LITERATURA. Irakurleen aurreiritziak

2010eko urriaren 24a
00:00
Entzun
Bai, idazlearen generoaren arabera irakurleok espektatiba batzuk ditugu. Neuk, zeuk, denok. Zutabe honetan azken asteotan esan denaren harira diot. Borobil. Bai, baditugu. Idazlearen izenarekin datozen espektatiben artean daude generoari dagozkionak. Eta beste behin, neuri gertatutakora jotzen dut, horrek naramalako aurrekoa hain borobil esatera.

Ez da oso gustu onekoa norbere lanaz hitz egitea, baina tira. Nora ez dakizun hori eleberria gizonaren ikuspuntutik abiatzen da. Zortzi ataletatik erdiak -tartean lehena- Martin izeneko pertsonaiak kontatzen ditu. Lehen lerroa idatzi nuenean nik banekien horrenbeste, baina irakurle askok esan didate Martin emakumetzat hartu zutela hasieran. Ez du gauza handirik egiten Martin honek liburua abiatzen denean. Hegazkinetik jeisten da, taxia hartzen du, Radio Euskadiren sintonia entzuten du eta Bilbok izandako aldaketekin txunditzen da. Etxean aita edo antzekoren bat du zain, eta hura ikusteko gogoa ageri da. Hark Martin esaten dionean orduan argitzen zaio irakurleari tipoa gizonezkoa dela. Zer pentsatu nuen irakurleek andretzat hartu zutenean? Ez nuela asmatu bere barruko ahotsa narratzerakoan. Oraindik ere, ez daukat argi asmatu nuen ala ez, baina zera uste dut, IƱaki Jimenez batek idatzitako eleberria balitz irakurleak berehala imajinatuko lukeela gizon Narratzaile Izenbakoa.

Bigarren anekdota. Hau ere nire lanaz eta beraz, nahiko gustu txarrekoa. Atsekabe zaitut kontakizuneko protagonista Eme izeneko emakumea da. Emakume lesbiana da eta kontakizunean zehar sexu harremanak ditu beste andre batekin. Berriki, haren zatia itzuli dute ingelesera. Bi orrialde inguru. Bi orrialde horietan Emek lagun batekin tragoak hartzen ditu eta gero, mozkor, emakume baten etxera agertu eta harekin oheratzen da. Muxu ematen duten eszena deskribatzen da. Itzultzaileak, beste testuingururik gabe, generoa aldatu zion eta dena da he, his edo himshe edo her behar zuen lekuan. Okerrik esaten ez den bitartean, pertsonaia nagusia, gizona. Eta emakume batekin oheratzen bada, orduan, jakina, dudarik ez.

Aurreiritzi asko ditugu generoaren inguruan. Generoa den konstrukto kultural horren inguruan. Iratxek zioen eta ados nago. Aurreiritzi ugari ditugu oro har. Aurreiritzi horiek kontziente egiten ez baditugu, sentsazioa dut beti liburu berbera irakurtzen bukatzen dugula eta, jakina, liburu bera idazten. Neureak argiago ikusteko lagungarri izan dut beste baten eskuetan utziko dudan Hirudi-ko txoko hau. Nondik natorren jakiteko. Nora noan asmatzeko irakurtzen jarraitu beharko. Aurreiritzi gutxiagorekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.