Lilurak zeharkatutako bizitzak

Yurre Ugartek zortzi narrazio bildu ditu 'Lilurabera' liburuan. Emakumeak dira protagonista istorio ia guztietan; sorkuntza ogibide duten pertsona «normalak», idazlearen esanetan

Yurre Ugarte idazlea, Lilurabera lan berria esku artean duela, atzo, Donostiako Udal Liburutegian. GORKA RUBIO / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2020ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Orain dela hiruzpalau urte idatzi zituen Yurre Ugartek Lilurabera liburuko narrazio gehienak. Iazkoa du, ordea, Amnesia anderea izeneko kontakizuna. Bertan ageri da lilura hitza lehen aldiz, pertsonaia baten ahotan. «Hori idatzi nuenean konturatu nintzen hor zegoela ipuin hori gainerakoekin lotzen zuen haria, eta ia guztietan agertzen zen ezaugarri bat zela lilura, kontakizun horietako protagonistak zeharkatzen dituena». Ordura arte liburu proiektu ere ez zena narrazio bilduma bilakatu zitzaion idazleari. Alberdaniarekin plazaratu berri du bere bigarren ipuin liburua dena.

Zortzi narrazio bildu ditu idazleak lan berrian: zazpi fikziozko, eta «bizi-kronika literario musikal» deitu duen azken bat. Eta lilura da, Ugartek berak azaldu bezala, guztiak lotzen dituen ideia. «Liluraberatasunaren kontzeptuak erakarri egiten nau, gizakiok daukagun zaurgarritasunarekin lotzen delako. Asko interesatzen zait hori esploratzea: Zerk liluratzen gaitu? Zerk ez? Eta zergatik? Gizakion zaurgarritasuna dago atzean». Arteari edo sorkuntzari lotutako ogibideak dituzten emakumeak jarri ditu protagonista ia ipuin denetan: argazkilari bat, diseinatzaile ohi bat, kultur kudeatzaile bihurtutako artista bat, kazetari bat, pop-ari buruzko tesia lantzen ari den doktoregai bat... «Lilurak emakumeongan ezaugarri jakin batzuk hartzen ditu, eta, emakume horiek artistak edo sortzaileak direnez, are gehiago. Lilurapean dabiltzan pertsonaiak dira azkenean, edo ibili ziren eta egun ez dabiltza, baina horri buruzko kontakizuna egiten dute».

Idazleak azaldu du narrazioak idazten hasi zenean ez zuela liluraren kontzeptua buruan, pertsonaietako batek eman ziola gakoa. Eta beste pertsonaia baten bidez heldu zela liburua kontzeptu horren bueltan borobiltzera. Orain dela hilabete batzuk idatzi zuen Arintasuna izeneko ipuina, argazkilari bat protagonista duena. «Eta hara non argazkilari honek darabilen esku artean liburu bat, non lilurari buruzko hausnarketa bat agertzen den». Susan Sontagen liburu bat aipatzen du pertsonaia horrek, eta hark liluraz ematen duen definizioa ageri da liburuan —hasierako aipuetan ere jaso du idazleak—. «Orduan ja zirkulua itxi zen; pertsonaiek berek eraman ninduten liluraren inguruko hausnarketara».

Sorkuntzarekin eta, zehatzago, «pop kultura edo kultura popularrarekin» duten harremana da istorioetako pertsonaiak batzen dituen beste ezaugarrietako bat. «Ez dut bereizten kultura jasoaren eta ez-jasoaren artean; gaur egun, dena da kultura popularra. Eta horren barruan artista deitutakoak dira protagonista gehienak. Baina aldarrikapen bat badago liburu honetan: pertsona normalak direla. Okin batek, abokatu batek, aseguru saltzaile batek edo irakasle batek dauzkan bizitzeko zailtasun eta erraztasun guztiekin». Gizarte kapitalistatik eratorritako «kontraste bat» aipatu du Ugartek: ia artista guztiak bizi dira prekaritatean, eta, aldi berean, haiek eginiko «produktuek» lilura sortzen dute. Edonola ere, beren bizitza arruntetan dituzten zailtasunak kontatzea interesatu zaio. «Fikzioaren bidez esploratu egiten dudan zerbait da hori: ez dut esplikatzen».

Halaber, memoria da narrazioetako beste gako nagusietako bat. Ez alferrik, Amnesia Anderea eta Lady Amnesy dira ipuinetako biren izenburuak. Uneren batean, pertsonaia guztiek begiratzen dute atzera, dauden egoerara zerk eraman zituen edo «behinola zeren lilurapean zeuden» kontatzeko. Eta azken atalean, idazlea bera izan da nolabait memoria ariketa hori egin duena. «Nik egiten dut atzerako begirada, nire memoriaren bidez, eta 80ko hamarkadako urte batzuetan ni liluratu ninduten erreferentzia literario eta musikalen berri ematen dut. Uste dut horrek borobiltzen duela bilduma apur bat».

Eszena arruntak, «magiaz»

Jorge Gimenez Bech Alberdaniako editoreak gogora ekarri du Ugarte ez dela «ezpal bakar bateko idazlea» izan, eta hainbat bide ibili izan dituela idazketan. Ikus-entzunezko lanen zuzendari, gidoilari eta ekoizle jardun du; antzerkirako bi lan idatzi ditu; haur eta gazte literaturan ere plazaratu du alerik; eta komikigintza ere landu du —Joana Maiz (Harriet, 2019) zuen orain arte lanik berriena, Joseba Larretxe Josevisky marrazkilariarekin batera ondutako eleberri grafikoa—. Narraziogintzan, Gasolindegian (Alberdania, 2010) bilduma plazaratua zuen.

Ugarteren idazkeraren ezaugarrien artetik, «zorroztasun narratiboa» nabarmendu du editoreak: «Idazleak eskura dituen lanabesak aukeratzean hartzen diren erabakiek baldintzatu egiten dute idazkera. Horretan oso zorrotza da, aukeratzen dituen baliabideen araberako eraikuntza literarioa egitean. Zorrotz heltzen dio bere buruari ezarri dion estrategiari». Horrekin batera, ikus-entzunezkoen arloko jardunak ekarri dion eskarmentuagatik ziurrenik, «pertsonaiak perfilatzen eta agertokian mugiarazten maisua» dela goraipatu dio editoreak, baita elkarrizketak eraikitzen ere. Giroak, garaiak eta haien ingurumariak azaltzeko «abilezia berezia» ere aitortu dio. «Gehienetan ez ditu gertaera harrigarriak aukeratzen; egunerokotasunarekin lotura handia duten giro, eszena eta pertsonak izan ohi dira. Baina magia berezia du horiek tratatzeko, gauza arruntetatik alderdi ez hain arruntak ateratzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.