«Gaur egun eztabaida publikoaren erdigunean diren auzi ugari eta larrien artean, beharbada ez da izango borroka feminista baino sakonera eta indar handiagokorik», adierazi dute Literaktum jaialdiaren antolatzaileek. Eta literatura «borroka horren funtsezko motorretako bat» dela iritzita,literaturaren eta feminismoaren arteko loturak jarriko ditu erdigunean aurtengo Literaktumek. Ardatz nagusia feminismoa izango den arren, beste eztabaida batzuei ere egingo die tokia, hala nola poesiaren eta pentsamenduaren arteko loturari, Europaren kultura, hizkuntza eta literatura aniztasunari, eta identitate nozioari buruzko eztabaidari.
Literatura beste diziplina batzuekin eta eztabaidarik gaurkoenekin batera hurbiltzeko asmoz sortu zuten jaialdia, eta datorren astelehenean hasiko da aurtengoa. 50 gonbidatu baino gehiago izango dira Donostian, tartean emakume idazle hauek: Elvira Sastre, Maria Sanchez, Espido Freire, Laura Freixas, Mariasun Landa, Christina Rosenvinge, Paula Bonet, Eider Rodriguez, Kattalin Miner, Lucia Baskaran, Luisa Etxenike, Marta Sanz eta Cristina Morales. Bakoitzak identitateaz, feminismoaz eta arte sorkuntzaz duen ikuspegia azalduko du.
Aurkezpenena izaten da jaialdiko ataletako bat, eta Bernardo Atxagak (Etxeak eta hilobiak), Ibon Martinek (La danza de los tulipanes) eta Karmele Jaiok (Aitaren etxea) beren nobela berriak aurkeztuko dituzte. Adam Zagajewski ere, 2017an Princesa de Asturias saria jaso zuena, Donostian izango da, El fulgor de la poesía gaztelerazko lana aurkezteko.
Urteurrenak gogoan
Protagonismo berezia izango du euskal idazle batek: Ramon Saizarbitoriak. Mende erdia bete da Egunero hasten delako argitaratu zuenetik, eta zenbait jardueraren bidez oroituko dute urteurrena. Batetik, Ibilbide literarioa: Saizarbitoriaren Donostian barna egitasmoa antolatu dute, Inazio Mujikaren gidaritzapean; bestetik, Iratxe Retolazak, Lourdes Oñederrak eta Itxaro Bordak Egunero hasten delako gaur egundik mahai inguruan parte hartuko dute. Halaber, Lur, kultura herriarentzat Lur argitaletxeari buruzko erakusketa ere jarriko dute Ernest Lluch kultur etxean.
Saizarbitoriaz gain, Joxean Artze ere —iaz hil zen— omenduko du Literaktumek, haren poesia eta musika ibilbideak berrikusiz.
Diziplinarteko proposamenei dagokienez, Teatro del Temple eta Tanttaka Teatroaren arteko Abre la puerta eta Harkaitz Cano, Maite Larburu eta Ion Olanoren Bestaldearen bestaldean dira aurtengo proposamenetako batzuk. Book Friday da beste berrikuntzetako bat, liburuzale eta literaturazale izateko grina pizteko egitasmo bat. Beste zenbait jarduera ere izango dira jaialdian parte hartuko duten hamahiru liburu dendetan, baina antolatzaileek aurrerago emango dituzte horiei buruzko xehetasunak.
Literaktum jaialdiak feminismoa jarriko du erdigunean
Azaroaren 11tik 24ra bitarte egingo dute aurten Donostiako literatur jaialdia. Feminismoaz, identitateaz eta arte sorkuntzaz duten ikuspegia azalduko dute bertan hainbat emakume idazlek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu