, eta, alde horretatik, gaztediaren erantzuna ere gogortu egiten da. Gezurra dirudi, baina poeman kontatzen dena lehenago gertatzen zen, eta tipo mordo bat hasten ziren eztabaidan, kaputxa jantzita, ea leku batera edo bestera joan. Baina une batetik aurrera irudia jada ez da hori, baizik eta jende mordo bat, baina oso argi daukana nora joan, harriekin beharrean, koko pilo batekin doana, eta koko horiek ere jada ez dira trapuz egindakoak, baizik eta automatikoak, eta beste aldean ere igarri egiten da fase aldaketa eta gogortze hori. Aurrean baldin badaukazu Espainiako Estatua bezalako estatu bat, legedia bortxatzeko prest dagoena, aldatzeko, eta behin aldatuta ere, haren gainetik pasatzeko, katastrofe batzuk gertatuko dira, eta oraindik gauza terrible asko ikusteko geunden.
Egin ez zenuen delitu bat egotzita, atxilotu, torturatu eta bi urtez eduki zintuzten kartzelan. Zure lagunek hara idatzitako eskutitzei buruzko poema bat baduzu haien testuen balioa goratuz, ez onak direlako, baizik eta egia diotelako. Zuretzat, egiarena balio literario garrantzitsua da?
Alde batetik, zaila da esatea zein den egia absolutua, pertsona eta ikuspuntu asko daudelako tartean, baina badaude egia diren gauza batzuk, eta badaude gezur manifestuak diren gauza batzuk. Eta, bestetik, beti pentsatu izan dut literatura egiari buruzko ariketa bat dela, edozer idazten duzula ere. Stephen Kingek Misery idazten duenean,ia-ia terrore gotikozko narrazio bat kontatzen du, baina esaten du denborarekin ohartu zela bere menpekotasunari buruz ari zela, eta egia hori errebelatu egiten da narrazio gotiko horretan. Edozer kontatzen duzula ere, literaturak egiaren errebelazio bat bilatzen du. Eta ni eseri naizenean idaztera ere iparrorratz nagusietako bat egia izan da. Are gehiago, ez dut ulertzen zehazki nola idazten den egia bilatu gabe, idazlea eta aukeratutako formula literarioa edozein direla ere. Batzuetan egia kontatuta ere poemak ez dira behar bezain onak, baina egia kentzen badiozu literatura oso herrena jaiotzen da hasieratik. Une batean zalantzan zaudenean testuaren aurrean, nire ustez beti egiak markatzen du iparra, ze gero badaude modak, eta badaude imitatu nahi diren gauzak... Eta iparra horretara jartzen baduzu, emaitza ez da ona, eta hori idazle batentzat katastrofe bat da. Bizitzan, beraz, inportantea da egia, baina literaturan ezinbestekoa.
Hamahiru urtez izan zara Txalaparta argitaletxeko editore, eta oraingoa da zure lehen liburua. Nola onartu diozu zeure buruari idazle izaten hastea? Nola desaktibatu duzu zugan bizi den editore hori?
Ez dut desaktibatu. Nik esango nuke editore izateak balio izan didala gauza batzuk hobeto egiten saiatzeko. Neurri batean, editorea irakurle oso kabroi bat da; poema edo esaldi bakoitzaren aurrean galdetzen dio bere buruari hau zergatik dagoen horrela eta ez beste modu batean, edo hori betelana ote den... Uste dut [Gustave] Flaubertek esaten zuela literaturan sobran dagoen guztia doilorra dela. Hori ikusi behar da. Badago jende bat senezko poeta dena. Ikusten duzu Leire Bilbao edo Jose Luis Otamendi eta senezko poetak dira. Ni saiatu nintzen idazten hasi baino lehen ahalik eta erabakirik onenak hartzen. Zintzotasunarena izan zen bat. Poesia hautatu izana zen bestea, kontatu nahi nuena kontatzeko gravitas bat eskaintzen zidalako. Eta gero kalitatearen kontua ere hor zegoen. Aitortzen dut oso astuna izan naizela horretan, eta, bereziki, Iratik [Jimenezek], liburuaren lehen irakurle eta editorea izan denak, aguantatu behar izan duela hori. Kostatu zait liburu asmoari liburu deitzea. Gurean, baina orokorrean ere bai, literaturan amaitu gabeko liburu gehiegi ateratzen dira, oraindik egiteko lan gehiago zutenak. Editore izateak parte horretan laguntzen ninduela uste dut.
«Errazagoa sartuko da/ aberats bat euskal prentsara/ pobre bat gure komunitatearen/ jostorratz estuaren begitik baino». Klasista da euskal kultura?
Nire ustez, gizarte sareekin auto-narrazioaren kontua leku nahiko estranbotikoetara heldu da. Niretzat harrigarria da soldata, autoa eta etxea dauzkan jende bat ikustea bere buruari prekario deitzen. Gauza batzuk argiro gezurra dira. Esaldi hori duen poema da autorretratu ariketa bat, eta amaieran dator euskal prentsari egindako kritika hori, aipatutako joera horien katalizatzaile den neurrian. Iritziak eta gutunak daude, eta hor ere autonarrazio piloa dago, ze subalternoak garenez gure izatearen parte batzuetan, hori hedatzen dugu zentzu guztietara eta amaitzen dugu gauza benetan terribleak esaten. Gure herrian dauden baldintza sozialekin eta baldintza materialekin, eta dauden egoera benetan gogorrekin gu gauza batzuk esaten ibiltzea obszenoa iruditzen zait. Horren salaketa dago. Baina, noski, salaketa horretara iristeko biluzte ariketa sakon bat egin behar nuen, eta bi parte horiek hartzen ditut kontuan poeman neure buruaz hitz egiteko.
Mikel Soto. Idazlea
«Literaturari egia kentzen badiozu, herren jaiotzen da»
Fase politiko berriak «zintzotasunez» aritzeko aukera eskaini diola sinetsita, Sotok 1990eko hamarkadako gatazken lehen eskuko kronika egin du 'Suak pizten direnean' poema liburuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu