Literatura izango du ardatz Bilboko Musika-Musica jaialdiak

Martxoaren 3tik 5era, 70 kontzertu egingo dituzte Arriaga antzokian eta Euskalduna jauregian. Festibalak 1.400 musikari bilduko ditu

Judith Jauregik hainbat konpositoreren obrak interpretatuko ditu jaialdian. BERRIA.
Erredakzioa
2023ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Musika klasikoa jende guztiarengana iristeko helburuarekin sortu zuten Musika-Musica jaialdia 2002. urtean, eta, bi hamarkada igaro ostean, xede berarekin segitzen du. Aurten ere, Bilboko Udalak —lehenengo hemezortzi urteetan Bilbo fundazioak antolatu zuen— 70 kontzertu baino gehiago prestatu ditu jaialdirako; ekitaldiak martxoaren 3an hasiko dira, eta 5ean amaitu.

Aurtengo jaialdiari Notak eta letrak izenburua jarri diote, musikaren eta literaturaren artean gurutzatzen diren hariak agerrarazi nahi dituztelako kontzertuen bitartez. Edota, bestela esanda, konpositoreen eta idazleen artean izan diren harremanak erakustea dutelako helburu antolatzaileek. Hain zuzen ere, hainbat idazle eta pentsalariren (Shakespeare, Cervantes, Ibsen, Merimee, Nietzsche, Maeterlinck) obra idatziek musikarako bidea egin zuten ondoren, eta haietan oinarrituta konpositoreek eginiko lanak aurkeztuko dituzte hainbat musikarik Bilbon.

Jaialdiaren gune nagusia Euskalduna jauregia izango da, han egingo baitira, bat salbu, kontzertu guztiak. Irekiera ekitaldia, baina, Arriaga antzokian izango da: martxoaren 3an, ostiralean, 19:00etan hasita. Kontzertu horretan Bilboko Orkestra Sinfonikoak, Bilboko Koral Elkarteak, Naroa Intxausti sopranoak eta Ainhoa Zubillaga mezzosopranoak Carl Maria von Weberren Oberon-en obertura eta Felix Mendelssohnen Uda gau bateko ametsa interpretatuko dituzte, biak ala biak Shakespeareren lanean oinarritutakoak. Erik Nielsenek gidatuta ariko dira.

Egun berean, baina Euskaldunan, Les Percussions de Strasbourg taldeak 100 Cymbals ikuskizuna oholtzaratuko du, eta horiekin batera, jauregiko beste gela batzuetan Israel Chamber Orchestra, Ensemble 5+1 eta Steven Lin pianista ariko dira. «Kontzertu gehienak 45 minutu ingurukoak izango dira, eta aukera emango du areto batetik bestera mugitzeko, jaialdiaren eskaintza ahalik eta gehien gozatzeko», azaldu du Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura zinegotziak.

Hiru egunean bilduko da Musika-Musica jaialdiaren programazioa, eta, larunbatean eta igandean, 11:00etatik 21:30era iraungo du kontzertu eskaintzak. Euskadiko Orkestrak eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoak ez ezik, Gaztela-Leongo, Granadako (Espainia) eta Galiziako orkestrek ere parte hartuko dute jaialdian, eta hainbat bakarlari entzutetsu ere izango dira: Joaquim Riquelme biola jotzailea, Rafael Adobas flauta jolea, Asier Polo biolontxelo jotzailea —Miguel Borges pianistak lagundua—, Judith Jauregi, Mariam Batsaxvili eta Steven Lin pianistak, Ruth Gonzalez eta Olatz Saitua sopranoak...

Guztira, 1.400 musikarik parte hartuko dute, aldez edo moldez, jaialdian; horietatik 800 profesionalak izango dira, eta 600, berriz, musika ikasleak —azken horiek Euskalduna jauregiko Kioskoan ariko dira—.

Programazio osoa eskura, webgune honetan:

https://musika-musica.bilbao.eus/ eu/egitaraua/
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.