Literaturaren B aldea

Joxemiel Bidadorrek 'Nafarkaria'-n argitaratutako dozenaka artikuluen artean, literaturaz mintzo direnak batu eta editatu ditu Aritz Galarragak liburu batean

Aritz Galarraga liburuaren editorea eta Bidadorren emazte Idoia Sara Iruñean izan ziren atzo, liburuaren aurkezpenean. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Naiara Elola.
Iruñea
2016ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
«Zu zara Nafarkaria-n astero artikuluak argitaratzen dituen Joxemiel Bidador? Oso gaztea zara! Idazten zuena 80 urteko monje kaputxino bat zela uste nuen», esan zion behin Piarres Xarritonek. Aritz Galarragak ekarri du gogora pasadizoa. Joxemiel Bidador idazle eta irakasleak (Iruñea, 1970-2010) argitaratutako artikuluak batu, aukeratu eta editatu egin ditu Pamiela argitaletxeak argitaratu duen Klasiko bitxi, arront klasiko liburuan. Egunkaria-ko Nafarkaria astekariko kolaboratzaile izan zenaren testuen bidez, euskarazko literaturaren alde ezezagunena azaleratzea da asmoa. «Halakorik egon zitekeenik ez genuen uste; Bidadorrek erakutsi zigun», aitortu du Galarragak.

Gazte hil zen Bidador, 40 urte besterik ez zuela. Hala ere, oso idazle emankorra izan zen. 25 urte zituela argitaratu zuen lehenengo artikulua. Ikertzea izugarri maite zuen, eta, horregatik, maiz joaten zen Iruñeko eta Gasteizko artxiboetara, besteak beste. Galarragak onartu duenez,izugarrizko harrobia topatu du liburuaren izenburu bera zuen Nafarkaria-ko sailean argitaratutako 262 artikuluetan.

Alor askotako gaiak lantzen zituen arren, muga nonbait jarri behar, eta literaturaz mintzo direnak hautatu ditu editoreak. Alde horretatik, gogora ekarri du irakurle gehienentzat ezezagunak ziren idazleak azaleratzeko Bidadorrek zuen berezko gaitasuna: «Kakotx artean autore handitzat jotzen diren idazleak ez dira ia agertzen; sarritan bigarren mailako izendatzen direnak, aldiz, lehen planoan jartzen ditu». Bidadorren jokamolde horrek erabat harrapatu du Galarraga. Horregatik azaldu du kaleratu berri duten liburuak euskal literaturaren B aldearen berri ematen duela, «euskal literaturaren historia osatua».

Liburu mardula da, ia 500 orrialdekoa, eta irizpide kronologikoen arabera dago antolatua. 1537. urtean Juan Zumarraga gotzainak idatzi zuen lehenengo testu luzeaz mintzatzen den artikulua da liburuan irakur daitekeen Bidadorren lehen sorkaria. Azkena, berriz, Bidadorrek Nafarkaria-n argitaratu zuen azkena.

Unibertso ezezaguna

Euskal testu zaharrak irakurtzeko duen zaletasunari esker izan zuen Joxemiel Bidadorren berri Galarragak aurrenekoz: «Testu zaharren bat irakurtzen ari nintzela eta, bila hasi, eta sarritan iristen nintzen Bidadorren Nafarkaria-ko idatzietara». Idazle iruindarraren lanak inon jaso gabe zeudela jabetuta, liburu bat egitea otu zitzaion. Josu Landak zenbait artikulu jarri zituenwww.armiarma.euswebgunean, baina ez guztiak. Hala, Patxi Larrion idazlearekin jarri zen harremanetan, Bidadorren lagun minetako bat baitzen Larrion. Besteak beste, haren omenez iragan urtean egindako pastoralaren sustatzaileetako bat da.

«Berehala esan zidan Larrionek egingarria zela», dio apailatzaileak. Hala, Pamielarekin harremanetan jarri ostean, Galarraga lanean hasi zen liburua burutan ateratzeko. «Bidadorren unibertsoa ez nuen ezagutzen, baina haren adiskideei esker ezagutu ahal izan dut». Larrion eta Santi Leone idazleek lagunduta, Bidadorren etxera joan zen, haren ordenagailuan testuak bilatzera.

Bilaketa hari esker, «izugarrizko ezustekoarekin» egin zuten topo. Izan ere, diskete bat topatu zuten, liburu baterako edizio lana egina zuen dokumentua gordetzen zuena. «Lana erdi egina zegoen; ez zegoen amaituta. Esan beharra daukat nik egin dudan edizioa ez dela Bidadorrek egindakoaren aldean hain ezberdina», azaldu du, pozik, Galarragak. Dena den, argi utzi du ez dela erabat egileak nahi zuena. Izan ere, liburuan ez zegoen artikulu guztientzako tokirik, eta literaturarekin lotura zutenak soilik hautatu dituzte. Gainerakoak, www.pamiela.com webgunean jarri dituzte.

Hizkuntzan aldaketak

1995 eta 2001 bitartean idatzi zituen liburuko artikuluak Bidadorrek. Orduz geroztik, euskara «izugarri» aldatu da. Ondorioz, Galarragak edizio linguistikoa ere egin behar izan du. «Ez dut edizio inbaditzailea egin nahi izan. Esentzia gorde nahi izan dut», azaldu du. Izan ere, Bidadorren prosa oso berezia zen. Ziurrenik, idazteko zuen moduagatik pentsatu zuen Xarritonek 80 urteko kaputxinoa zela. Gainera, prentsan argitaratutako artikuluak izaki, sarritan gaurkotasunarekin loturak egiten zituen, eta hor ere moldaketak egin ditu editoreak.

Bestalde, Jose Angel Irigarai Pamielako arduradunak azaldu duenez, Bidadorren lana ez da bukatzen Klasiko bitxi, arront klasiko liburuarekin: «Merezi du haren lana ezagutaraztea eta zabaltzea. Zubi lana egin zuen 1936ko gerraren ondorengo eta egungo belaunaldien artean». Sortzaile eta ikertzaile nekaezina izan zen Bidador. «40 urterekin hil zen, baina nik 80 urteko hiru bizitzatan egin ahal izango ez nukeena egitea lortu zuen», dio Galarragak.

Irigaraik iradoki du aukera «dezente» dagoela oraindik ere Bidadorren Baternaingo etxean (Zizur, Nafarroa) altxor ezezagunak bilatzeko, eta Klasiko bitxi, arront klasiko ez dela izango haren lanetatik abiatuz egingo den azken liburua. Beraz, idazlearen lanean sakontzen eta ikertzen jarraitzeko gonbita egin du, luze gabe beste lan batez «gozatu» ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.