Literaturako hiri ereduez jardungo dute Bilboko Gutun Zuria jaialdian

Hanif Kureishi, Abraham B. Yehoshua, Elena Poniatowska eta Anjel Lertxundi izango dira, hilaren 7tik 10era

Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2010eko urriaren 2a
00:00
Entzun
Literaturan ageri diren hiri ereduak aztertuko dituzte Gutun Zurian, Bilboko Alondegiak antolatutako jaialdian. Adostasun zabalez gain, gatazkak ere izaten dira hirietan. Alegia, zenbait literatur lanetan hiriak muturreko jazoeren agertoki izaten dira, pertsonaia bihurtzeraino. Beste obra batzuetan hiririk ez da ageri, eta, hain justu, horrek markatzen du lana, hots, hiritik aparteko bestelako espazioak. Hala, hiriarekin nolabaiteko lotura duten literatur lanen egileak izango dira Gutun Zurian, heldu den ostegunetik igandera.

Hanif Kureishi, Elena Poniatowska, Abraham B. Yehoshua, David Trueba eta Alex de la Iglesia izango dira, besteak beste, Bilbon. Eta literatura beste arte adierazpide batzuekin uztartuko dute, diziplinen arteko lotune eta eraginak aztertuz, betiere hiria ardatz gisa harturik. Euskarazko sortzaileak ere izango dira Bilboko literatur jaialdian: Anjel Lertxundi, Karmele Jaio, Yolanda Arrieta, Txuma Murugarren eta Jon Arretxek parte hartuko dute.

Hain zuzen, Arretxerekin, Murugarrenekin eta Jaiorekin hasiko da festibala, hilaren 7an izango den mahai-inguruarekin. Jon Kortazarrek gidatuko du saioa. Literatur ikerlariak azaldu duenez, hiru sortzaile horien lanetan hiriaren oso ikuspegi ezberdinak jasotzen dira: kosmopolitismoa, aldiri eta auzoak eta hiririk eza.

Egun horretan, halaber, Nuria Barriosek Abraham B. Yehoshua elkarrizketatuko du; «egia ofizialaren ertzean» kokatzen da Yehoshua. Hilaren 8an, Silvia Intxaurrondok David Trueba zinemagilea elkarrizketatuko du; eta horren ondotik, Elena Poniatowskak Mexiko Hiriak bere narratiban duen itzalaz mintzatuko da Jose Andres Rojorekin. Hilaren 9an, Juan Bas, Pedro Ugarte eta Yolanda Arrietaren txanda izango da. Eta, ostean, Antonio Lozanok Hanif Kureishi elkarrizketatuko du.

Hilaren 10ean, Miguel Gonzalez San Martin, Anjel Lertxundi eta Juan Infanteren mahai-ingurua izango da, Iñaki Estebanek moderatuta. Eta Jorge Gerrikaetxebarriak Alex de la Iglesia elkarrizketatuko du.

Horretaz gain, Lutxo Egiak 2.0 Sare Hiria mintegia emango du hilaren 7an. Eta Hiroaki Umeda koreografo japoniarrak Adapting to distorsion eta Haptic piezak erakutsiko ditu hilaren 7an eta 8an.

Poesia eta Kantua Donostian

Poeta eta musikari ezagunen parte-hartzea izango dute Poesia eta Kantua jardunaldiek, etzi hasi eta urriaren 6ra bitarte, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Emanaldi guztiak doan izango dira, 19:30ean hasita.

Etzi, astelehenarekin, Txoria zaude isilik emanaldia eskainiko dute Juan Kruz Igerabide poetak,Oihane Igerabide harpa jotzaileak, Amaiur Kajaraville kontrabaxu jotzaileak eta Iñaki Telleria perkusionistak, Juan Kruz Igerabideren poemak eta Iñaki Telleriaren musika uztartuz.

Asteartean, Itxaro Borda poeta, Pier Paul Berzaitz kantaria, Karlos Gimenez pianista eta Xanet Arozena gitarra jotzaileak Itxaro Bordaren poemak eskainiko dituzte, Poesia bi bozetan emanaldian. Asteazkenean, azkenik, berak hautatutako testuak irakurriko ditu Harkaitz Cano poetak, Xabi San Sebastianen zuzeneko musikarekin eta ahotsen manipulazioekin, Ahotsetan saioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.