Literaturari heltzeko beste modu bat

'Hegats' aldizkariaren 59. zenbakia kaleratu du Euskal Idazleen Elkarteak. Literaturaren ohiko ikuspuntuetatik aldentzea du helburu, hori bera ulertzeko beste hainbat modu identifikatuta.

patri urkizu
Patri Urkizu.
urko iridoy alzelai
2024ko urtarrilaren 6a
05:00
Entzun

Hegats aldizkariaren 59. zenbakia kaleratu du EIE Euskal Idazleen Elkarteak. 1989. urtean argitaratu zen lehen aldiz Hegats, eta gaur egun EIEren erakusleiho nagusia bilakatu da. Aurreko urtean, 58. zenbakian, Patxi Zubizarreta idazlea editore lanetan aritu zen, eta Idazleak Ikastetxeetan dinamika izan zen aldizkariaren oinarri, 30. urteurrena bete baitzituen programak 2022an. Aurten, berriz, Garbiñe Ubedak jaso du testigantza, eta bera izan da editorea. Beste modu bat da aurtengo leloa, eta literaturara hurbiltzeko modu ezberdinak erakustea du helburu.

2016. urtean, Hegats aldizkariak birsortze prozesu bat eduki zuen. «1989. urtetik 2015era arte, Hegats testuz beteriko liburuxka bat zen. Diseinurik gabe eta argazkirik gabe», azaldu du Asel Luzarraga EIEko lehendakariak. Harrezkeroztik, diseinu «modernoagoak» ezarri dira, Luzarragak esan duenez. Bilakaerak irakurlea ere aldatu du, EIEko lehendakariaren ustez: «Lehen, Hegats literatura adituentzako lana zen. Gaur egun, berriz, diseinu eta eduki berriekin, edonor izan daiteke aldizkariaren irakurle». Azken urteetako diseinua Irungo Sardina Grafica enpresak diseinatu du.

Bederatzi elkarrizketa egin dituzte Beste modu bat leloaren harira. «Literaturari heltzeko beste forma batzuk badaudela badakigu, eta hori erakutsi nahi izan dugu», esan du Luzarragak. EIEko lehendakariak azaldu du literatura munduan normalki arreta pertsona berberen gainean izaten dela, eta, hori aldatzeko, bederatzi protagonista berriri begira jarri direla aurten. «Aintzat hartu ditugu literaturaren prozesu osoan dauden momentuak, normalki idazteari ematen diogu-eta pisua», esan du Luzarragak. Aldizkarian, literatura janzteko, sustatzeko eta ikertzeko modu berriak eta hartara zaletzeko moduak irudikatzen dira. Horrez gain, liburuak argitaratzeko modu desberdinak jorratu dituzte aldizkarian, baita idazkuntza eta irakaskuntza uztartzeko formak, kulturaren transmisioa, sortzeko prozesua, eta azkenik, letren bidez sakontzeko beste modu bat ere.

Literaturari heltzeko modu bakoitzak protagonista bat dauka. Horiek literatura ulertzeko ikuspuntu ezberdin bat irudikatu dute elkarrizketetako erantzunen bidez. Haien artean, adibidez, Patri Urkizu idazleak hizpidera ekarri ditu bere ibilbidean egindako ikerketa prozesuak. Horrez gain, antzerkia jorratu du Urkizuk, askorentzat literaturaren munduan atzean gelditutako kontzeptua: «Gero eta teatrozale gehiago dagoela esango nuke, antzeztalde eta emanaldi gehiago ematen direla herriz herri; baina antzertiteka bat, Teatro Dokumentazio Zentro bat falta dela uste dut». Antzerkia literaturako foku klasikoetatik urruntzen dela esan du EIEk, eta horregatik eskaini zaio leku bat 59. zenbakian. Beste protagonistetako bat Nekane Barandiaran da, Hondarribiko liburutegiko langilea. Gazteei literatura sustatzeko hainbat egitasmo osatu ditu, liburutegiak herriko eskolekin eta literatura aisialdiarekin uztartuz: «Eskoletako ume guztiek Moby Dick irakurtzea lortu genuen, eta, gero, horrekin ginkana batean parte hartu zuten Alde Zaharretik. Sinesgaitza badirudi ere, hori guztia liburu baten inguruan egin zen!».

Bi belaunaldi

Elkarrizketez gain, beste atal batzuk ere badaude aldizkarian. «Literaturaren bi belaunaldi irudikatu nahi izan ditugu: gure nagusiena eta hemendik aurrera datozenak», azaldu du Luzarraldek. Datozen belaunaldiei begira, Urruzuno literatur lehiaketako irabazleak izan dira protagonistak. Eskolen arteko literatur lehiaketan, 20 irabazleek bost eguneko egonaldia eskuratu ohi dute, eta aurten Arantzara joan dira idazle gazteak. Egonaldiko egunen kronika bat idatzi du aldizkarian lehiaketako irabazleetako batek, Irati Oskozek. «Idazle gazteei ere lekua eman nahi diegu, ezagutzera eman nahi ditugu», esan du Luzarragak. Juan Luis Zabala kazetari eta idazleak Juan San Martinen biografia irudikatu du Itsasargiak atalean. San Martinek euskarari egindako ekarpenak azpimarratu ditu Zabalak: «Euskararen beharretara egokitutako todoterreno edo noranahiko ibilgailu baten modukoa izan zen San Martin». Horrez gain, aldizkariko azken orrietan, Sormen Txokoan, Juan Mari Irigoienen anaia Imanolek hainbat poema idatzi ditu.

Azkenik, baina aldizkariaren hasieran, EIEk azken urteetan landutako egitasmo batek hartu ditu orriak: Idazleak Irakurle. Liburu gomendioak egiteko da atal hori, EIEko bazkideak diren idazleek gustuko liburuak txertatzeko. «Idazleak ere irakurle bagara, eta gure gustuak plazaratzeko lekua da idazleak irakurle. Askotan pentsatzen dugu idazlearena mundu bakartia dela, baina honelako ekimenekin komunitatea sortzen dugu, eta beste idazle ezagun edo ezezagunei ahotsa emateko ahalmena eskuratzen dugu», esan du Luzarragak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.