Geldialdia iragarri du Liher musika taldeak; «hibernazioa». Donostiako laukoteak 2021eko udazkenean plazaratu zuen azken lan luzea– Eta hutsa zen helmuga–, eta, orain, jakinarazi du «etenaldi luze bat» eginen duela diskoaren aurkezpen bira bukatutakoan. Aurretik, baina, «gero arte» esateko zenbait kontzertu iragarri dituzte 2024. urtearen hasierarako: martxoaren 2an izanen da azkena, Donostian.
Taldeak ez du zehaztu etena noiz artekoa izanen den, baina iradoki dute biraren ondoko agurra «beste batzuetakoa baino garrantzitsua» izanen dela. «Ez goaz betirako; baina noiz arte ere, ez dakigu oso ondo». Izan ere, kideek nabarmendu dutenez, atseden premian dira, zortzi urtez «jo eta fuego» aritu ondotik.
Etena. Pause. Hibernazioa.
— Liher (@Liherband) September 19, 2023
A-TSE-DE-NA.
Iritsi da 'Eta hutsa zen helmuga' agurtzeko unea. Ez goaz betirako; baina noiz arte ere, ez dakigu oso ondo. Zortzi urtez egon gara jo eta fuego gure bidea eraikitzen, eta oraingoan, agurra beste batzuetakoa baino
1/2 🧵 pic.twitter.com/Pp1S0qY75Q
Edonola ere, Liherrek kontzertu mordoa du aurreikusia udazken honetarako. Zehazki, hamar emanaldi eginen ditu abendura bitarte; horietako zenbait, atzerrian. Ondotik, dagoeneko 2024an eginen ditu berriki iragarritako agur kontzertuak. Urtarrilaren 26an Gasteizen ariko da, Jimmy Jazzen; otsailaren 25ean, Bilboko Kafe Antzokian, eta martxoaren 2an, berriz, Donostian. Azken horri dagokionez, oraindik zehazteko dago zer aretotan joko duten.