Damaris Pan. Artista

«Literala izan nahi dut, erabat literala»

Panen artea autoexijentzia zorrotzaren eta istripu piktorikoekiko zaletasunaren arteko sokan dabil , eta Bilbo Arten ireki duen erakusketa da horren froga, orain inork ikusi ezin badu ere.

IÑIGO ASTIZ.
Inigo Astiz
Bilbo
2020ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Oraindik ordu gutxi batzuk falta dira koronabirusaren hedapenaren ondorioz Euskal Herriko kultur agenda guztia piezaz pieza bertan behera erortzen hasteko, baina jadanik beheraino jaitsita daude Bilbo Arte aretoaren kanpoaldeko burdinazko hesiak, eta, barruan, hilabeteetako lana eskatu dion erakusketaren inaugurazio egunean, areto hutsaren erdian mintzo da bere margolanei buruz Damaris Pan artista (Mallabia, Bizkaia, 1983), artean, ziur jakin gabe lan horiek beste inork ikusi ahalko dituen. «Arraro». Artista izateaz gain, Euskal Herriko Unibertsitateko pintura irakasle ere bada Pan, eta, dioenez, uztartuta bizi ditu bi esparruak, elkarren osagarri balira bezala. Besteak beste, Eremuak egitasmoaren Bi Dos Two erakusketa kolektiborako hautatuak dizkiote bere lanak aurrez, Bilboko Rekalde aretoan ere jarri ditu bere koadroak, eta Adarrak bistara izenburua jarri dio orain Bilbo Arterako prestatu duen erakusketa indibidualari. Gehiago ere bazituen prest, baina, guztira, hemeretzi margolan zintzilikatzea erabaki du: neurri ertain edo handikoak gehienak, abstrakzioaren eta figurazioaren artean sartu-irtenean dabiltza asko, umore puntu batekin batzuk. Inaugurazio egunaz geroztik, ordea, astebete daramate artelanek, areto itxi batean, beren burua beste ikuslerik ez dutela.

Areto honetan egin diren erakusketa guztien artean, zurea da lehena diziplina bakar batera mugatzen dena, eta artelan guztiak hormetan zintzilik dituena. Pinturaren aldeko aldarrikapen bat egitea da asmoa?

Ez. Nik ez dut momentu batean ere pentsatu salako paretak okupatu nahi nituenik. Bakarrik pentsatu dut nik zer lan daukadan, eta lan horrek zer behar zuen. Ardura handia izan da sala nola muntatu erabakitzea, espazioa pinturen alde jartzeko. Ez da aldarrikapen bat, eta ez dut sala honetan egiten diren gauzez ezberdina den zerbait egin nahi izan. Ez dut horretan pentsatu ere egin.

Halere, orain arte inork ez dio areto honi halako antolamendu klasikorik eman.

Sala bat klasikoa da, berez. Ematen du jartzen badituzu margolanak eta horman eskegi, hori klasikoa dela, eta, aldiz, ipintzen badituzu objektuak lurrean ezetz, baina, hori ere ez da klasikoa? Klasikoa da berdin-berdin. Zer ez da klasikoa? Hori da benetan erantzun beharreko galdera. Artelana bere baitan antolatzeko moduak, eta hor sortzen diren gorputz-aire harremanak hartu behar dira kontuan, eta, era berean, artelan hori nola artikulatzen den beste gorputzekin. Harreman horiek guztiek sortzen dituzte tentsio eta oreka batzuk, eta, nire ustez, hori da erakusketa areto batean beti bilatu behar dena; berdin objektuak horman daudenean, sabaitik zintzilik, edo lurrean botata. Arau horiek dira klasikoak izan daitezkeenak, eta, aldi berean, oso garaikideak.

Erakusketan tartekatuta ikus daitezke pintura geruza sendoko margolanak eta keinu arinez sortutakoak.

Emaitza modura geratzen den dentsitate hori ez da izaten hasierako helburu bat. Dentsitate hori dator koadroan egindako aldaketen ondorioz. Nik inoiz ez dut pentsatzen koadro bat dentsoa izatea nahi dudala; nik beti nahi dut egin zerbait arina, erraza eta ona, dena batera. Koadro bat hasten dudanean pentsatzen dut kristoren koadro ona egin ahalko dudala, eta, gainera, inoiz baino bizkorrago, urteekin ikasten joan naizelako. Baina gero hasten naizenean, segituan jasotzen dut lehen dezepzioa, eta koadroko zatiren bat tapatu behar izaten dut, eta lehen tapatze horrek ekartzen du beste bat, eta beste bat, eta beste bat... Eta dentsitatea hortik dator. Badaude atal batzuk daudenak nahiko arin eraikiak, baina iruditzen zait horrelako zorte momentu batzuk direla, gertatu direnak, eta egon naizela nahikoa erne konturatzeko horrela utzi behar nituela. Eta seguruenik gertatuko zen hori beste batzuetan, baina igual ez naiz egon erne, eta tapatu dut, edo momentuan ez nintzen gai izan ikusteko.

Autoexijentziari eutsi eta, era berean, istripuei lekua uztea?

Dena da akzidentea, azken batean. Lan intentsu baten emaitza da dena. Zu baldin bazaude ordu askoz lanean, akzidente pila bat gertatzen dira, eta ideala da joatea sentsibilizatzen akzidente mota berriekiko, zeren eta niri igual gaur egun interesatzen zaizkidan akzidenteak ez dira duela hamar edo bost urte interesatzen zitzaizkidanak; beste mota batekoak dira.

Nork bere estiloari traizio egiteko ariketari egiten dio erreferentzia tituluak: Adarrak bistara. Artista marka bilakatzen duen artearen merkatuaren aurkako kritika bat ere bada?

Bada horri buruzko keinu bat ere. Izan behar zara zure lana, eta zure lana izan behar da zu zarena. Ematen du produktu hori izan behar dela erabat koherentea, eta egon behar dela oso ondo eraikia. Baina hori ezinezkoa da.

Telebistako reality bateko lehiakideen arteko maitasun txutxu-mutxuei buruzko albiste baten lerroburutik hartu duzu titulua.

Lagun batek, Maite Mugerzak, esan zidan iruditzen zitzaiola batzuetan hain erromantikoa naizela, azkenean, beti heltzen naizela ezintasun egoera batera, eta horregatik jotzen dudala umorera halakoetan. Iruditu zitzaidan oso polita. Nik traizioaren inguruan nahi banu hitz egin modu serioan, izango nintzateke hain astuna, hain dramatikoa eta hain sakona, jasangaitza litzatekeela. Eta horregatik ateratzen da halako titulu bat: Adarrak bistara. Sentitzen dut umoretik aurkitzen dudala ihesbide bat egoera horri izkin egiteko.

Badago gona moduko bat irudikatzen duen koadro bat, hiru zango dituena. Lehen, zangoak bi zirela kontatzen du Adelina Moya arte historialariak erakusketarako idatzitako testuan, eta aspergarri egiten zitzaizulako txertatu zeniola hirugarrena.

Egia da aldaketa hori egin nuela, baina koadro guztietara estrapola daiteke hori. Koadro batek ez banau betetzen, ez badit neure buruarekiko harridura minimo bat sortzen, badakit aldatuko dudala. Hori gertatu da ia koadro guztietan, eta, beraz, baita hiru hankako koadro horretan ere. Baina, noski, ikuslearen garuna da berez hiru hanka diren horiek gizaki bakar batean elkartzen dituena; ze, berez, ikusten dena dira hiru hanka. Eta, gainera, haietako bat aparte dago, gorputzik gabe bezala. Bi hankako figura horrek erakartzen ninduen, iradokitzen zidalako emakume bat atzez-edo, baina, era berean, narratiboegia iruditzen zitzaidan. «Hara, begira, emakume bat urruntzen», eta listo. Ikusten nuen narratibotasun hori gainjarri egiten zitzaiola pinturari, edo, igual, pintura ez zela nahikoa interesgarria alde narratibo hori azpian uzteko. Hirugarren hanka hori sartu zenean narratibotasun hori pixka bat apurtu zen. Ordurako ez zen emakume bat urruntzen, ez ezer. Eta hiru hanka izanik, hiru gauza literal bilakatu dira. Ez da istorio bat. Eta literaltasun hori interesatzen zait pinturan. Ez da alegoria bat; da gauza bera.

Hain zuzen, badira natura hilen generokoak diruditen koadro batzuk ere, baina irudi luke beren burua autoboikotatzen duten natura hilak direla: ontzi moduko bat ikusten da, adibidez, erabat ontzi ez dena, eta, gainera, figura abstraktu moduko batek estaltzen du gero.

Esan nahi balute bezala, «aizu, hau da hau eta ez beste zerbait», ezta? Bai. Izan daiteke. Literaltasun horri buruz pentsatzen nabil azken aldian. Askotan esaten dugu zerbait edo norbait literala dela, eta ematen du zerbait negatiboa dela, baina ez, zeren eta nik nahi dutizan literala, nahi dut izan erabat literala. Esku bat baldin badago hor [esku bat irudikatzen duen koadro bat seinalatzen du], ez da esku bat behin gaixorik nengoenean atzamar bat moztu zidatelako, ez; da esku bat, eta nik nahi dut literaltasun hori eman.

Interpretazioa eten?

Interpretaziorik ez.

Eta aldaketak egin eta egin aritu ondoren, noiz bukatzen da koadro bat?

[Isilune luze bat, pentsatzen].

Adibidez, bi hanka zituen koadro horren kasuan beste bat gehitu zenion, eta hirugarren horrekin dago. Oraingoz, behintzat.

«Oraingoz» horretara iristea ez da hain zaila. Ikusten duzu falta duela zerbait oraindik, baina, era berean, baduela zerbait ere. Halere, koadro bat amaituta dagoenean zerbaitek oso argi esaten dizu hori. Adibidez, koadro hau [pintura geruza nahiko arinez margotutako giza zango baten irudia seinalatzen du] atera zen nahiko erraz, eta argi neukan. Ezingo nioke ezer gehitu, ez ezer kendu. Niretzat, koadro hau horrelakoa da, dauzkan atal guztiekin. Beste kasu batzuetan, esaten duzu, «gustatzen zait, baina...». Baina hori hasten denean buruan indarra hartzen, orduan badakizu ez duzula amaitu, eta jarraituko duzula. Izan daiteke baina bat, edo izan daiteke galdera bat ere: «Eta egingo banio...?». Hipotesi hori oraindik zabalik dagoen bitartean, jarraituko duzu. Tailerrean lagun dudan beste margolari batek esaten dit agian une horretan koadroa utzi eta beste batekin hastea dela onena, baina ezingo nuke, zeren koadro hori jada badabil zerbait eskatzen. Ezin dut abandonatu eta beste bat hasi.

Behin hasita, beraz, ez dituzu koadroak sekula abandonatzen?

Sekula ez. Hartu dezake kilo bat koadroak, eta, halere... [Barrez] Baina igual ikasiko dut hori ere. Niretzat ere nekagarri den muga bateraino lanean aritzeko obsesioa dut. Unibertsitatean, ikasleei esaten diet nik hori egiteak ez duela esan nahi aukera ona denik. Ez badakizu hor egoten, ez du merezi.

Mugara zoazela, alegia.

Bai, eta, bueno, aldi berean, ez [irribarrez], ze koadroak bakarrik egiten ditut, ez? Iruditzen zait pixka bat erridikulua mugarena orain, baina obsesio horrekin aritzen naiz, nekatu arte. Eta horregatik lasaitzen naute beste koadro arinagoek. Oihal batzuk izaten ditut lurrean, adibidez, eta pintura soberan geratzen bazait, berehala betetzen ditut. Bost minutuan ditut lau oihal beteta. Ariketa psikologiko eta fisikoa da.

Irakasle ere bazara Euskal Herriko Unibertsitatean. Nola bizi dituzu bi alor horiek?

Ari zarenean lanean koadro batean, oso-oso sartuta arazoan, eta ez duzunean gogorik joateko eskolak ematera, eta nahi zenukeenean geratu estudioan lanean, unibertsitateak derrigortu egiten zaitu hortik ateratzen, eta oso ona da hori, ahalegin horrek ateratzen zaituelako arazotik. Eskolan aurre egiten diozu beste norbaiten arazoari, eta nahiko berrituta etortzen zara zure arazora berriro. Bestela, batzuetan nahiko alienagarria izan daiteke artistaren bizitza. Niri, behintzat, laguntzen dit. Baina horrek. Ez unibertsitateak suposatzen duen beste guztiak, zeren eta gero eta lan burokratiko zentzugabe gehiago eskatzen digute, eta gero eta denbora gehiago eskaini behar izaten diogu merituak eta akreditazioak lortzeari. Nahiko itogarria da. Baina eskolak ematea asko gustatzen zait.

Beti deskribatzen dituzu ikasleekiko topaketak oso era bizian.

Hartu-eman horrek mantentzen zaitu oso bizirik. Ikasleak oso egarri dira, eta oso azkar edaten dute aipatzen dizkiezun iturrietatik.

Haiengandik ihesi zabiltzala esan nahi duzu?

Ja heldu dira, joan behar naiz! [Barrez] Iristen zara leku batera neke handiz, eta ikusten duzu haiek azkar iristen direla, eta, horregatik, haiek iristen direnerako beste nonbait egon behar dudala sentitzen dut. Pixka bat brometan esaten dut, baina badu errealitate puntu bat. Eta hori positiboa da. Derrigortzen nau denbora guztian gauzak kuestionatzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.