Literatura, gai tabuak lantzeko

Anjel Lertxundiren ibilbideaz mintzatu da Nerea Arruti EHUk idazleari eskainitako udako ikastaroan

Nerea Arruti EHUko irakasle eta literatur kritikaria, atzo, Donostiako Miramar jauregian, EHUren Udako Ikastaroetan. GOTZON ARANBURU / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2023ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
«Literatura da aske izateko bide bakarra Anjel Lertxundiren literaturan». Herenegun hasi zen Euskal Herriko Unibertsitateak idazleari eskainitako bi eguneko udako ikastaroa, Donostiako Miramar jauregian, eta hala deskribatu zuen Lertxundi Nerea Arruti EHUko irakasle eta literatur kritikariak. Hainbat adituk aztertu dute idazlearen obra egunotan, eta Arruti izan zen atzoko hizlarietako bat. Idazleak tabuak lantzeko dituen erez aritu zen, besteak beste.

«Kritikariok ezin dugu gure burua argazkian sartu: satelite batzuk gara; distantzia mantendu behar dugu. Anjel Lertxundirenganako distantzia mantentzea, baina, ez zait erraza, niretzat Anjel Lertxundi ez baita Anjel Lertxundi, Andu baizik; ni haurra nintzela, nire ikastolako zuzendaria zen». Arrutik ezagun du Lertxundi, eta, horregatik, tonu intimo batean ekin zion hizketaldiari: «Haurra nintzela, 1970eko hamarkadan, Zarauzko ikastolan [Gipuzkoa] ikasi nuen literatura zela gure territorio libre bakarra. Han bihurtu nintzen naizen irakurle, irakurleak egin egiten baitira, irakurzaletasuna eraiki egiten baita. Akordatzen naiz inoiz izan dudan irakasle talde bikainena ezagutu nuela bertan: Mariasun Landa, Jesus Mari Olaizola Txiliku, Ane Mujika eta beste asko. Akordatzen naiz hezkuntza berritzailea, kritikoa eta konfiantzazkoa jaso genuela, hain zuzen ere erretorika hori erabiltzen ez zen garaian».

Idazleak bere idazketaren bitartez tabuei heltzeko eta horiek lantzeko duen gaitasunaz aritu zen Arruti: «Maiz, Lertxundik plazaratzen ditu unibertsitatean tabu akademiko direnak. Askotan gertatu izan zait BERRIAn idazten zituen zutabeetako bat irakurri eta pentsatzea bera ari dela guk unibertsitateetan plazaratzen ez ditugun gaiez. Hortaz, neurri handi batean, intelektual batek bete behar duen funtzioa betetzen du gurean».

Tabu akademiko horien hausletzat dauka Arrutik Lertxundi, eta BERRIAn idatzitako Euskararen borrokarako armak artikulua jarri zuen horren adibide gisa; hain justu, 1955ean Koldo Mitxelenak Pio Barojari egindako elkarrizketa batean Barojak euskararen gainean esandako hitz batzuen gainean idatzi zuena. Zera zioen Barojak: «Iskilu eskasak ditu euskerak borrokarako». Lertxundik artikuluan: «Euskal kulturaz (arteaz, musikaz, literaturaz) ari den katedratiko, tesi zuzendari, doktoregai, komisario, arte kritikari erdaldunen bibliografietan oilo bat pixa egiten baino nekezagoa da ikustea euskaraz ari den aditu eta kritikarien aipamenik. Ez dizute deus esango Juan San Martin edo Martin Ugalderen ekarpenez, Haizea Barcenillak edo Xabier Gantzarainek idatzitakoez, Leire Lopez Ziluagaren edo Ismael Manterolaren kritikez, beste hainbat aditu euskaldunen ekarpenez, liburuez, artikuluez, katalogoez».

Bat dator Arruti Lertxundik idatzitako artikuluarekin: «Hizkuntza desberdinetan ekoizten den pentsamendu kritikoa ez bada partekatzen, ideien eztabaida bertan behera erortzen da».

«Lan aberatsegia»

Hori dela eta, idazle kanonikotzat dauka idazlea; «Idazleen idazle da, hein handi batean. Ez du bide akademikorik egin, ez ditu betetzen zenbait ezaugarri joko akademikoan». Hori, dena dela, ez da «misterio handia» Arrutirentzat, zeren, dioenez, unibertsitatean «logika kuantitatibo bati» jarraitzen baitzaio, «ez kualitatibo bati». «Haren lana aberatsegia da logika horretara makurtzeko».

Ikastaroekin amaitzeko, idazlearen testuen irakurraldi bat egin zuten hainbat gonbidatu berezik. Lertxundik hartu zuen hitza azkenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.