LITERATURA. Martin Ugalderen jaiotzaren mendeurrena dela-eta Anjel Lertxundik emango duen hitzaldiarekin hasiko da datorren astelehenean Donostiako Literaktum jaialdia: Martin Ugalde: exilioak eta hizkuntzak, ahulenak gogoan. 19:00etan emango du hitzaldia Lertxundik, liburutegi nagusiko San Jeronimo kaleko aretoan, eta, ordu berean, Luis Landero Ernest Lluchen izango da. Hilaren 21era arte egingo dute Literaktum, jaialdiaren asmo nagusiari eutsita: literaturara hurbiltzea, beste hizkuntza eta diziplina batzuekin, eta eztabaida gaurkoenekin batera. Jaialdian hitzaldiak, solasaldiak, ikastaroak, erakusketak, antzerkia eta beste izango dira.
Aurten, literatura eta memoria izango dira gai nagusiak, eta horren inguruan arituko dira David Grossman idazle israeldarra, Leila Slimani marokoarra, Marta Barone eta Paolo Giordano italiarrak, eta Isabela Figueiredo portugaldarra.
Euskal literaturak ere izango du lekua Literaktumen. Lertxundiren hitzaldiaz gain, Eider Rodriguezek eta Kirmen Uribek beren liburu berriak aurkeztuko dituzte; Rodriguezek 16an, eta Uribek 17an.
Liburu aurkezpenez gain, bestelako ekitaldiak ere izango dira Literaktumen. Harkaitz Canok Kandelikara. Buñueli buruzko film baterako apunteak hitzaldia emango du 10ean, zinemagile espainiarraren Belle de Jour Tabakaleran eman aurretik; Aurelia Arkotxa eta Jean Desy idazle quebectarra akulturazioaz, kolonialismoaz eta kultur aniztasunaz arituko dira, hilaren 12an, Tabakaleran; eta Gogoan dut literatura eta musika uztartzen dituen ikuskizuna emango dute Aritz Galarragak eta IbonRg-k 15ean, liburutegi nagusiko sotoan. Gainera, Unisonoa irakurketa kontzertua egingo dute 18an Ixiar Rozasek, Ainara LeGardonek eta Rafael Martinez del Pozok; Euskal literaturaren historia sobrenatural bat ikuskizuna taularatuko du Irati Jimenezek hilaren 19an, Begiak zabalduko zaizkizue bere saiakeran oinarrituta; eta Iragana, oraina, etorkizuna deituriko saioan parte hartuko dute Jonathan Lavillak, Marta Garciak, Belen Altunak, Fernando Migurak, Alba Garmendiak eta Iñigo Martinezek, 18an.
Literaktum astelehenean hasiko da, memoria ardatz
David Grossman, Leila Slimani, Eider Rodriguez eta Anjel Lertxundi izango dira Donostian, besteak beste
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu