Luis Mari Mujika

Literaturaren toponimoa

Idazle, toponimia ikertzaile, literatura aditu, euskaltzale, euskaltzain urgazle eta 'Egan' aldizkariko zuzendari, atzean bibliografia zabala utzita hil da Luis Mari Mujika, 77 urterekin.

GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
2017ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Ukitu existentzialista nabarmena eman zion 1978an argitaratutako Joanez joanean poemari Luis Mari Mujika poetak (Lizartza, Gipuzkoa, 1939- Donostia, 2017): «aldiaren lasterra/ ezin gerarazi/ (esan, negu okre hau/ uda nola itzuli!),/ ardo harro-gaiztoak/ gaur dirade ur isil,/ piztien begi gaitzak/ sagar ustel egin,/ oro alferrik bada/ zergatik ahalegin?». Baina ia erabat erretorikoa bilakatzen da testua bukatzen duen galdera hori bere ibilbide nekaezinari erreparatua. Idazle, toponimia ikerlari, hiztegigile, literatura kritikari, Egan aldizkariko zuzendari eta euskaltzain urgazlea, 77 urterekin hil da, Donostian, atzean bibliografia oparoa utzita, eta euskal kulturaren aldeko ahalegin sorta nabarmena eginda.

Filologia ikasketak egin zituen, eta Euskal Herriko Unibertsitateko Irakasle Eskolan aritu zen irakasle, baina, nagusiki, literaturan, toponimian eta euskalgintzan egindako lan nekaezinagatik izan da ezagun.

1963an argitaratu zuen bere lehen literatur lana, eta 24 lan baino gehiago eman ditu argitara geroztik. Poesia landu zuen hasieran, nagusiki, eta horren lekuko dira, besteak beste, Bide giroak (Sendoa, 1963), Urdin eta burni (Auñamendi, 1965) eta Hitzak ebakitzean (Kriseilu, 1975) liburuak. Existentzialismoaren eta sinbolismoaren artean dabil gehienetan bere luma, baina, bere garaikideek landutako bidearen kontrara, neurtitzetan aritu zen bera bere ibilbidearen zatirik handienean. Literatur sari gehien irabazi duen euskal idazleetariko bat ere izango zela kalkulatu zuen, esaterako, Felix Ibargutxi kazetariak Auñamendi entziklopediarako idatzitako artikuluan.

Eleberriak, kronikak eta saiakerak ere eman zituen argitara. Memoria galduak (Hiria) eleberria argitaratu zuen, adibidez, 2000. urtean. Bilbon kokatu zuen kontakizuna ordukoan, frankismoaren azken urteetan, eta azken unean EAJ alderdira afiliatu berri den gizon bat da liburuko protagonista. Komenentzia hutsez, bandoz aldatu zen burgesiari egindako kritika bat zen liburua, idazlearen hitzetan. Bestela ere, 1936ko gerran kokatutakoak dira bere beste liburuetariko batzuk.

1990eko hamarkadan hartu zuen Egan aldizkariaren zuzendaritza, eta luzea da egindako literatura ikerketen zerrenda ere. Nabarmentzekoak dira, esaterako, euskal lirika tradizionalari eskainitakoa, Lizardiren poesiari buruz idatzitakoa eta Txomin Agirreren nobelagintzari eskainitakoa ere. Hemezortzi liburu kaleratu zituen Gipuzkoako toponimiari buruz, eta Arabako toponimia ere sakon ikertu zuen. BERRIA egunkariari eskainitako elkarrizketa batean aitortu zuenez, gainera, ikerketa hutsaz haragokoa zen bere asmoa: «Araba euskararen lurraldea dela frogatzea izan da nire helburua». Euskal Herrian Euskaraz elkartea bultzatzen ere aritu zen, besteak beste.

Barne ibilerak II deitu zuen bere azken literatur lana (Hiria, 2007). Paisaiak zuen garrantzia azpimarratu zuen orduan. «Ingurune fisikoak gure baitan oihartzun pertsonalista ukan du, eta poemak horren ispilu eta isla dira, guretzat ederdura edo estetika kanpoan ikusiaren barne oihartzuna baino ez baita». Liburu hari idatzitako iruzkinean galdera egin zion bere buruari Jon Kortazar kritikariak: «Galdetu behar diot neure buruari, eta galdetu sistemari zer gertatzen den ibilbide luzeko idazleekin, berri-berri ez direnekin, puri-purian ez daudenekin, baina dena dela beren lanean sinestu eta lana kaleratzen dutenekin». Eta galdera batekin borobiltzen zuen gogoeta: «Zer egiten du gure sistemak periferian geratu direnekin?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.