Elkar argitaletxeak Harian saila badu pedagogia liburuak plazaratzeko. Baditu helduen ikaskuntzarako materialak, baita irakurgai mailakatuak ere, ikasleen mailaren araberakoak. Ipar Euskal Herrirako halako idazlan baten galdea egin zuen argitaletxeak. Bea Salaberrik (Donamartiri, 1979), AEK-ko didaktika arduradun, irakasle eta idazleak bere gain hartu zuen. Oihenartea ez hunki fikzio lana idatzi du, hizkuntza ariketekin, eta Adur Larrea komikigilearen ilustrazioekin.
Nondik jin da Oihenartea ez hunki liburu xedea?
Eskaera joan den urtean izan zen. Elkarrek nahi zuen irakurgai berri bat plazaratu, Iparraldeko ekoizpen gisa, A1 mailako irakurgai bat [euskararen lehen maila da].
Aktualitateko gai bizia hautatu duzu istorioa eratzeko?
Garai hartan, Kanboko Marieniaren okupazioa zen, eta aste guziz ateratzen ziren etxe salmenta espekulatiboen salaketak. Paraleloan, etxea alokatzeko, jendeen arazoak baziren: alokairuak karioegi, edo anitzetan, etxerik ez zela bizitzeko. Atzeman nuen ideia ona zela hori berriz hartzea. Istorioan berean ez dut fitsik asmatu, gertakariak hor ziren. Egin dudana da gertakariari beste itzuli bat eman, pedagogikoa; istorioa sinplifikatuz, biziki ulergarria izateko. Idazteko orduan, A1eko hizkuntza maila izatea kasu eginez: adibidez, iragana ez da erabilia, aditz guziak egitura biziki sinplekoak dira; denak orainean. Bada anitz elkarrizketa.
AEK-ko didaktika arduradun eta idazle izateak laguntzen duke?
Pentsatzen dut biak osagarriak direla. Egia da irakaskuntzatik duzun esperientziatik badakizula zein gai edo nozio zein mailatan egin. Abantaila ematen du. Gero, Elkarren ere badute pedagogia talde bat, eta erraten dute: “Hori ez da pasatzen. Adierazpide hori ez da batuan sobera onargarria…”.
Halako idazlana ikaslearentzat parada ote da egun guzietako euskara batekin lotzeko?
Hemen euskara batua da. Sintaxia aski neutroarekin egina da, eta ez euskalkietan entzuten direnak, geografikoki nonbaitekoak direnak. Gero, segur da, erabiltzen ditudan formetan errazkiago erabiliko ditut hemengoak. Sortuko banu nire testu bat, eleberri batean-edo, ez nioke neure buruari muga hori emanen. Baina Hegoaldean erranen lukete euskara frantsestua dela, eta Iparraldekoek domaia dela, ez baitut baxenabarreraz idazten.
Ohar horiek egiten dira?
Eztabaida horiek ez ditut gehiago nire egiten. Batetik, sobera mugitu naizelako nire Baxenabarreko lurraldetik harat. Nire ustez, euskarak gero bat salbatu behar baldin badu, etorkizuneko forma euskara batutik gero eta hurbilago izanen da. Batuak anitz ekarri du. Ulertzen dut jendeak nahi dituela bere herriko formak salbatu, baina ez dut beti ulertzen; nago, batzuetan, ez denetz erreakzio bat. Egoera zein den ikusirik, ez dakit indarrik aski dugun gauza guzien egiteko. Euskalkia/euskara batua baino arrangura handiagoa sortzen dit hiztunek zer euskara maila duten. Ez da ikerketarik egiten horri buruz. Euskaldun direla erraten dutenak badakigu badirela kopuru bat, inkesten arabera, baina ez dakigu kapable direnetz idazteko eta nola idazten duten. Linguistikoki agertzen dira gauza batzuk: erdararen sartze gero eta handiagoa, hutsen normalizazioa, hiztegiaren pobretzea. Beldur naiz denborarekin txarrerat egin dezan.
Hala bilaka ez dadin, zein lirateke erronkak?
Badu hamabost urte hizkuntza politika bat martxan eman dela, ildo beretarik joan dena. Entseatu gara egiten ahal genuen guzia emanak ziren baldintzekin. Segur da ez dela aski. Gaur, beharko genuke hizkuntza politika publikoaren ikuspegi eta proiektu berritua, helburu zehatzagoekin, diru baliabide gehiagorekin, baliabide humano gehiagorekin. Behar genuke perspektiba bat luzera begira. Sentimendua dut bizirauten dugula eta beti garela iraupenaren sokatira horretan. Euskararen egiazko hizkuntza politikak behar du zerbait gehiago.
Euskal literaturak zer funtzio izan dezake testuinguru soziolinguistiko horretan?
De facto, literaturak baditu funtzio anitz: funtzio estetiko bat —hizkuntzaren forma batzuk, irudi batzuk bilduko ditu, beste hizkuntzek ez dituztenak—; berezko leku bat, gertakari batzuk deskribatzean bada zerbait lekukotasunaren mailakoa. Baditu transmisio funtzio guziak: sozialak, historikoak… Funtzio ideologikoa badu: idazle batek nahi duena erraten ahal du; ez du zernahi erraten ahal, baina bai nahi duena. Hori inportantea da. Besteek gure historia izkiriatuko dute nahi duten hizkuntzan eta nahi dutena erranen, baina guk ez dugu ahantzi behar gure aldetik kontatzea, gure hizkuntzan.
Funtzio hori zertan da Ipar Euskal Herrian?
Gauzak sortzen dira. Bada denetarik: antzerkiak idazten dituztenak, eleberriak, ipuinak, artikuluak idazten dituztenak. Sortzen da. Kantitatean guti, ene iduriko. Pentsatzen dut irakurleria badela. Gehiago beharko litzateke? Segur. Gero, literaturako plazak falta dira. Gero eta gehiago badira: mediateketako langileek idazleak jinarazten dituzte, dendetan ere bai; badira azokak —Ziburukoa bezala— eta ontsa da liburu sortzaileak, argitaletxeak joatea jendearengana. Baina idaztea ez da lan erosoa.
Erran nahi baitu?
Idatzi behar duzularik, behar duzu denbora atzeman, leku bat; erran nahi du beste gauza batzuk sakrifikatu behar dituzula ondoan, edo biziki luze joko duela. Hori guzia zure intimitatean egiten duzu, eta ez duzu dirurik horretarako. Gero, joan behar da argitaletxe baten xerka. Argitaletxe batek baietz erraten badu, edizio lanetan sartu behar duzu. Eta bada sustapen lana. Batzuetan, beste gauza guzien artean, literaturak ez du ikusgarritasunik. Azkenik, kritika, hemen, ez dugu; publikatzen ahal duzu liburu bat eta pasatzen ahal da nehork ikusi gabe. Iduritzen zait literatura kontsideratzen dela eliteko gauza bat balitz bezala, eta ez da hala.