Azkeneko urteetan, frantses letrek notizia onak aurkitu dituzte paperez betetako maleten barruan. 2021eko udan, Jean-Pierre Thibaudat kazetariak Louis-Ferdinand Celine idazlearen eskuizkribu argitaratu gabe bat entregatu zien Celineren ondorengoei, haren eskuetara iritsitako maleta batean aurkitua, antza. Horren ondoretan, Gallimard etxeak berriki argitaratu du Guerre, Celinek bukatua utzi, baina ustez sute batean galdutako eleberria. Celinerena gutxi ez, eta, beste muturrera joanda, Irene Nemirovskyren hilondoko argitalpenen historiari beste katebegi bat erantsi zaio berriki, Suite frantsesa-ren parte baten berridazketa aurkitu baita. Adituentzako txikikeria hutsa irudi lezake, baina, kontuan hartuta Suite frantsesa nobela ez dagoela bukatua, aurkikuntza ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.
2004an argitaratu zen, Nemirovskyren ondorengoek amaren maleta zaharrak irekitzeko adorea bildu eta deskubritu zutelarik ezen «amatxoren koadernoa», idazlea kontzentrazio esparrura joan aurretik haren seme-alaben zaintzapean geratu zena, ez zela eguneroko nahaspilatsu bat edo apunte solteen bilduma bat, espero zuten bezala, baizik eta nobela proiektu luze baten aurreneko bi atal bukatuak osatzen zituztela, ia bere hartan publikatzeko moduan. Proiektuari buruzko ohar sorta ere bazekarren koadernoak. Bi parte horiek ale bakarrean bilduta argitaratu zen Suite frantsesa, eta sekulako arrakasta izan zuen: hizkuntza ugaritara itzuli zen berandu gabe —2011n atera zen euskaraz, Mikel Garmendiaren eta Jose Antonio Sarasolaren itzulpenean—, eta Renaudot saria irabazi zuen kaleratu zen urtean bertan.
Idatzi zen garaian bertan dago girotua nobela, 1941ean naziek Frantzia okupatu zuten aldian. Lehen atalak, Ekaineko ekaitza izenekoak, pertsonaia multzo baten ihes betea kontatzen du; kontakizun korala da, pertsonaia talde askotariko bat kinka berean nahasita aurkezten duena, Paris naziek okupatutik ihesean. Hasierako partetik nabaritzen zaio Nemirovskyri errealismo egiati baterako jaidura: pertsonaien eta haien klase sozialen erretratua ezinago da zolia, anbiguoa eta konplexua, eta enpatia adina kritikarekin daude taxututa denak: burges aberats faltsuak, zerbitzari xumeak, idazle goranahi luxuzaleak, langile penatuak... Gelditu ezin batean harrapaturik daude, Paristik alde egin beharrak hartaratuta, beste milaka lagunen desplazamenduaren uholdearen erdian.
Inpartzialtasun harrigarria
Lehen parteko ihesari bigarreneko egona jarraitzen zaio, Nemirovskyk herri txiki okupatu batean girotzen baitu istorioa, handik atera ere gabe. Sentimendu muzinduak eta harreman zapuztuak lege diren maitasun istorio bat kontatzen du Dolce parteak, batetik interes handiz deskribatuz —aurreko parteko errealismo nahiaren bidetik— nolakoa zen landatar frantses askotarikoen biziera okupazioaren pean, bestetik humanismo eta enpatia erdiragarria erakutsiz pertsonaia guztiei, baita okupatzaileei ere. Harrigarria eta miresgarria da, batik bat Nemirovskyren istorioa eta akabantza ezagututa, nola izan zen kapaza literaturaren bitartez halako trataera humanoa emateko soldadu okupatzaileei, noiz, eta haiengandik iheska ari zen bitartean hain justu.
Bigarren atalaren bukaeran, irakurleak gehiago du bi nobela labur irakurri izanaren irudipena ezen ez nobela bat, hain denez mehea bi kontakizunak lotzen dituen haria. Aintzat hartu beharra dago Nemirovskyk buruan zuen nobela bost parteko suite bat zela, musika klasikoko terminoari helduz, eta, ikusita nolako oharrak utzi zituen hurrengo parteetarako, pentsatzekoa da askoz kontakizun kohesionatuagoa eta luzeagoa aterako zitzaiola. Inon esan zuen Tolstoiren Gerra eta bakea bezalako zerbait zeukala gogoan, eta bere garaiko fresko handi bat marraztu nahi zuela. Astirik ez, ordea. Hala eta guztiz ere, urruntasun eta inpartzialtasun harrigarriz kontatzen du dena, nahiz eta ez zuen denborarik izan behar bezalako distantzia hartu eta perspektibaz erreparatzeko bizitzen ari zen guztiari. Nemirovskyk berebiziko gaitasuna erakusten du, okupatzaileen gizatasunean sakontzeko ez ezik, baita gertakariak antolatu eta orainaldiari nobelagilearen begirada aplikatzeko ere. Haren kontakizunak ez dauka inolako behin-behinekotasunik; ezinago urruti dago kazetaritzatik edo lekukotzatik.
Idazmakinako bertsioa
Bada, testu aurkitu berria Ekaineko ekaitza lehen partearen berridazketa bat da, orain arte publikatu eta irakur zitekeena baino askoz ere laburragoa. Gainera, harrigarriki, ez da eskuizkribua, idazmakinaz pasatutako bertsioa baizik, eta horrek aditzera ematen du seguru asko behin betikoagoadela orain arteko bertsioa baino. Horrek, jakina, dilema sakona planteatzen du: testu berriak ordezkatu egiten al du orain arte milioika irakurlek leitu dutena? Zaharrari zirriborroaren kategoria eman beharko litzaioke bertsio laburragoaren mesedetan? Pentsatzekoa da bertsio laburtua hobeto egokituko zitzaiokeela idatzi gabe geratu zen nobela osoaren luze-laburrari, eta beste lau parteen orekan pentsatuz laburtu zela; hortaz, nobela bukatu gabe dagoenez gero, zilegiago ote da bertsio luzea leitzen segitzea, zeina azken finean kontakizun arrunt baten gisan irakur baitaiteke? Galdera erretorikoak dira, noski, eta denborak esango du zer bertsio gailentzen den azkenean. Bien bitartean, trasteleku eta biltegietan abandonatutako maleta zaharrak arakatzen segitzea besterik ez da geratzen, hurrengo harribitxi literario ahaztua non agertuko.
Literaturaren maleta galduak
Aurten laurogei urte dira Irene Nemirovsky idazlea Auschwitzen hil zutela. Haren 'Suite frantsesa' eleberriak naziek Frantzia okupatu zutenekoa kontatzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu