Gustukoa dute askok beldurra. Sortzen dituzten emozioek eta adrenalinak jendea harrapatzeko ahalmena dute, bai pantaila batetik, baina baita liburu bateko istorioen bitartez ere. Adar asko ditu beldurrak literaturan, eta haietako bat da genero gotikoa. «Euskaraz ez genuen literatura gotikoko bildumarik, eta hori aldatu egin dugu», azaldu du Aitor Arana idazle eta itzultzaileak. Erroteta argitaletxearen eskutik, Liburutegi Gotikoa bilduma kaleratzen hasi dira aurten, genero horretako eleberri klasikoak euskaratuz. Gazteak literaturara hurbiltzeko helburuarekin egindako bilduma bat da, eta lehen lau liburuak aurkeztu dituzte.
Udaberrian eman zioten hasiera bildumari, eta, lehenengo bi liburuek —Frankestein-ek eta Ipuin ankerrak-ek— lortutako «arrakasta» ikusiz, beste bi kaleratzeko erabakia hartu dute. Arana: «Gure asmoa hamar zenbakietara iristea da, baina nik uste dut dena ondo joaten bada hogei izango ditugula». Genero oparoa da itzultzailearen ustez, eta, horregatik, erraza da beste hainbat eleberri klasiko aurkitzea. «Liburuak gazteentzako bideratu ditugu. Testu arinak, errazak eta laburrak dira. Frankestein-ek, adibidez, 280 orri ditu, eta guk 110era laburtzea lortu dugu». Laburpenak «duinak» dira itzultzailearen ustez, liburu bakoitzaren haria eta estruktura errespetatzen baitituzte.
Frankestein genero gotikoko libururik famatuenetariko bat izan arren, beste begi batzuekin ikusten du Aranak: «Askotan pentsatzen dut gotikoa baino gehiago maitasunezko istorio bat dela Frankestein-ena. Munstroa ez zen munstro bat, gizakiak bihurtu zuen halako, itsusia zelako». Mary Shelleyk idatzi zuen eleberria, 1818an, eta lehenago euskaratua izan den arren, istorioa laburtuta eskaintzen du Liburutegi Gotikoak. «Gaztelaniatik itzuli ditugu bildumako liburuak, betiere ingelesezkoak lagungarriak izan ditugun arren». Ipuin ankerrak Villiers de L'Isle-Adamen eleberria da. «Heriotzaren inguruko arlo guztiak ukitu zituen Villiersek; horregatik, oso aproposa da bilduma honetan egoteko».
Banpiroen istorioak
Bildumako hirugarren zenbakiak garrantzi handia du Aranaren ustez. Joseph Sheridan Le Fanuk idatzitako Karmilla da bilduman sartutako azken-aurreko eleberria. «Le Fanuk emakumezko banpiro baten istorioa sortu zuen Karmillan. Bram Stokerrek Drakula idatzi zuenean, Karmilla argitaratuta zegoen, eta badakigu harentzat inspirazio iturri handia izan zela». Itzultzaileak aurreratu du Drakula bilduma gotikoaren parte izango dela beste hainbat liburu berrirekin batera.
Katakunba berria eta beste ipuin batzuk da bildumako laugarren zenbakia. «Arthur Conan Doyleren liburua da. Bitxia da askorentzat; Conan Doyle Sherlock Holmesen liburuengatik egin zen famatu eta, baina eleberri gotikoetan ibilbidea egin zuen, eta kalitate handiko lanak ditu», esan du Aranak.
Aranak esan du genero gotikoa 1763. urtean hasi zela : «Otrantoko gaztelua eleberriarekin hasi zen generoa. Batzuek diote oraindik gaur egun bizirik dagoela, eta beste batzuek, XX. mendeko lehen laurdenean amaitu zela». Horace Walpole izan zen genero gotikoa estreinatu zuen idazlea. Walpoleren liburuan, Otrantoko (Italia) gazteluko familiaren gertakariak kontatzen dira, haien gaztelua maldizio baten menpe dago eta. Genero gotikoa deskribatzerakoan, «gazteluak, ekaitzak, iluntasuna edota mamuak» aipatu ditu itzultzaileak. «Garai hartan ez ziren zonbiak existitzen, baina hildakoen figura erabiltzen zen. Orain, berriz, zientzia fikzioarekin asko lotzen da gotikoa».