Liburuen bigarren bizitza

Arantzazuko santutegian gordetako 107 inkunable digitalizatu eta 1495ean argitaratutako bat berritu duteAle hori ikusgai izango da 'Liburua, arimaren ispilu' programaren barruan

San Agustinen 1495eko inkunable berritua aurkeztu dute Arantzazuko santutegian. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Ane Urrutikoetxea.
Oñati
2014ko apirilaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Arantzazuko santutegiak balio handiko liburuak gordetzen ditu, urte luzez denboraren eta gizartearen aldaketen ondorioetatik ihes egitea lortu dutenak. Horien artean inkunable bilduma zabala daukate, guztira 107 ale. Euskal Herriko inkunableen ia erdiak daude bilduma horretan. XV. mendean inprimatutako liburuei deitzen zaie inkunable, inprenta asmatutako mendean argitaratu zirelako. Garai hartan oraindik inprimatzeko teknika eta tresneria erabat garatu gabe zeuden, eta sortutako liburuak eskulangileek eginak ziren, bakoitza bere ikurrarekin argitaratua. Arantzazun gordetako inkunableek, beraz, sei mende iraun dute, eta orain, aro digitalarekin, bigarren bizitza hasiko dute.

Arantzazuko santutegiak, Arantzazuko Adiskideak elkarteak eta Arantzazu Gaur fundazioak martxan jarri dute Liburua, arimaren ispilu ekintza programa, liburu horiek gizartearen eskuetara hurbiltzeko helburuarekin. Hala, inkunableen 106 ale digitalizatu dituzte, eta eskuragarri izango dira Donostiako Koldo Mitxelena kulturguneko liburutegiaren webgunean. Azken inkunablea, berriz, oso egoera txarrean aurkitu zuten, eta digitalizatu aurretik zaharberritze prozesu luze eta konplexua igaro du. 1495. urtekoa da, San Agustinen testuak biltzen dituen mila orrialdeko liburua, eta Henar Pesok orriz orri berritu du. Frantziskotarren ordezkari Iñaki Beristainen esanetan, beste liburu bat ematen du orain: «Gezurra dirudi Pesoren eskuetan utzi genuen liburua eta berak bueltatu diguna bera izatea. Liburu berri bat ematen du, eta orain bai, digitalizatua izateko prest dago». Beristainen arabera, Arantzazuko liburuzainen kezka nagusia bertan urte luzez gordetako liburuak iluntasunetik ateratzea da. «Ehun milatik gora ale ditugu gordeta gure liburutegian. Digitalizaioari esker, material hori sozializatu nahi dugu, liburuak jendearen eskuetan utzi». Hala, inkunableekin egin duten prozesu bera errepikatu nahi dute etorkizunean XVI. mendeko liburuekin. «Arantzazuko liburuak benetako altxorra dira, baina zaharkituta daude, eta horiek berriztatu eta edukia publikoa izan dadin lan egingo dugu».

San Agustinen inkunablea egoera bereziki kaxkarrean aurkitu zuen Pesok, eta hiru hilabete eman ditu liburua berritzen, ohikoa dena baino gehiago: «Lan gogorra eta luzea izan da liburu hau berritzea. Bi arazo nagusirekin egin dut topo: alde batetik, liburuaren azala ez zela jatorrizkoa, eta, bestetik, bizkarrean jarritako kola gehiegizkoa eta oso gogorra zela». Arazo horiekin batera, inkunablearen orrietako ertzak ia suntsituta eta pergaminoa onddoek janda zeuden, Pesoren esanetan. «Ez da lanean izan dudan hondamen handiena, baina erronka gogorra izan da». Hala, orri guztiak banan-banan garbitu, desinfektatu eta berriro kolatu ditu. «Jatorrizko azala, ziurrenik, larruzkoa izango zen, baina ez dago hori jakiteko modurik. Dena den, ez diot azal berririk jarri. Uste dut orain arte izan duenak baduela balioa, 200 urte dituelako». Azal horren jatorrizko liburua zein den ere ez dute argitu, eta, beraz, inkunablea aurkitu zuten moduan berritu dute, pergaminozko azala eta guzti.

Beste 500 urteko bizia

Inkunablea berritzen eman dituen hiru hilabeteetan, Pesok zailtasunak izan ditu zulatu eta suntsitutako pergamino zatiak berreraikitzen. «Pergaminoa oso eskasa zen, eta prozesu geldoa izan da orri bakoitza garbitu eta paper zatiak txertatzen joatea». Gehienetan tisu papera erabili du orriak osatzeko, eta garbiketa berriz ura eta alkohola nahastuz. «Zorionez, inkunableetan erabilitako tinta olioarekin nahasten zuten, eta hala, ez dago urarekin desagertzeko arriskurik. Aldiz, azalean inprimatutako hitzak ikatzarekin egin zituzten, eta, beraz, horiek garbitzeko kontu handiz ibili behar izan dut». Ikusgai egon ondoren, inkunablea kaxa berezi batean gordeko dute. «Orain, beste 500 urte bizitzeko prest dago liburua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.