Kritika-Antzerkia

Lide desagertu da

Agus Perez.
2025eko martxoaren 19a
04:20
Entzun 00:00:0000:00:00

'REDNUDES'

Konpainia: Pikor Teatro. Proiektuaren koordinazioa: Miguel Olmeda. Egilea eta dramaturgia: Xus de la Cruz. Euskaratzea: Julia Marin. Zuzendaria: Mikel Gomez de Segura. Zuzendari laguntzailea: Iraitz Lizarraga. Eszenografia: Sisu kolektiboa. Soinu espazioa: Marc Cano. Argiak: Javi Ulla. Jantziak: Carmen di Bella. Antzezleak: Nagore Andres, Ander Chamorro, Josu Iriarte, Nerea Lizarralde. Lekua: Donostiako Intxaurrondo kulturgunea. Eguna: Martxoak 17.

Pikor Teatro konpainiak nerabe eta gazteengan pentsatutako antzerkian jarduten du aspalditik, haien interesekoak diren gaiak jorratuz, eta dFeria honetan RedNUDES izeneko lana aurkeztu dute. Euskaratzea Julia Marinena zela jakitean ez dut dudarik egin, eta Donostiako parajeak esploratuz joan gara dBusean emanaldira, arratsaldeko gaztelerazko programazioa bazter utzita. Gure sorpresarako, aulki gehienak bete dira, eta horrek adierazi digu euskarazko antzerkiak egunotan pizten duen interesa.

Gazte jendearen gaietan sartuta, irudi pribatuak sare sozialetan besteen kontura hedatzea izan da oraingo lanaren gai zentrala. Hasierako minutuetan antzezlanaren dramaturgiaren eztandak harrapatu gaitu, lau gazteek korrika zihoazela skaterako arranpetan gora eta behera, iluntasunean, linternak eskuetan eta txakurren zaunkek inguratuta. Hasiera ona eta kementsua, zinez, bai adin horietako ikusleak bai helduak ekintza bizian harrapatzeko modukoa.

Hasiera horren ostean jakin dugu lauren laguna den Lide asteburutik dagoela desagertuta, eta gazteok haren egunkari pertsonala irakurriz saiatuko dira gertatutakoa argitzen. Irakurketak, ordea, kolokan jarriko ditu harekin asteburuan egon direnen portaerak, eta horren kontura hartuko du argumentuak benetako dentsitatea, bidegurutze horretan azalduko direlako mutilen eta nesken jarrera ustez normalak, baina normaltasun horren azpian toxizitate handia gordetzen dutenak.

Ikusten denez, kontu ezin aproposagoak dira adin horietako ikusleekin lantzeko eta antzerkia beren interesekoa izan daitekeela erakusteko.

Zalantzarik gabe, erronka handia eduki du Marinek, euskarari duintasuna eta jariotasuna emateko eta, aldi berean, edozein artifizialtasunetik ihes egiteko, horretarako erdarazko forma batzuk –gutxi batzuk– erabilita ere. Lau antzezleak, aldiz, naturaltasun osoz jardun dira, ahoskera garbi-garbia lagun, ahotsaren proiekzio onarekin eta hitz egitean azken herriko, auzoko, kaleko, etxeko, sukaldeko txokokeria oro alboratuta. Eskertzeko modukoa, benetan.

Dramaturgia eta elementu eszenikoak ere elkarren lagun izan dira, hasierako skate plataforma bakoitza bitan banatu dutelako, eta egurrezko lau kuborekin edozein gauza irudikatzeko baliatu baitira, guztiaren itxura eta disposizioa askotan aldatuta eta dinamismo handia lortuz egoeren garapenean. Emanaldi txukuna, beraz, guztiz aproposa ikasleekin gai korapilatsu horiek tratatzeko, eta are gehiago proposamena AISE kolektiboko material didaktikoekin baitator.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.