Donostiako 72. Musika Hamabostaldia

«Lisztek eta Mahlerrek mundua aldatu nahi zuten»

Bi musikagileen lan berritzaileak eskainiko ditu gaur Budapest Festival Orchestrak, Ivan Fischerrek zuzenduta, KursaaleanDejan Lazic pianista ariko da aurtengo jaialdiko azkeneko kontzertuan

Dejan Lazic pianista eta Ivan Fischer, Budapest Fetival Orchestrako zuzendaria. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2011ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Hamabostaldiko azken notak joko ditu gaur Budapest Festival Orchestrak, Kursaalen eskainiko duen bigarren emanaldian. Atzoko saioan Johannes Brahms eta Antonin Dvoraken lanekin « eskola erromantiko tradizionala» oroitu ondoren, gaurko proposamena «berritzaileagoa» izango dela azaldu du Ivan Fischer taldeko zuzendariak. Haren ustetan, «XIX. mendean egon zen eztabaida handi bat» azaleratzen du egitarauak: egileak tradizionala edo modernoa izatearen artean hautatzera bultzatzen zituena. Joera berritzailea ordezkatzeko, Fischerren hitzetan «mundua aldatu nahi zuten» bi autoreren obrak aukeratu dituzte: Gustav Mahler eta Franz Lisztenak, hain zuzen. Haien heriotzaren urteurrenaren harira, behin eta berriz agertu dira autoreok aurtengo saioetan, eta jaialdiaren amaieran ere protagonismoari eutsi diete.

Kontzertua Liszten Mephisto Waltz lanak zabalduko du: Nicholas Lenauk idatzitako Fausto testu erotikoan oinarrituta dago pieza, eta sentsualtasun handikoa da. Liszt «berritzaile handi bat» izan zen, Fischerren ustez, «Wagner bera baino handiagoa. Eta Wagnerren ondoren, Mahler izan zen berritzaileena». Konpositore austriarraren Blumine izango da, hain zuzen, kontzertuko bigarren lana. Jatorriz, 1. Sinfonia-ren mugimendu bat izan zedin idatzi zuen pieza hori Mahlerrek, baina azken bertsioan kendu egin zuen. Duela urte batzuk berraurkitu zen obra, gehienetan sinfoniatik bereizita interpretatzen dena. «Erabaki zuzena» hartu zuen konpositoreak, Fischerren ustez: «Zati hau ez doa ongi obrarekin, baina bere horretan jota, edertasun handiko pieza da». Horregatik, kontzertuaren amaierarako utziko du orkestrak 1. Sinfonia, eta haren eta Blumine-ren artean, Liszten Pianorako 1. Kontzertua joko du.

Liszten «mosaikoa»

Orkestra hungariarrarekin batera, Dejan Lazic ariko da, Fischerrek ezagutzen dituenetatik «pianistatik sortzaileenetakoa». Budapesteko taldearekin jotzea «egia bihurturiko ametsa» da Lazicentzat, ez soilik «kalitateari begira, baizik eta sentimentalki», musika ikasketak Hungarian egin baitzituen kroaziarrak. Liszt «musikalki ez ezik, politikoki ere bere garaiko gizartea baino pauso bat aurrerago zegoen pertsona» iruditzen zaio; Pianorako 1. Kontzertua, berriz, «mosaiko» bat dela adierazi du, «erabat desberdina» haren beste obrekin alderatuta. «2. Kontzertua, adibidez, askotan berrikusia izan zen, eta aldaketak izan zituen. Lehenengoa, ordea, ez zuen inoiz aldatu, atera bezala bota zuen, eta kito. Kontzertu motza da, baina denboraren nozioa galtzera eramaten zaituena».

Piano erakustaldiaren ondoren, azken eztanda ailegatuko da: Mahlerren 1. Sinfonia-rekin amaituko da Hamabostaldia. 1889an estreinatu zen Budapesten Titan ere esaten dioten sinfonia, eta piezaren garaipenezko amaieran sentimendu positiboak nagusitzen dira. Alaitasunez agurtuko da, beraz, Hamabostaldia, musikaren bidez era guztietako emozioak sorraraziondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.