Liher 'versus' Liher

'Versus' maxi singlea merkaturatu du Liher taldeak. Urte hasieran kaleratutako 'Eramaten' eta irailean aurkeztutako 'Hortzak' singleak batzen ditu zazpi hazbeteko biniloak, eta bi estilotako kantak.

LIHER TALDEA
LIHER
urko iridoy alzelai
2024ko urtarrilaren 2a
05:05
Entzun

2024. urterako etenaldi luze bat iragarri zuen Liher taldeak irailean, eta, aldi berean, Hortzak kanta kaleratu zuen. Otsailean, berriz, Eramaten singlea aurkeztu zuen. Aurtengo bi kanta horiek bilduta, binilo bat kaleratu du musika taldeak, zazpi hazbetekoa: Versus. Azaroaren 25ean amaitu zuen Liherrek Eta hutsa zen helmuga diskoaren bira, Sua taldearekin Azpeitian (Gipuzkoa) emandako kontzertuan. Irailean iragarri zuten moduan, etenaldiaren aurretik hiru kontzertu egingo dituzte Euskal Herritik zehar.

Bi kanta, bi estilo, horrela irudikatu du taldeak Versus. «Eramaten kantua kasualitatez sortu zen. Gure gitarra jotzaileak duela urtebete baino gehiago pista instrumentala sortu zuen, eta taldekideei asko gustatu zitzaigun», azaldu du Lide Hernando taldeko abeslariak. Erritmo geldoagoak antzematen dira balada horretan, Liherren estilotik apur bat urrunduak. Hernandok esan du errua dela hitzen oinarria: «Hausnarketa prozesu baten ondoren, erruari buruz idazteko gogoa nuen. Gure gizartean aski hedatuta dagoen ideia bat da gehiegizko erruduntasuna, eta horren kudeaketa irudikatu nahi izan nuen abestian». Horrez gain, adierazi du uraren metafora erabili duela taldeak kantuan, ahaztu beharrekoa eta gogoratu beharrekoa irudikatzeko.

Eramaten-en erritmo geldiak atzean utzita, Hortzak izan da taldeak argitaratutako azken singlea, eta zorrotz mantendu dute Liherren estiloa. Sua taldeko Ane Barrenetxearekin kolaborazioan egin dute kanta. «Suarekin zuzenekoren bat egiteko gogoa genuen, eta, kanta bukatu ondoren, Anerekin kolaborazioa egiteko aukera sortu zen», esan du Hernandok. Kantua lehenagotik egin zutela adierazi du abeslariak, eta irailean hura kaleratzeko gogoa ase nahi izan zutela. Hard-rocka eta punka uztartu ditu taldeak Hortzak singlean.

«Sua taldearekin zuzenekoren bat egiteko gogoa genuen, eta, kanta bukatu ondoren, Anerekin kolaborazioa egiteko aukera sortu zen». LIDE HERNANDOLiher taldeko abeslaria

Versus maxisingleak, izenak dioen moduan, aurrez aurre jartzen ditu aurtengo bi singleak, estilo ezberdinetako lanak dira eta. «Kontrakotasuna adierazten zuen izen bat aurkitu nahi genuen, eta hasieratik eduki genuen argi versus erabili nahi genuela», esan du abeslariak. Binilo formatuan lortu daiteke fisikoki. «Durangoko Azokan Versus biniloa bere neurrian saldu da, badakigu-eta jendeak oraindik baduela diskoak erosteko ohitura. Baina gure entzule ohikoenak bertan ikusteko aukera izan genuen, eta batzuek ia bildumagile moduan eraman zuten etxera Versus», azaldu du Hernandok.

Etenaldia

Irailean iragarri zuen taldeak etenaldia. Ez dute zehaztu noiz arte iraungo duen geldiuneak, baina Hernandok esan du gero arte bat dela: «Ez dakigu noiz itzuliko garen. Arnasaldi bat hartu behar genuen, eta noiz bueltatuko garen jakin gabe. Normalki etenaldiak egitean data bat jartzen da, baina, horrela, denbora guztian data horretan pentsatzen ibiltzen zara. Horregatik, lasaitasuna behar dugu, eta, horretarako, beharrezkoa da data ez finkatzea». Kontzertuz beteriko udazkena eduki du taldeak, bai Euskal Herrian bai kanpoan. «Azkeneko bira hau askorentzat agur modukoa izan da. 2024ko kontzertuetara bildu ezin diren batzuk etorri zaizkigu, agur esan eta eskerrak emanez, haien azken kontzertua baitzen», esan du Hernandok. «Pena» sentitu du azkeneko kontzertu horietan, etenaldia buruan izan baitu oholtza gainean zegoenean, baina, hala ere, bira «oso polita» izan dela azaldu du.

Hiru kontzertu gelditzen dira oraindik Liherren agendan, «gero arte» esateko hiru kontzertu. Azken kontzertuak lau dira, baina jada lehenengoa Hatortxu Rock jaialdian eman zuten, abenduaren 16an. Hurrengo kontzertuak urtarrilean, otsailean eta martxoan izango dira, hilean bana. Urtarrilaren 26an emango dute 2024ko lehen kontzertua, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan; otsailaren 15ean, Bilbon egongo dira, Kafe Antzokian; eta azkena, berriz, Donostian izango da, Intxaurrondo kultur etxean, martxoaren 2an. Kontzertuetan taldearen ibilbideko abesti asko joko dituzte, eta iraupen aldetik ere aldaketak egongo dira: «Kontzertu luzeak izango dira, eta gure abesti mitikoenak entzuteko aukera paregabea izango da». Gogo handia erakutsi du hurrengo kontzertuei begira, baina bereziena Donostiakoa izango dela esan du, taldea bertakoa baita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.