Bultzaka, kolpeka... bestea, ondokoa, aurkari bezala hartuta bizitzea egokia den edo ez galdetuz pasako da irakurlea, protagonista bezala, liburuhonetako orri batetik bestera. Amari egindako galdera luze bat da finean. Eta amaren erantzuna. Hasieratik zaila egiten da haur batek egindako galdera dela sinestea, baina hala ere irakurri daiteke hori puska bat ahaztuz gero. Galdera interesgarriak dira, lastima da azken orrietako erantzuna erraz aurreikusteko modukoa izatea. Irudietan dago dibertsiorako aukera gehiago. Mugimendu handiko marrazkiak dira, ur margo gozoak. Jolaserako tarte handia uzten dute marraztutako pertsona eta gauzen artean protagonistaren bila aritzeko, eta besteen bizimoduak ikusteko. Protagonista eta bere ama dauden parkean hasieratik bukaerara ematen diren aldaketak konparaketako jolas polita dira. Politikoki zuzenak izan nahiak, Europa aldetik begiratuta behintzat, marrazkiren batean dagoen gizakiaren historiari buruzko ilustrazio arraroa ekarri du liburuko orrialdeetara.
Txiki-txikia
Aspaldian utzi zioten liburuetako fantasmek beldurgarri izateari. Gaur egun, kuriostasuna eta laguntasuna pizten dute. Liburu honetako Xirripin fantasmak ere ez du inori beldurra emateko asmorik, ezta sustorik txikiena ere. Fantasma txikia da protagonista istorio txiki honetan. Kontaketak ez du misterio handirik, ekintza ugariren segida baino askoz gehiago ez da. Baina marrazkiek merezi dute denbora eta arreta pixka bat. Koloreen eta argi-ilunaren erabilerak ondo erakusten dute pertsonaien eta inguruaren egoera momentu bakoitzean. Begiradek ere, eta begiek, protagonismo handia hartzen dute liburuan. Fantasmari gertatzen zaizkionak sortzen dizkion aldaketak detaile politekin sortuak daude. Istorio txiki xamar hau marrazkiek handitzen dute, marrazkien gainean asmatutako ipuina izango balitz bezala. Horretarako pentsatuta egon baldin badaiteke ere, pena da liburuaren azalaren gainean dagoen orri erdiko azal zatiak hango marrazki erdia tapatzea.
Sustoak udalekuan
Udalekuetako gauak aproposak dira beldurrezko istorioetarako. Leku ezezagunean egoten da pertsona, eta istorioa kontatzen dionak benetakotasunez kontatzen badu, benetan beldurtu daiteke entzulea. Horrelako zerbait gertatzen zaie liburu honetako pertsonaiei, baina kontalaria antzezle ere bihurtzean, sustotik aurrera gehiegi joango da kontakizuna. Beldurrezkoa izan daitekeen kontaketaz gain, udalekuetan ohiko diren maitasun, kirol, laguntasun eta antzeko gauzetarako tarteak daude, batzuk istorio nagusiarekin zerikusi handirik gabe. Marrazki ugari ditu eta gustura hartzen da hori. Beldurrezkoak izan daitezkeen pasarteetako marrazkiak nabarmentzen dira. Badirudi hainbat marrazkilarik eginak direla egunekoak eta gauekoak. Perspektiba desberdinak eta begirada izuak ia testuak berak baino beldur handiagoa eragiten dute. Marrazki askok eskertuko luke formatu handixeagoa, indar handiago hartzeko.