LITERATURA. Proposamen estetiko bat

2010eko azaroaren 7a
00:00
Entzun
'HAU KOADERNO BAT ZEN. HAU KOADERNO HAREN BERRINTERPRETAZIOA DA'

Egilea: Maialen Lujanbio.

Argitaratzailea: Mondragon Unibertsitatea.



Proposamen estetiko bat

Leire Lopez Ziluaga

Duela hiru urte hasi ziren eskaintzen Euskal Kulturgintzaren Transmisioa izeneko graduondokoa Mondragon Unibertsitatean, 2007-2008 ikasturtean. Arduradunen arabera, hauxe da haren helburua: «Corpus batean biltzea euskal kulturgintzari buruzko jakintza, barreiatua dago-eta, eta belaunaldi gazteei transmititzea». Kulturari buruzko adituek eta arlo horretan arituek ematen dituzte mintegi txikiak, astean behin.

Graduondoko titulua antolatu zuten lehen urtean izan zen ikasle Maialen Lujanbio, eta eskola haietan oinarritutako liburua da Hau koaderno bat zen. Hau koaderno haren berrinterpretazioa da. Izen luzeak liburuaren izaerari buruzko zenbait argibide ematen dizkigu: eskolako koadernoa izan zen, eta izandako koaderno haren arrastoak aurkituko ditugu orrialde ilunetan txertatutako koaderno zatietan; arrastoak diot, erakusten zaizkigun zatiekin ez baitugu esaldi osorik irakurriko, are gutxiago ahapaldirik, baina zeri buruz ari ziren jakingo dugu. Transmisioaren irudi ere izan daitezke jatorrizko koadernoaren argazkiok. Eskolan entzuten dugunetik jasotzen dugunera zerbait galtzen da, eta beste hainbeste bigarren transmisio maila batean, jaso nahi dena informazio osoa bada, behintzat. Badirudi horixe esan nahi digula irudiokin. Koadernoan idatzitako eskola oharrak ere badaude, ordenagailuaren galbahetik pasatuta; koadernoan bertan jaso zuen bezala lehenengo, hizlarien ahotan ikastaro osoa zeharkatu zituzten gaien arabera antolatuta gero. Eta ikastaroetan jasotako ideiekin egileak emandako hitzaldi baten eskema, zati hau nolabait ixten duena. Hortik aurrera, egileak bertsoa erabiliko du graduondokoan azaldu diren zenbait gairi buruz hitz egiteko, eta sormen prozesuaren zati handi bat erakutsiko digu.

Transmisioari buruzko ikastaroan esandakoaren transmisiotzat hartu ahal izango genuke liburua, baina transmiti daiteke bere horretan beste norbaitek esandakoa? Gure eskuetara heldu diren testu asko ez ziren argitaratzeko sortu edo ez zituzten egileek idatzi, esate baterako, Aristoteleren testu esoterikoak edo Saussureren Hizkuntzalaritza orokorreko ikastaroa. Eta, adibidearekin jarraituz, badakigu bidean Aristoteleren zerbait galdu zela, eta ez txikia, eta, berak idatzitakoaz gainera, besteek haren lanaren gainean egindako interpretazioak ere badela Aristotele. Transmisioa sortzailea denean da interesgarria, transmisioaren hartzaileak ezusteko tokietara heltzeko erabiltzen duenean. Kasu honetan, Lujanbiok bere esparrura eraman du jasotakoa, eta lan osoa ikus dezakegu azken bertsoetarako bide gisa. Azken batean, sormen prozesua da hemen erakusten zaiguna, eskolako oharretatik bertsoetara doana. Baina liburuaren amaieran sortutako bertso horiek ez dira liburuaren emaitza; hala izango balitz, bertsook soilik jasoko genituzke. Hemen sormen prozesua bera da emaitza.

Liburu arrunt bat bezala irakurtzen duena aspertu egingo da, ideia berak irakurriko baititu behin eta berriro, batzuetan aldaketarik gabe. Ikastaroan egon zirenek ikasitakoa jaso nahi duena ere ez du asebeteko liburuak. Berritasunak irakurri nahi dituenak ez du sekulako aurkikuntzarik egingo, kulturaren eta, bereziki, euskal kulturaren arloan askotan esandakoak diren hainbat gauza aipatzen baitituzte aditu zein arituek. Liburua proposamen estetikoa da, sormen prozesuaren aldarrikapena. Aukera estetikoa da apunteak bere horretan ematea, testua osatu gabe; akatsak ez ezabatzea; azpimarrak gordetzea, bertso osaturako bidea zirrimarra eta guzti erakustea; maketazioa. Aurreiritzirik gabe irakurtzeko liburua da, zer pentsa ematen duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.