LITERATURA. Literatura femeninoa. Femeninoa-edo

2010eko urriaren 3a
00:00
Entzun
Aste osoan izan dut bueltaka Iratxe Retolazak zutabe honetan gaur zortzi idatzi zuena. Zera esan zuen, euskal literaturan autobiografiak egin dituzten emakumeek, normalean, ez dutela beraien bizitza kontatzeko egin. Baizik eta senitarteko zuten gizonen baten bizitzaren lekukotza emateko. Ez dagokio inori ondokoak zer idatzi behar duen esatea baina beraien bizitzen balioa ikusten ez duten zenbat emakume ez ote diren egongo pentsatzera eraman nau kontuak.

Eta anekdota ekarri dit gogora. Ikusezinez ari naizela.

Bizkaiko Foru Aldundiaren liburutegian idazle bizkaitar klasikoen erakusketa zegoen. Aresti, Axular, Mogel, Lauaxeta, Agirre. Begira nengoen: argazkiak, poema zaharrak, testuak. Erakusketa egitearen ardura zuenetako batek esan arte ez nintzen jabetu. «Zelan aldatu dan argazkia, ezta?» Ez nuen esan nahi zuena ulertu eta «gizonak» esan zidan, «danak dira gizonak». Gabriel Aresti, Pedro Axular, Juan Antonio Mogel, Estepan Urkiaga Lauaxeta eta Txomin Agirre. Denak gizonak. Baina ez nintzen harritu eta zera esan nahi du horrek, ez nintzela konturatu. Generoa, maskulinoa denean, ikusezina delako.

Emakumearen kasuan, ostera, generoa ez, andrea da ikusezina. Plazara agertzen denean generoa beti ikusten zaio, batzuetan ikusten den gauza bakarra da. Galdu dut kontua. Baina zenbat aldiz irakurri duzue halakoren bat? «Emakume gazteok sartu zarete literaturan...» «Zer duzue komunean zuon artean...» «Badirudi aspaldian emakumeak daudela modan...» Sarri xamar, nire ustez. Bost gizonen argazkia jarri aurrean eta haien lanari buruz hitz egiten dugu, euskalkia, estiloa, gaiak, euskal literaturari bakoitzak ekarri diona. Jarri bost emakumeren argazkia eta berehala etorriko da galdera. Taldea osatzen dute? Eta ze eratakoa?

Iratxerena irakurri ostean esperimentutxoa egin nuen Interneten. Gaztelaniaz, Googlek oraindik ez duelako euskara hutsean oso fin bilatzen eta emaitzak borobilagoak izateagatik. Emaitzen artean denetarik dago baina datu adierazgarriena enter sakatu eta berehala agertzen da. Eskatubilatzaileari «literatura masculina» eta 3.600.000 emaitza eman ditu Googlek. Bilatu «literatura femenina» eta 6.590.000 emaitza.

Gizonek idatzi dute gehiago. Gizonek bete dute argazkia. Baina hala ere.

Hala ere artikuluak idatzi, blogak hasi, titularrak jantzi, guzti horretan jartzen garenean, femeninoa da eztabaidatzen, aztertzen, galdegiten duguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.