Liburuen orriek gotortutako bizitza

Xabier Egaña artistak 'Liburuak' erakusketa inauguratu du Donostiako Santa Maria elizan. Liburuak ditu lanerako oinarrizko elementu, eta literaturaren garrantzia hartu du ardatz. Arte sakratua eta 'art brut'-a landu ditu bere obretan

Xabier Egaña artistak erakusketa inauguratu du Donostiako Santa Maria basilikan. Irudian Euskararen eguna obraren alboan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Maider Galardi
Donostia
2018ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Erretako liburuak, iltzatutako orriak, sastakatutako hitzak, zapaldutako idazkiak... gordin adierazi du Xabier Egaña artistak (Areeta, Bizkaia, 1943) liburuek badutela zer kontatua. Indartsu sartzen dira haren lanak begietara, eta hori du helburu artistak berak ere: bere lanek barneak astin ditzatela. Bidelagun izan ditu liburuak gaztetatik, eta uste du gaur egun badagoela haiekiko mespretxu bat. Batetik, bazterketa hori zein gogorra iruditzen zaion adierazi nahi du. Bestetik, ordea, azaldu du liburuek «bizitza» eman diotela, eta, hortaz, testuek beraiek duten bizitza propioa argitara eman nahi izan du. 11 lanez osatutako serie bat inauguratu berri du Donostiako Santa Maria basilikan, eta gurutze bat ere egin du ohikoa duen art brutestiloarekin. Soiltasunez egin du lan, baina inpaktua eragitea lortu du Liburuak erakusketarekin.

Liburuei omenaldia egin nahi izan die, beraz, Egañak: «Hizkuntza plastikoaren bitartez adierazi nahi izan dut liburuekin daukadan sentsazioa». Izan ere, haren ustez «bizitzaren transmisore» da literatura. Horretarako, bere etxeko liburutegiko hainbat pieza hartu ditu, eta «manipulatu» egin ditu, «bizitza berri bat» emateko. Betoian busti ditu batzuk, txarrantxaz inguratu beste batzuk, eta hesola batekin iltzatu beste batzuk. Material berrerabilia erabili du, beraz, Egañak, horiei ere bizitza berri bat emateko asmoz. «Bizitza baten hondarra dira elementu horiek, eta nik desegin egin ditut, berriz ere zerbait eraikitzeko».

Horren ondorioz, arte poveraren joera ere bere egin du Egañak, obrak material berrerabilgarriarekin egin baititu. Guztira, 25 bat liburu moldatu ditu, baina oraingoan 11 ditu erakusgai. Espazioa ongi kudeatzea egokiagoa iritzi diote berak eta Edorta Kortadi arte komisarioak. «Ezin da artea ikusi ogitarteko bat jango bazenu bezala». Iruditzen zaio azkarregi kontsumitzen dela gaur egun kultura, eta hori ere adierazi nahi izan du bere lanen bitartez: «Kulturarekiko oldarkeria gailentzen ari da, eta liburuekiko bazterkeria dago».

Aitzitik, uste du liburuek kontatzeko gauza asko dutela, eta horregatik hainbat gai hartu ditu oinarrian lanak egiteko. Esaterako, Begiratzen dugu, baina ez dugu ezer ikusten lanean liburu bat iltzatu du eserleku batean: «Zentzua kendu dio aulkiari. Orain ez du esertzeko balio». Zentzugabekeria hori metafora da, finean: «Aulki elektrikoa oraindik ere legezkoa izatearen kontraesan hori ekarri nahi nuen erakusketara». Badu beste obra kuttun bat ere: Euskararen eguna. Lan horren bidez, omenaldia egin nahi izan dio euskarari. Espainiako banderaren kolorezko postako lokarri zahar batez bildu du euskarazko liburu bat, salatzeko oraindik ere euskara zapalduta dagoela. «Ez dut inor iraindu nahi, baina iruditzen zait norbaitek azaldu behar zuela egoera hori badagoela oraindik ere».

Edonola, azaldu du espresiobide gordina badu ere, erakutsi nahi duela badagoela argiarentzako tartea: «Drama nabarmena da lanetan, baina une horietan ere bilatu daiteke argia».

Erakusgai jarri duen Grünewalden gurutzea ere iluna bezain argitsua da. Forma bortitzak ditu, baina lortu du arte sakratuak berezkoa duen argi hori ere ikusaraztea. Juan Aiesta pintoreak egin du erakusketako bigarren gurutzea; agerikoa da Egañaren eragina.

Arte sakratua, garaikide

Hain justu, Egañak urte luzez egin du lana arte kristauari ekarpena egiten. Besteak beste, Arantzazuko santutegiko Ama Birjinaren Kamarineko horma irudien sortzailea da. Garai hartan bazterrak harrotu zituzten hark egindako marrazkiek, biluzik zeuden pertsonaiak azaltzen zirelako. Azkenean, ordea, lortu zuen pinturak arazorik gabe bukatzea. Puerto Ricoko eliza batean ere izan zuen halako ika-mika bat, baina artistak adierazi du ez duela inor iraintzeko asmoz egiten lan. Bestalde, Alemaniako Muhleneneko eliza batean egin zuen lan.

Berriki, Andatxako (Araba) San Migel elizan ari da horma irudiak egiten. «Arte sakratua ere izan daiteke garaikidea», esan du Kortadik. Egañaren erakusketak lortu du bereizketa hori haustea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.