Geldotasuna behar du idazleak bere lana egiteko, «pausoa bainoago, pausa». Hori hala bada, nolatan ageri da hain sarri ibiltzearen ideia literaturan? Galdera horri tiraka, ibiltzearen eta literaturaren arteko harreman hori aztertzen du Hegats aldizkariaren 60. zenbakiak. «Literatura ibilian ideia hartuta, monografiko bariatu bat egiten saiatu gara, eta eduki guztiak ideia horrekin lotzen», azaldu du Oier Guillan idazle eta antzerkilariak. Berak zuzendu du argitalpenaren zenbaki berria, eta Mikel Ayllon idazle eta antzerkilariarekin solasean aurkeztu du azokan.
«Pertsonalki oso interesgarria iruditzen zaidan gai bat da ibiltzeak zer-nolako isla duen literaturan, bai unibertsalean bai euskal literaturan», adierazi du Guillanek. Gaiari bueltaka hasi, eta «lasai asko» saiakera bat idazteko adina eman zezakeela iruditu zitzaion. «Niretzat erronka izan da horri aldizkari forma ematea, eta, behin forma hori emanda, aktualitatearekin lotura ere eduki behar zuen». Hala, gaiari buruzko aipu eta erreferentzia literarioak biltzen dituzten testuak eraman ditu monografikora, baina baita aktualitateari lotuago dauden beste pieza batzuk nahiz kolaborazioak ere.
Hiru erreportaje dira aldizkariaren ardatza, Nagore Legarretaren argazkiekin ilustratuak hirurak ere. Eta ibilbide bat proposatzen du horietako bakoitzak, Guillanek esplikatu duenez. Ibiliaren ideia literatura unibertsalean nola islatu den aztertzen da testuetako batean, idazleek gaiari buruz utzi dituzten testuak oinarri hartuta. Beste batek, berriz, euskal literaturaren geografian barrena ibiltzeko gonbita egiten du, beste hamaika aipu eta gogoeta lagun hartuta. Eta azken ibilbideak performancearen ikuspegitik begiratzen dio gaiari. «Beste erreportaje hirukoitz bat ere badago», gehitu du Guillanek; izan ere, «azkenaldian, literatur sarean dauden ekitaldien artean, ibiltzearen ideiarekin kointzidentzia» sumatu du zenbait kasutan, eta, Literatur komunitatea ibilian izenburupean, hiru adibide ekarri ditu monografikora: Bilbon dabil Gabriel Aresti, Karmelo Landak abian jarritakoa; Hernaniko Kale Literatura egitasmoa; eta Oiartzungo Poesia Egunak.
Erreportajeekin batera, hiru elkarrizketa ere badira aldizkarian. Zoo ipuin liburuaren egile Goiatz Labandibar idazleari egindakoa da lehena. Guillan: «Justu hori ibiliaren kontrara doalako iruditu zitzaidan interesgarria; leku batean geldirik geratu, kasu honetan kanpin batean, eta erradiografia bat egiten duelako. Ibiltzeko beste modu bat da geldirik egotea, eta horren inguruan egiten da gogoeta». Irati Majuelo itzultzaile, bertsolari eta BERRIAko literatur kritikaria du protagonista bigarren solasaldiak; Euskal eleberrigintza urbanoaren irakurketa feminista bat. Flâneuse garaikidearen aukerak izenburuko tesiaren egilea da, eta ikuspegi feministatik aztertu du euskal literaturan flâneuse-en oihartzuna. Eta hirugarrenean, Juanra Madariaga da elkarrizketatua; Guillanek gogora ekarri du ibiltzearen inguruko gogoeta ugari bildu zituela idazleak eSPedizioa (Txalaparta, 2015) saiakera literarioan, eta gaiaren arrastorik ere ageri dela haren poesiagintzan.
Idazleak ere, ibilian
Kolaborazioen artean, gaia aldez edo moldez hizpide izan duten hainbat egileren testuak ere jasotzen ditu aldizkariak. Horien artean daude Karlos Linazasorok Ez naiz ondo akordatzen (Elkar, 2024) liburuan flâneur-aren gainean eginiko gogoeta eta Irati Zubiak figura berari buruz idatzitako zutabea, besteak beste. Bestalde, berriki liburu bana plazaratu dieten hiru idazleri —Asel Luzarraga, Edu Zelaieta eta Lizar Begoñari— «ariketa praktiko bat» proposatu zien Guillanek: «Instrukzio batzuk jarraitu behar zituzten, paseo bat eman, beren obrarekin ekintza bat egin, eta testu bat idatzi behar zuten. Eta testu horiek ekarri ditugu aldizkarira».
Kolaborazioen artean dago, halaber, Urruzuno literatura lehiaketako bost idazle gaztek idatzitako testua, Poxpolo-kutxa bat eta lau etapa izenekoa. Eta Piszifaktoria Ideien Laborategiko kideek ibiltzearen inguruan idatzitako zenbait testu ere erreskatatu dituzte aldizkarirako.