Literatura ospatuz

Laugarrenez hasi zen atzo Larrabetzuko Literaturia euskal letren jaialdia. Lauaxetari omenaldia egin zioten lehen eguneanSortzaile eta irakurleen arteko gertuko harremanak dira jaialdiaren bereizgarri

Lauaxetaren gabardina aurkezteko ekitaldia, atzo, Literaturiaren lehen egunean. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Larrabetzu
2012ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Bidaia luzea egin zuten atzo Larrabetzun izateko pijamaz jantzitako alkate zoro batek eta ikusleei txakolina eskaintzen zien zerbitzariak. Urte askoko bidaia egin behar izan zuten, Literaturiaren inaugurazioan egoteko, baina, literaturak dena posible egiten duenez, garaiz heldu ziren, guztion oroimena astinduz. Kukubiltxo antzerki taldearen Inorako bidaia azken laneko pertsonaiak ziren biak: gerra garaian, patera batean Mexikora erbesteratu behar izan zuten, beste zazpi euskaldunekin batera. Esteban Urkiaga Basabe Lauaxeta poetari omenaldia egin zioten gero, gaueko ekitaldi nagusian, Lauaxeta: Ez zuten poeta fusilatu literatura eta musika uztartzen dituen emanaldiaren bidez. Izan ere, Literaturiak, Lauaxetari omenaldia egin nahian, poetaren figura hartu du aurtengo ardatz.

Txaber Errazti gudariak Lauaxetak fusilatu zuten egunean zeraman gabardina gorde du 40 bat urtez, eta haren testigantzarekin hasi zuten topaketa. Taula gainera igo ziren musikariak gero, eta Lauaxetaren poema musikatu bana kantatu zuten Javier Muguruza, Txuma Murugarren, Anje Duhalde, Petti, Mikel Urdangarin, Eñaut Elorrieta, Francis Diez eta Rafa Rueda musikariek. Goizalde Landabaso idazle eta kazetariak emanaldirako apropos idatzitako zenbait testu tartekatu zituzten kantuen artean,Landabasok berak eta Ane Zabalak irakurrita. Ekitaldia amaitu aurretik, poetak bizitzako azken orduetan idatzitako Azken oihua olerkia eta haren heriotza sententzia irakurri zituzten gero. Omar Nabarrok emanaldirako bereziki idatzitako poemarekin eman zioten amaiera.

Goizetik literatura ospatzen

Jaialdia gauean hasi bazen ere ofizialki, Larrabetzuko herria goizean goizetik murgilduta zegoen literaturaren ospakizunetan. Antolatzaileak lehen orduetatik zebiltzan kalean gora eta behera, prestatu beharreko azken lanetan. Azokako postuak ere liburuz betez joan ziren pixkanaka-pixkanaka, eta Larrabetzuko eskolako gaztetxoak Anguleri kultur etxera bildu ziren, Joseba Sarrionandiaren ipuinekin gozatzeko prest. Sarrionandiaren mundua bere egin zuten Ander Lipus eta Miren Tirapu aktoreek antzeztutako Idazlea zeu zara, irakurtzen duzulako lanaren bidez. Arreta handiz jarraitu zituzten istorioak, eta horien parte bihurtu ziren, betiere, literaturaz gozatuz.

Hala, berriro ere euskal literatura ospatzeko helburuz heldu da aurten laugarrenez Literaturia: «Irakurle eta idazleen arteko topaketak dira jaialdiaren ardatz», azaldu du Gotzon Barandiaran antolatzaileak. Eta, izatez, gertutasuna da festaren bereizgarri nagusietako bat. Irakurleek asko estimatzen dute herriko kaleetan eta plazan idazleekin hitz egin ahal izatea, eta giro ederra sortzen da urtero herrian. Horretan zeresan handia du Literaturia irakurzaleek auzolanaren bidez gauzatutako jaialdia izateak.

Liburuetan idatzitako literaturak ez ezik, kantatutakoak, errezitatutakoak eta antzeztutakoak ere lekua dute Literaturian: «Euskal literatura ahalik eta bere adierazpide gehienetan erakutsi nahi dugu», zehaztu du Barandiaranek. «Eta euskarazko literaturarekin soilik plazak bete daitezkeela erakutsi », gaineratu du.

Josu Camara Kukubiltxo antzerki taldeko kide eta Ehaze Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkarteko presidenteak azaldu bezala: «Letrek gure gizartean izaten duen presentzia txiki hori erraldoitzen da Literaturian. Inguru horretan antzerkia ez da beti egoten, eta, hemen, festa txiki erraldoi honetan ez da ahazten. Neurri horretan, auzolan honetan inplikaturik sentitu gara, bai Kukubiltxo moduan, bai Ehaze moduan».

Barandiaranek aurreko urteetako edizioen oso balorazio ona egin du: «Oso harrera ona izan dugu. Guk, egia esan, ez diogu kantitateari begiratzen, begiratzen diogu sortzaile, hartzaile eta antolatzaileen arteko hartu-emanari, eta horri ematen diogu garrantzia». Antolatzaileak ez ezik, sortzaileak ere oso pozik daude Literaturiarekin. «Ezinbestekoa da gure artean horrelako sareak osatzea», Ander Lipusen iritziz. «Gu oso pozik etortzen gara holako gune libre eta herrikoietara,non euskaraz gozatu, sentitu, eztabaidatu eta bizi gaitezkeen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.