Liburuaren bi aldeen topagune

Abian da Bilbon Gutun Zuria literatura jaialdia, eta hamaika idazle izango ditu hizlari gisa hilaren 21era bitarte

Atwood, Mangel eta Abad idazleak, Gutun Zuria jaialdiaren antolatzaileekin, atzo. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2013ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Bi alde baditu liburuak: idazlearena da bata, eta irakurlearena bestea. Eta badu eten horri buruzko esaldi eder bat Jorge Luis Borges idazleak: «Idazleak ahal duena idazten du; irakurleak, nahi duena irakurri». Bi mutur horien arteko zubi lana egitea da Gutun Zuria Bilboko Letren Nazioarteko VI. Jaialdiaren asmoa. Izan ere, hori izango da aurtengo edizioaren gaia: irakurle izatetik idazle izatera dagoen tarte hori. Margaret Atwood idazleak abiatu zituen atzo jardunaldiak, eta lehen mailako sortzaile asko arituko dira hizketan hurrengo egunetan Alondegian. Bertan izango dira, besteak beste, Alberto Manguel, Antonio Lobo Antunes, Hector Abad, Margo Glantz, Harkaitz Cano, Iban Zaldua eta Eider Rodriguez.

Elkarrizketa bana izango du idazle bakoitzak, eta saioen ondoren haiekin hitz egiteko aukera izango dute irakurleek. Antolatzaileek ardoa ere eskainiko diete bertaratzen direnei, eta antzekoa izango da formatua saio guztietan. Galdera bat izango da guztien ardatza: Nola eta zergatik igaro ziren irakurle izatetik idazle izatera? Eta idazleak hizlari.

Hamasei urterekin hartu zuen erabakia Atwoodek, esaterako, eta, atzo azaldutakoaren arabera, ez zitzaien erabakia askorik gustatu senideei. Zientzialariak zituen aita eta anaia, eta zientzialari nahi zuten hura ere. Biologoa. Baina idazle izatea hautatu hark. Zientzia du literaturaren funtsa non den azaltzeko oinarri gisa, halere. «Gene komun bat badugu txoriekin: FoxP2 genea. Hori kaltetuta suertatuz gero, kaltetuta geratzen da hizketarako gaitasuna ere. Eta txoriek ere badute gene hori. Horri esker abes ditzakete melodiak».

Alberto Manguel idazlea izango da bihar hizketan, eta irakurlearen boterea izango du hizpide bere solasaldian. «Hura da klasikoa zer izango den ezartzen duena». Etzi, berriz, Hector Abad kolonbiarra izango da hizketan, eta, aurreratu duenez, etxekoei entzundako kontuak izango ditu mintzagai elkarrizketan. «Horiek dira nire lehen irakurketak. Oso garrantzitsua da zure familiaren iragana eta zure herriaren iragana kontatze hori».

Zinema eta musika

Iban Zalduak eta Eider Rodriguezek elkarrizketa bana eskainiko dute igandean, eta etena izango da gero, hurrengo ostegunera arte. Margo Glantz izango da gero, hilaren 18an, Harkaitz Cano 19an, John Banville 20an, eta Antonio Lobo Antunes 21ean.

Elkarrizketez bestelako ekitaldiak ere izango dira. Oskar Alegriak Emak Bakia Baita filma aurkeztuko du hilaren 19an, eta Maialen Lujanbio eta Xabier Erkiziak Txori mugariak ikuskizuna eskainiko dute 20an. Gainera, jaialdian izango diren idazleen sinadurak lortzeko aukera ere izango da asteburuetan.

Egitarau osoa ikusieta sarrerak erosi ahal izateko, bisitatu webgune hau:

www.alhondigabilbao.com
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.