Literatura. Pasarte hautatua. Jose Saramago

'Lisboako Setioaren Historia'

2012ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Zuzentzaileak esan zuen, Bai, zeinu honen izena deleatur da, zerbait kendu edo desagerrarazi behar dugunean erabiltzen da, hitzak berak adierazten duen bezala, eta letrentzat zein hitz osoentzat balio du, Bere buztanari ausiki egiteko unean damutu den sugea ekartzen dit gogora, Bai jauna, ongi begiratzen bada, biziari oso atxikiak egonik ere, sugeak ere zalantzak edukiko lituzke eternitatearen aurrean, Egidazu marrazkia berriz ere, baina poliki-poliki, Oso erraza da, neurria hartzea baino ez, arretarik gabe begiratzen duenak, eskuak zirkulu beldurgarria osatuko duela uste izango du, baina ez, kontura zaitez ez dudala mugimendua bukatu berau hasi dudan puntu zehatzean, saihetsetik igaro naiz, barru aldetik, eta orain beherantz segituko dut kurbaren azpiko aldea moztu arte, Q letra larriaren antzekoa da, izan ere, besterik ez, A zer pena, marrazki horrek gauza onik iragartzen zuen, Antzekotasunaren ilusioarekin konforma gaitezen, hala ere, bene-benetan esango dizut, eta barkatu profeten antzera mintzo banaiz, biziaren interesa diferentzietan egon ohi da beti, Zerikusirik ba al du horrek zuzenketa tipografikoarekin, Egileak zeru goienetan bizi dira, ez dute euren jakinduria baliotsua txikikeriatan edo eta axolagabekeriatan xahutzen, letra zaurituak, aldatuak, alderantzikatuak, eskuz konposatzen genuenean horrelaxe sailkatzen genituen akatsak, orduan diferentzia eta akatsa, dena zen bat, (...)

NOBELA (HASIERA)

ltultzailea: Jon Alonso.

Jatorrizko hizkuntza: portugesa.

Jatorrizko izenburua: 'História do Cerco de Lisboa'.

Argitalpena: Ibaizabal (Literatura Unibertsala bilduman), 1999.

Azalpena: Jose Saramagok 90 urte beteko zituzkeen herenegun, 1922ko azaroaren 16an jaio baitzen, Portugalgo Azinhaga herrian. Haren omenezko ekitaldiak antolatu dituzte egunotan Lanzaroten (Espainia) eta Lisboan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.