Badirudi argitaletxeak euskararako itzulpenen aldeko apustua egiten ari direla azkenaldian. Asteon izan dugu azken adibidearen berri egunkari honetan bertan: Ereinek eta Alberdaniak Batera izeneko bilduma sortu dute elkarrekin, nazioartean onetsitako liburuen itzulpenak argitaratzeko. Orain dela gutxi arte, Literatura Unibertsala bilduma eta Igela argitaletxearen itzulpenak alde batera utzita, ez zegoen erdaraz argitaratutako liburuak euskaraz irakurtzeko aukera handirik. Uda ostean argitaratuko diren itzulpenetako bat da, hain zuzen, Nagore Tolosak itzulitako Fahrenheit 451 nobela, Txalapartak argitaratu berri duena.
Guy Montag suhiltzailea da Ray Bradburyk XX. mendearen erdialdean idatzitako distopiaren protagonista. Montag bizi den toki eta garaian, sua itzali beharrean, liburuak erretzeaz arduratzen dira suhiltzaileak. Izan ere, liburuak debekatuta daude, irakurtzen dituztenei pentsarazi egiten dietelako, eta pentsatzeak zoriontasunetik urruntzen dituelako pertsonak. Denok dakigu azkarra izatea kondena bat dela. Antzematen ez duten bakardadean gustura isolatzen dituen hedonismoan bizi dira liburuko pertsonaiak: ez dute elkarrekin hitz egiten, telebista bizi interaktibo bihurtu diren egongelako hormak begiratzen igarotzen dute denbora, pilulak hartzen dituzte, itsas oskolak jartzen dituzte belarrietan soinu isolatzaileak entzuteko. Jokabide arrotzak, inondik inora. Gauzak aldatuz joango dira Montagek Clarisse gaztearekin eta Faber irakaslearekin topo egin eta liburuen gaineko interesa pizten zaionean.
Bradburyk 1953an idatzi zuen Fahrenheit 451, McCarthy senatariaren eraginpeko garairik gogorrena hastear zenean. Bost urte lehenago 10 zentaboko komikiak erretzen hasi ziren New Yorken, eta beste toki batzuetara zabaldu zen irakasleek, apaizek eta gurasoek bultzatuta. Liburua argitaratu zen urtean, berriz, komunista edo komunisten adiskide omen zirenen liburuak Estatu Batuetako liburutegietatik ateratzeko agindu zuten, eta zenbait tokitan liburu horiek erre zituzten. Telebista ere orduantxe ari zen zabaltzen etxeetara, 1948an berreskuratu baitzen II. Mundu Gerraren ondorioz geldiarazitako ekoizpena. Beraz, sortu zen garaiarekin lotura handia du liburuak, baina ez da zaharkitua geratu, eta gero eta zailagoa egiten da horrelako nobelak zientzia-fikziozkotzat hartzea.
«Erremediorik gabeko erromantikoa zara», esaten dio Faberrek Montagi 125. orrialdean. Eta liburuari buruz horixe bera esan dezakegula pentsatu nuen nik esaldia irakurritakoan. Irakurketaren ikuspegi erromantikoa baitu Fahrenheit 451-k: liburuek pentsatzen laguntzen dute, eta irakurleak kritiko bihurtzen; hortaz, liburuak inprimatzen hastea, eta haiek diotena jendeari ezagutaraztea da herritarren alienazioa bukatzeko modua. Hala ere, eta beste adibide erromantiko bat jartzearren, gainerako adierazpide artistikoak ez daude debekatuta, baina liburuak ez die irakurketari ematen zaion indar eraldatzaile bera ematen.
Erreparo horiek alde batera utzita, liburua oso gustura irakurri dut. Nobela laburra da, betegarririk gabea. Zentsurari, telebistari eta kritikotasunari buruz hausnartzeko bidea ematen duenez, egokia izan daiteke eskoletan irakurtzeko (eta honekin ez dut esan nahi helduek irakurtzeko aproposa ez denik, jakina). Euskararako itzulpenei gaztetatik zaien ezinikusia amaitzen hasiko ginateke agian. Gainera, literatura zein ona den ikasiko dute ikasleek. Eta hobe literatura ona dela literatura onarekin ikastea.
'FAHRENHEIT 451'
Egilea: Ray Bradbury.
Itzultzailea: Nagore Tolosa.
Argitaletxea: Txalaparta.
LITERATURA. Literaturak salbatuko gaitu (nola ez)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu