Literaturia

Literatura eskolan, liburuetatik aterata

Nerea Lasa eta Uxue Ostolaza ikasleek eta Intza Alkain hezitzaileak hezkuntzan literatura lantzeko izan ohi diren traba nagusiak aztertu dituzte, baita aldaketak proposatu ere, Imanol Epeldek gidatuta.

Nerea Lasa, Uxue Ostolaza, Intza Alkain eta Imanol Epelde, atzo, Zarauzko Modelo aretoan. GORKA RUBIO / FOKU.
Andoni Imaz
Zarautz
2022ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Gazteek ez dutela irakurtzen, eskoletan ez dela irakurtzeko zaletasunik bultzatzen, irakasleek ez dituztela liburu egokiak aukeratzen... Ikasle gazteei eta literaturari buruz hizketan, kexa eta irudipen antzekoak ageri dira maiz. Horien atzeko egoeran argi egiteko asmoz egin zuten Berrabiaraziko dugu literatura eskolan? izeneko mahai ingurua, atzo, Literaturian. «Esaten dugu ikasleak jarri behar direla erdigunean, baina beti gu aritzen gara hitz egiten eta teorizatzen». Hori esanda, Imanol Epelde irakasle eta sortzaileak Zarauzko Lizardi institutuko bi ikasleri eman zien hitza: Nerea Lasari eta Uxue Ostolazari. Haiekin aritu zen Intza Alkain Galtzagorri elkarteko kidea.

Epeldek hala eskatuta, parte hartzaileek liburu bana gomendatu dute solasaldia abiatzeko: Alkainek, Itziar Ugarteren Gu gabe ere eta Dom Campistronen Bekatorosak; Lasak, Karmele Jaioren Aitaren etxea; eta Ostolazak, Maddi Ane Txoperenaren Ez erran inori. Bakoitza hunkitu duten lanak kontuan izateak balio lezake beren iritziei beste geruza bat eransteko.

Ez dute alferrik aukeratu berrabiarazi hitza izenbururako: ordenagailuarekin arazoak izaten direnean bezala, literaturarekin eta hezkuntzarekin arazoak egon litezkeela sumatuta, onena sistema berrabiaraztea izango ote litzatekeen proposatu du Epeldek, eta ikasleek kexa bezainbeste proposamen izan dituzte hori hobetzeko asmoz.

Haien egoera ulertzeko, ikasleek hizkuntzen ikasgai bakoitzean liburu bat irakurri behar izaten dute hiruhileko bakoitzean; denak batera, askotan: «Literaturaren astea ematen du; dena pilatzen da, eta batzuek gaua irakurtzen pasatzen dute», kontatu du Ostolazak. «Irakasle askok ez du horrenbeste liburu irakurriko urtean», esan du Epeldek.

Zeregina hori izaten da: agindutako nobela batzuk presaka irakurri beharra. Ikasleen ustez, hautaketa izaten da lehen arazoa; «oso haur eta gazteentzako liburuak» irakurri behar izaten dituzte maiz, eta ez zaizkie gustatzen. Orokorrean, nahiago izaten dituzte ekintzaren bidez katigatzen dituzten lanak, pertsonaien gogoetetan luzatzen direnak baino. Alkainek ezagutzen dituen ikastetxeetan, nobelak irakurrarazten dizkiete ikasleei, beti antzekoak, eta uste du kasu gutxi egiten zaiela beste generoei: «Faltan sumatzen ditut komikiak eta nobela grafikoak; denetik egotea, eta ez eleberriak bakarrik».

Ebaluazioa izaten da beste gai garrantzitsu bat: irakasleek ziurtatu nahi izaten dute ikasleek liburua irakurri dutela, baina, Lasaren eta Ostolazaren ustez, jarri ohi dizkieten azterketek ez diote askorik erreparatzen ikasleek literaturarekin izan duten esperientziari. «Ahaztu egiten da irakurzaletasuna sustatzea. Irakurri behar ez dutenek ez dute irakurriko, eta besteek bai», esan du Lasak. Liburuak lantzeko beste modu batzuk nahiago ditu, ebaluatzeko zailagoak direla jakin arren: booktuber gisa bideoak grabatzea eta denen artean solasaldiak egitea, adibidez.

Irakurtzen ikastea

«Irakurri izan ditut liburuak ondoan paper bat nuela, gauzak apuntatzeko. Pertsonaien izenak ikastea baino hobe da hausnarketa bultzatzea», uste du Ostolazak. Alkaini iruditzen zaio literaturaren helburua «galdu» egiten dela halakoetan, eta hobe dela ikasleei tresnak ematea liburuak aztertzeko eta komentatzeko.

Horretarako, aukera bat da ikasgeletan irakurtzeko tarte bat hartzea. «Hezi egin behar da literatura irakurtzen», Alkainen hitzetan. «'Irakurtzen badakitenez, hitzak deskodetzen dituztenez, beren kasa irakur dezatela'. Bitartekarien lana ere inportantea da: nola irakurri lantzea, zer baliabide erabili den aztertzea... eta hori plazeretik egitea».

Ikasleek esan dute eskolaz kanpo gaztelaniazko liburuetan aurkitu ohi dituztela interesa pizten dizkieten gaiak, hor topatzen dutelako «modernitatea». Lasa: «Internetekin-eta, aisialdiko hizkuntza gaztelania izaten da askotan, eta liburuetako euskara batua artifiziala egiten zaigu». Alkainek ere aipatu du euskara «zikintzeko» beharra, kaleko hizkerarekin parekatzekoa. Ikasleen kezka da, ordea, nola egin hori ezinbestean erdarara jo gabe.

Gainera, eskolan euskarazko literatura gutxiago ikasten dute gaztelaniazkoa baino. «Euskarari ordu gutxiago eskaintzen dizkiogunez, ematen du gutxiago dagoela ikasteko. Gaztelaniaz, ikasten ditugu autoreak, teknikak...», esplikatu du Ostolazak. «Bost urtez Bernat Etxepareren biografia ikasteak ez du inor erakarriko literaturara», erantzun dio Lasak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.