«Kendutako organo bat da gorputz-adar mamua. Behin kenduta, betirako desagertzen da organo hori, baina bere sentsazioa beti dago hor, beti dago bizirik». Hala definitu du Eric Ditxarri antropologo eta poetak (Baiona, 1969) «deusezaren deusa» kontzeptua. Hain zuzen ere, ideia horretatik tiraka ondu du Deus poema liburua, eta Pamiela argitaletxeak eman du argitara.
«Deus da Eric Ditxarrik Pamielarekin argitaratu duen trilogia baten azkena», abiatu da Jose Anjel Irigarai editorea. Duchampen inguma (2018) eta Eros (2020) lanek osatzen dute hirukotea, eta editoreak honela definitu du azkena: «Batzuetan, erraten da poesiak ostertz berriak eta argiaren bestaldean dagoena azaltzeko balio duela; horretarako baliatu du lan honetan Eric Ditxarrik». Horretaz gainera, haren poesia moldea nabarmendu du Irigaraik. «Ez da bakarrik bere poemetan zer esaten duen: nola esaten duen ulertzea ere oso garrantzitsua da».
Baliabide poetikoei dagokienez, errepikapena erabili du gehien-gehienean egileak. «Berezi baino bereziagoa den poetika bat da Ditxarrirena. Errepikapenaren bitartez mantra moduko batera iristen da, eta, bizitzari beste tankera bat emateko, behar da mantra horretan murgildu eta igeri egin», azaldu du Irigaraik. Haren hitzetan, horrek eman dio bidea bere poemetan «eraldatzeko, iraultzeko eta inarrosteko» moduko mezuak erabiltzeko. Hala dio, kasu baterako, Deus 178 poemak: «Zuk ere badakizu bihar gure azken eguna izaiten ahalko dela./ Beti bizirik?/ Zuk ere munduari bizi berria emanen diozu./ Beti bizirik?/ Zuk ere badakizu atearen bestaldean diren mamuen oihuak benetakoak direla./ Beti bizirik?».
Egileak azaldu du euskaraz inoiz idatzi duen poema libururik «intimoena» dela Deus. Eskarmentua izan du, oro har, poemok idazteko gidari: «Bizi izan ditudan traumak sublimatzeko balio izan dit liburuak, gorputza zeharkatzen didaten sentsazioak jaso baititut hartan». Nork bere barnean dituen «deabruez» ari da zenbait poematan, eta azaldu du poesia, artea eta literatura dituela deabru horiekin bizitzen ikasteko lagungarri.
Askotariko gaiak eraman ditu poemen artera. Hala nola: «Errealitatearen eta fikzioaren arteko aldea, drogazaletasuna, kokainaren merkatua, diktadura, iraultza, espetxea, neokolonialismoa, klandestinitatea, epaiketa morala, Guardia Zibila, biolentziaren monopolioa, lengoaiaren mugak, memoria kolektiboa, psikiatria, zoriontasuna, norberaren ezagutza eta arte garaikidea».
Argitaletxeak poesia sailaren barruan sailkatu du lana, baina egileak jakinarazi du asko duela saiakeratik eta narraziotik ere.
186 testu jaso ditu denera liburuan, eta zazpi ataletan banatu: Deusak, Deus arte, Zuei, Deusen herentzia, Azken hitzak, Post scriptum eta Notak. «Testu bakoitza autonomoa da. Beraz, edozein orri edo kapitulutatik hasi ahal da irakurketa», argitu du egileak. Lehenengo eta hirugarren pertsonan idatzi ditu denak: «Bi polo horietan nabigatzen dute liburu honetako poesiek».
Azalak mamia
Hanka baten erradiografia zahar bat ageri da azalean; erradiografiek izan ohi duten sepia kolorez. Egileak metafora gisa erabili du azaleko ilustrazio hori; hain zuzen ere, mamiaren aurrerapen gisa: «Erradiografia batek azalaren azpian dauden gauzak ikusarazten dizkigu. Erakutsi nahi nuen gauza guztien gibelean dagoela irakurlea mugituko duen zerbait».
Liburua «deklinagarria» izango dela azaldu du Ditxarrik. Alegia, trilogia baten azken lana izan arren, ez dela helmuga bat, «urrats bat baizik». Beraz, liburutik abiatuta, hartan dauden argazkiekin erakusketak, performanceak, soinu bandak edota beste hamaika formatako artelanak sor daitezkeela azaldu du.