Musika

Lisaboren bigarren «bizkia»

2018. urtean kaleratutako 'Eta edertasunaren lorratzetan biluztu ginen' diskoaren jarraipena plazaratu du Lisabo taldeak: 'Lorategi izoztuan hezur huts bilakatu arte'. Bildumak taldearen «kanta ilunenak» ditu, Karlos Osinaga taldekidearen ustez.

Lisabo taldea
Lisabo taldea. GALDER EIZAGIRRE
urko iridoy alzelai
Irun
2024ko urtarrilaren 13a
05:30
Entzun

Abenduaren 1ean kaleratu zuen Lisabo taldeak bere disko berria. Egutegian gorriz azpimarraturiko eguna da hori euskaldun askorentzat, Mikel Laboa zendu zen eguna baita. Kasualitatea badirudi ere, 2018. urtean egun berean kaleratu zuen Lisabok Eta edertasunaren lorratzetan biluztu ginen bilduma. «Mikel Laboa asko miresten dugu, eta hari omenaldi isilak egitea izan da beti helburua», azaldu du Karlos Osinaga taldeko kideak. Lorategi izoztuan hezur huts bilakatu arte izena du disko berriak, eta zazpi kantaz osatua dago lana.

Disko bakar bat baino gehiago, «bizki» bat dela azaldu du Osinagak: «Aurreko diskoa egiten hasi ginenean, bagenekien noizbait jarraipena edukiko zuela, bi bolumeneko bilduma bat izango zela». Bi lanen arteko harremana argi ikusten da izenburuak bata bestearen ondoan jartzean: Eta edertasunaren lorratzetan biluztu ginen lorategi izoztuan hezur huts bilakatu arte. «Bi diskoak bilduma batean kaleratzea pentsatu genuen, baina oso astuna zen dena batera aurkeztea, gehiegizkoa», esan du Osinagak. Izenburuetan ez ezik, halere, soinuetan ere antzeman daiteke bi diskoek harreman estua dutela elkarren artean. «Aurreko diskoa soinu batekin hasten da, eta disko berria soinu berarekin bukatzen da. Hitzei begira ere, aurreko diskoa Martxel Mariskalen hitzekin bukatzen da, bildumaren izenburua esanez, eta berria berdin hasten da», gehitu du Osinagak.

Lorategi izoztuan hezur huts bilakatu arte lanean entzuleak ez duela sorpresarik aurkituko iragarri du musikariak: «Gure musikak lerro bati jarraitzen dio. Aldaketa txiki batzuk aurkitu daitezke diskoan, baina ezer handirik ez». Taldeak Irungo (Gipuzkoa) bere lokalean sortzen ditu kantak, eta askotan bide berriak probatzen dituztela esan du Osinagak. Baina, hala ere, zerbait gustatzean «zaila da» bertatik ateratzea, eta, halakoetan, bide berriak «atzean» uzten dituzte. «Batzuek diote disko bat bestea baino argiagoa dela, erabat desberdinak direla haien artean, eta horrek ere elkartzen dituela. Baina guk ez dugu hori nahita egin, lehenengoa egitean ez genekien-eta nola egongo ginen hortik urte batzuetara; ez genekien zer musika egingo genuen», azaldu du Osinagak.

Ingurukoen iritziaren garrantzia azpimarratu du musikariak: «Normalki, zure bizitzan inguratzen zaituen pertsona talde bat izaten duzu, eta haien iritzia oso garrantzitsua bilakatzen da. Lan bat bukatzean, ea zer esaten duten jakin nahi duzu». Baina, era berean, arrakasta bilatu gabe grabatutako diskoa dela adierazi du Osinagak. Hain zuzen, hori baino gehiago, abestiekin sentsazioak eta konexioak lortzea lehenetsi du taldeak lan berrian. «Kanta bakoitzarekin konexio fisikoa eta mentala lortu nahi dugu. Kantak zerbait esan behar digu; jakin behar dugu kanta hori dela aukeratu beharrekoa. Momentu ia katartikoak izaten ditugu abestiak jotzen ditugunean, bai lokalean, baita kontzertuetan ere. Askotan ez dakigu zer nahi dugun, baina, aurkitzen dugunean, dudarik gabe badakigu hori dela». Jendearen iritzia ez da obsesio bat musikariarentzat, eta horrek ez ditu itsutzen abestiak sortzerakoan.

Lanaren prozesua «luzea» izan da; «motela», Osinagaren hitzetan: «Gure proiektuak normalki luzeak izaten dira: su geldoan doaz. Milaka duda sortzen dira konposizioan edota grabazioan, eta horrek azkenean lana luzatzen du». Baina bilduma taldekideen gustukoa izan da, eta musikariak askotan esan du «sinestezina» dela amaierako emaitza. Aurreko diskoetatik ez bezala, aitortu du lan berritik ezingo lukeela kanta bakar bat ere baztertu: «Ardi beltzik» gabeko lana da, haren hitzetan. «Emozio ezberdin asko sentitzen dira disko osoa entzutean. Adibidez, nabarmentzekoa da Gauak gure ametsak baino luzeagoak dira kantara sartzeko dagoen aldaketa; haren aurreko kanta gogorragoa da, eta laugarren kanta hau sartzean, lasaitasun momentu bat da; leiho bat irekitzen da», azaldu du Osinagak. Ildo narratibo bati jarraitzen saiatu da taldea disko osoan zehar, betiere hasieran aukeratutako egitura errespetatuz.

Mariskalen «unibertsoa»

Lisaboren kantuetako hitzak Martxel Mariskalen lana izaten dira, baina idazten hasi baino lehen taldeak hausnarketa prozesu bat egin ohi du. «Beti kontzeptu, ideia edo ildo jakin bati jarraitzen diogu diskoko hitzak osatzerakoan», zehaztu du Osinagak. Mariskalen lehen zirriborroek bihurtzen dituzte kantu taldeak doinuetan landutako ideiak. «Martxelen gaitasuna harrigarria da; bi hitzekin irudi oso zabalak sortzen ditu, eta agian, hurrengo biekin, planoa erabat aldatzen du; horrelakoa da haren unibertsoa». Musikariak esan du disko berriko hitzak «agian» Lisabok sortutako «ilunenak» direla, baina «argitasun uneak» ere badaudela abestien barnean. «Martxelen hitzak gureak bezala hartzen ditugu. Askotan nik esan nahi nituen gauzak dira, baina nik ez daukat berak duen sormen gaitasunik. Urteekin sinergia puntu gogorra lortu dugu, eta musikak eta hitzek elkar laguntzen dute».

Diskoaren aurkezpen birako lehenengo kontzertuak dagoeneko eman ditu taldeak. Hurrengo kontzertua bihar bertan izango da, Donostian, Añorgako zineman, The Iiingles taldearekin batera, 21:00etan. Ondoren, Gasteizera bidaiatuko dute, urtarrilaren 18an Gailu taldearekin Jimmy Jazz aretoko oholtzan aritzeko. Aurrez, iragan abenduan, Tolosako Bonberenean (Gipuzkoa), Miarritzeko Atabalen (Lapurdi), Iruñeko Zentral aretoan eta Bilboko Kafe Antzokian aritu ziren zuzenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.